Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Ahozko oroimenaren gotorlekua

2021eko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Noizbehinka, etxean, aitonaren semebitxi hartaz gogoratzen gara. Colá zuen izena. Mende erdia pasatu da haren berri ez duenetik; honezkero ziurrenik zendu egin dela uste du aitonak: «Auskalo, harekin harremana zeukaten guztiak bizitzera urrunera joan edo hil egin dira».

Gure Cacereseko herrian hiru ijito-familia zeuden gerraostean eta Colá horietako baten semea zen. Beste ijito ugari ez bezala, bere familia ez zen erlijiosoa, eta, beraz, seme-alaba bat ere ez zegoen bataiatuta. Halabeharrez, baina, diktadura faxistak ematen zituen diru laguntzak jasotzeko, seme-alabak bataioaren bidez erregistratu behar ziren. Hortaz, Coláren aitak lagunei eskatu zien seme-alaben aita pontekoak izateko mesedea. Eta horiek horrela, udazkeneko egun eguzkitsu batean, arratsaldeko ordu bata aldera, ogaxo-talde bat —alegia, ez-ijitoen taldea— elkarrekin ehizatik itzuli eta, arropa aldatu gabe ere, elizako atarira hurbildu zen rol sinboliko hura betetzera. Bost urteko Colá semerik gazteena zen, eta goiza apaizarengandik ihesean jolasten eman zuen —eta apaiz zorrotzaren pazientzia apurra agortzen—, aitona eta haren lagunak hurbiltzen ikusi zituen arte.

Historikoki, boterearen presioaren eraginez baino ez dute ijitoek beren burua erregistratu Estatuko instituzioetan. Presiorik ankerrenez gehienetan, mendeetan zehar jasan dituzten jazarpenek, sarekadek eta heriotza-zigorrek erakutsi duten bezala. Aurreko gertaera historia luze horren lekukotza txiki bat da, familia baten kontu zaharren artean ezkutatuta iraun duena.

Gaur egun, herriko hiru ijito-familiak desagertu dira; emigratu egin dute, gainerako ia bizilagun guztiek bezala. Beren presentziaz ez dago ezer idatzirik gure herrian, eta horren moduko ahozko pasadizoen bidez baino ez diote ahanzturari aurre egiten komunitate hartan utzitako aztarnek eta harremanek, jendeak noizbehinka kontatzeari utzi arte. Ahozkoan gotortuz idazkietan jarri nahi izan ez zutena.

«Behin, Gasteizera bizitzera etorri ondoren, Coláren gurasoak bisitan etorri zitzaizkidan», dio aitonak. «Errioxan lanean zebiltzan eta diru apur bat eskatu nahi zidaten. Banekien beharra zutela eta betidanik lagunak ginen; beraz, 5.000 pezeta utzi nizkien, oraindik bueltan ikusi beharrekoak», dio, irribarrez. 1966. urtea zen. «Colá urte horretan ikusi nuen azkenekoz. Gure herriko plazan topatu nuen, musika jotzen. 'Aitabitxi! Ezkondu egin naiz!', oihuka esan zidan, poz-pozik. Eta nik erantzun: 'Oso ondo! Hire ezkon-oparia heure aitari eman nioan; harekin elkartzen haizenean, esaiok hiri emateko!'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.