Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Urrutiko intxaurrak

2021eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Zerumugatik ez oso urrun, sartaldean, Marte planetak bere argi gorria eskaintzen digu gauaren lehen orduetan. Zornotzako auzune bateko baserrian nengoen azkenengoz ikusi nuenean, duela egun batzuk; atarira irten eta muino artean ikus zitekeen astrorik distiratsuena zen. Hari begira, pentsakor geratu nintzen une batez.

Txikitan, Marte kolonizatzeko irrikan nengoela esatea motz geratzea da. Behintzat, hango inguruneak bizitzari kalte egiteko moduen zerrenda luzea ulertzen hasi nintzen arte. Airea, elikagaiak... horiek hasierako oztopoak baino ez dira. Martek, Lurrak ez bezala, ez du eremu magnetiko babeslerik, espazioko erradiazio kosmikoak gupida gabe jotzen du gainazala. Planeta osoa hilabetez estaltzen duten hauts-ekaitzak gertatzen dira, eta batez besteko tenperatura 40 ºC jaisten da haien ondorioz. Grabitate baxuak osasun arazo larriak sortzen ditu epe ertainean, eta umeak jaio eta haztea ezinezko bihurtzen du. Misio zientifikoez gain, ez dut Martera joateko arrazoirik ikusten gizakien mesedetan.

Marte bizitzaren etsaia da. Eta, hala ere, han-hemenka, ideia horren zantzuak ikusten ditut azken urteetan. Iraganeko nostalgia? Gure sistema politiko eta ekonomikoek sortzen duten malenkoniarekin lotzen dut, hari aurre egiteko fantasia hutsal eta teknofiloa. Txikiagotzen ari den zibilizazio-egoa puzteko amets desarrollista, benetako erronken muinera begiratzeko beldurrak sustatua agian. Errazagoa omen da planeta oso bat terraformatzen irudikatzea geurean bizitzeko modu jasangarria baino, kapitalismotik kanpo.

Horren atzean, komikietatik ateratako supergaizkileak diruditen multimilionario batzuk dabiltza. Mesianismo teknologikoaren ideologiaz baliatzen dira beren diru-gosea eta harrokeria eztitzeko. Ez dute inoiz Marten koloniarik sortuko, baina bidean etekin eta botere handiagoak lortzeko aukera izango dute, planeta honetako arazoak sakontzen dituzten bitartean.

Zornotzako baserri haren jabea zenak inguruari begira zioen Adam eta Evaren paradisua hango bazter berdeetan kokatuta egon behar zela, halabeharrez. Hitz poetikoak dagoeneko unibertsoko lekurik eder eta egokienean bizi garela esateko. Bere planeta oparoan bizitza duin bat bermatu ezin duen espeziak, ezinbesteko duen ekosistema hondatu gabe bizi ezin duen gizakiak ez du etorkizunik ez Marten ez beste inon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.