Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Porrotaren ikurrak

2022ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Bideoa gerraren lehen eta bigarren hilabeteen artean grabatu zen. Frontetik gertuko herri batean, bi ukrainar soldadu janaria banatzen ari ziren, beraietako batek kamera piztuta zeramala. Etxe bateko atarian, 69 urteko andre txiki bat agertu zitzaien, sobietar bandera erraldoi bat eskuetan. Janari poltsa eman ostean, soldaduek emakumeari bandera eskutik kendu, lurrera bota eta zapaldu egin zioten. Andreak, minduta, janaria lurrean utzi eta bandera itzultzeko eskatu zien: «Neure gurasoak bandera horren alde hil ziren Bigarren Mundu Gerran».

Denborarik galdu gabe, inbasioaren aldeko propagandistek andre zaharraren irudia —buruko zapia, nekazariaren botak, gona, sobietar bandera bi eskuetan tinko— albistegi eta sare sozialetan erreproduzitzeari ekin zioten. Ez hori bakarrik: posterrak, grafitiak, garabiaz margotutako mural erraldoiak, eta metal eta marmolezko monumentuak Errusian nahiz Ukrainako lurralde okupatuetan hedatu ziren.

Bitartean, horren guztiaren nahi gabeko protagonista fokuetatik kanpo egon zen duela bi hilabete BBC-ko talde batek lokalizatu eta elkarrizketa egin zion arte. Kazetariek estreinakoz erakutsi zizkioten emakume harrituari haren irudiaz egindako estatuak eta kartel belizistak. Andreak gaizki ulertu bat egon zela azaldu zien. Egun hartan, errusiar soldaduak agurtzen ari zela uste izan zuen: «Pozik nengoen errusiarrak borroka egiteko asmorik gabe etorri omen zirelako. Pozik denok berriz bat egingo genuelakoan». Berarentzat, bandera gorria ez zen Errusiaren edo gerraren aldeko sinboloa, ez da «odola isurtzearen bandera», «maitasunaren eta zoriontasunaren bandera» baizik. Egun, emakumea egoera desatseginean dago bere irudia lapurtu diotelako arbuiatzen duen gerra baten alde eta, aldi berean, bizilagun askoren erdeinua eta mehatxuak jaso dituelako, inbasioarekin bat datorrelakoan.

Gertaerak irakurketa ugari dauzka, baina nik sinbologiari jarri nahi diot arreta. XIX. mendean internazionalismoaren alde eta militarismoaren aurka zabaldutako ikurrak —bandera gorria— idealista xalo edo burugogorrengan baizik ez du esanahi hura mantentzen, porrot historiko baten seinale —beharbada 1917an bertan hasitakoa—. Gerra baten erdian senidetasun eske azaldu zen ukrainar andre hura modu gordinez ohartu zen mundu gerrazalea ideal hartatik hainbesteraino urrundu zela, non hura adierazteko ikurrik ere ez den aspalditik existitzen bere inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.