Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Kolonizatu gaitzazue

2022ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
El Salvadorren gaude, barnealdeko herri lasai batean. Han, Ricardo jauna bizi da, bere semearen aterpetxe txiki eta dotorean. Goiz eta arratsaldez mahai ondoan topa daiteke, txokolatearen osagaiak katilu batean emeki nahasten, atzerriko bisitariren bat noiz etorriko zain harekin hitz batzuk trukatu ahal izateko.

«Estatubatuarrek», dio, solasean sartuta, «ondo asko dakite negozioa egiten, jende azkarra dira. Haiekin asko ikasteko aukera izan nuen». Ezagutu dituen atzerritarrak zerrendatzen hasi da, apalategian bildu dituen trofeoak balira bezala. Adineko bikote baten argazkia atera du: «Suitzarrak. Hona etorri eta txokolatea egiten irakatsi zidaten. Jende serioa. Ereduzko herrialdea eraiki dute».

Gerora, bere herrialdeko egoera ahotara dakar. Salvadortarrak, lanerako senik ez duen jendea. Gazteek ez dute beren eskualdea hobetzen; horren ordez, hiriburura edo Estatu Batuetara alde egiten dute. Eta, bitartean, etxera bidaltzen duten diruari esker beren familiek utzikerian bizitzea erabakitzen dute. Ricardo jaunak herriko egoera hobetzeko proiektu asko ditu, baina horiek aurrera eramateko atzerritarren laguntza baizik ez du nahi, bertakoekin lan egitea alferrik da eta, ezta aipatu ere. «Begira, Europak kolonizatu egin behar gaitu». Hortxe bere korolarioa.

Bitartean, Myriam etxera iristekotan egongo da. Goizeko bostetan esnatu da herrira garaiz iristeko. Beste hogei bat emakumerekin batera, oinez bi orduko bidea egin du nekazaritza ekologikoko ikastaroari hasiera emateko. Bizibide berri horretan trebatzeko aukera eskaini die ahalduntze proiektuak antolatzen dituen bertako fundazio batek, eta, nahiz eta denak emakume helduak izan, gaur lurra iraultzeari buru-belarri ekin diote eta hilabete batzuez ikasle rolean sartzeko konpromisoa hartu ere bai.

Antzera ari dira gizon zein emakume, gazte zein heldu asko herrialde osoan zehar, hutsetik abiatuta lan berriei ekin nahian, komunitateak indartzeko eta ahalduntzeko. Baina ez dakit Ricardo jaunak haien berri izango ote duen, ez dakit semearen aterpetxean atzerritarrekin berbetan ibiltzeak astirik uzten ote dion bere herrian bertan sortzen ari dena ezagutzeko. Myriamen kasua aipatu diodanean, arrotz begiratu dit lekuz kanpoko zerbait esan banu bezala, eta gaia aldatu du.

Euskal Herrian ere ez dira gutxi ezagutu ditudan Ricardo jaunaren tankerakoak, etsipenak lagunduta «zibilizazioa besteak dira» teoriaren zale bihurtu direnak. Amesten duten kolonizazioa haien lurraldeak indargabetzeko asmoz sortutako enpresa bat ez balitz bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.