Albistea entzun

EGUZKI EPELEAN

Arriskutsua da El Salvador?

Diego Pallés Lapuente -

2022ko abuztuak 2

Udako bidaia bat antolatzeko orduan, bere kontinentetik inoiz atera ez den europakumearentzat El Salvador ez da izango, ziur aski, lasaitasun handiena emango dion herrialdea. Hango kriminalitate estatistiken atzean dauden kausak konplexuak eta askotarikoak dira, baina nazioarteko hedabide askok, dena den, ez dute horrelako gorabeheretan interes handirik, nahikoa dute uneko argazkirik dramatikoenaren berri ematearekin soilik —martxoan gertatutako hilketa boladarena, esaterako—. Horrela, ez da harritzekoa jende askoren buruan sortzen den irudi sasi apokaliptikoa —zenbatetan ez ote dugu euskaldunok geure herria gerra zelai batekin konparatzen duten iruzkinak jaso arduraz betetako atzerritar lañoen eskutik—.

Edonola ere, El Salvador bada herrialde arriskutsua zentzu askotan, eta, hortaz, herrialdea bisitatzeko gonbidapena jaso nuenean, ezjakintasunak eta gehiegizko zuhurtziak —edo zuhurtziarik ezak— gidatuta, kontingentzia guztietarako prestatzeari ekin nion. Telefono mugikorrak, hiru, badaezpada. Dokumentuen kopia hirukoitza... ez, laukoitza, mesedez. Hara iritsi bezain laster, ordea, gainerako mugikor, dokumentu, eta tramankulu guztiak ahaztu nituen eta segurtasun ardurak bertako lagunen esku utzi. Egun askotan, bortizkeriaren gaiari pentsamendu bakar bat ere ez nion eskaini.

Gau lasai batean, Euskal Herria bisitatu duen salvadortar lagun batekin solasean, geure herriari buruz hartu zuen irudia kontatzeko eskatu nion. Baina alde txarrik ezkutatu gabe, aizu! Taberna kontzentrazio altuei buruzko iruzkinen bat espero nuen irribarre erdia jantzita. Baina ez. Kontatu zidan behin Gasteizko Aiztogile kalean zegoela gaueko hamaikak inguru, Erdialdeko Amerikako lagun batzuekin eskailera batzuetan eserita. Haietako batek Guatemalako emakume indigenen jantzi tradizionala zeraman. Bat-batean, hogeita bost bat urteko gizona hurbildu zitzaien eta azalpenik gabe, jantziko emakumeari buruan ostikoka hasi zitzaion. Berehala, inguruko tabernetako jendea hurbildu eta gizonarekin borrokan sartu ziren haien aurrean. Izugarri traumatikoa izan zitzaien.

Ezin arriskutsuagoa omen den El Salvadorren, nire itxura fisikoak merezi ez ditudan pribilegioak eta lehentasunezko tratua baizik ez dizkit ekarri. Aldiz, Euskal Herrian, mendebaldeko Europan, astero egiten dudan gauza arruntetako batean, itxura hutsak bizitzako erasorik bortitzena ekar diezaioke pertsona bati. Ez dut inoiz neure herriagatik lotsa handiagorik sentitu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

M-28ko hauteskundeak: pentsatu beharreko zerbait

Sabino Cuadra Lasarte - Abokatua

Bilera ofizialak, pasabideko bilerak, komunikabideetako azalaren bilatze larria, alkatetza eta presidentetza aunitzi buruzko ezbaia... zurrunbilo horretan murgildurik gara, eta, horrenbertze ahotsen artean, zenbait gai garrantzizko ari dira urtzen. Ez dut erraten bertze batzuk baino garrantzitsuagoak direnik. Bai, ordea, hausnarketarako xede izan beharko liratekeela.

Gorrotoa heriotza mota bat da
'Don't Say Period'

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...