Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Laidoaren itzal luzea

2021eko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Hi, jantzi ondo txamarra hori, marimanta itxura daukak eta!». Luzaro iruditu zait amonak hitz berriak asmatzen dituela etengabe, esaldiak botatzen hasi ahala. Baina ez. Behin eta berriz bere burua kulturarik gabekotzat jotzen badu ere, azken hitz xelebreari buruz galdetuz gero, definizioa beti prest izango du. «Ea, zer dira ba marimanta horiek?», galdetu nion, jakin-minez.

Marimantak umeak izutzeko erabiltzen ziren pertsonaiak dira Espainiako herri-mitologian. Gauez, burusi moduko oihal zuri edo beltzez jantziak, kale eta soro ilunetan ibiltzen ziren, jendea uxatzeko. Nahiko kontzeptu zaharra dirudi, Quevedoren idazkietan ere agertzen baitira. Leku batzuetan, izaki horiek emakumezkoak izaten ziren; beste batzuetan, gizonezkoak bakarrik. Gainera, zenbait herritan, Marimanta izeneko panpina bat erretzen dute inauterietan, iragan urteko zorigaitzen ikur.

Amonarentzat, ordea, askoz gauza zehatzagoa dira. Berak ez du mamurik aipatzen: «Marimantak emakume adulteroak ziren. Gauez, euren burua lepoko oihal edo beroki batez biltzen zuten, ezkutuan maitaleekin kortetan edo kale estuetan elkartzeko».

Nire herrian, Caceresen, marimanta hitzak ez zuen umeak beldurtzeko gaitasun handirik mantentzen amonaren garaian. Helduak, ordea, bai. Gauaren erdian «Marimanta!» oihua entzutean, berehala jende-talde bat prest azaltzen zen emakume adulteroa ilunpeko kaleetan barna «ehizatzeko». Hura harrapatuz gero, marimantaren leloa betiko erantsiko zioten. «Ederki asko pasatzen zuten emakumeei txalo egiten... baina asmo gaiztoz, ez asmo onez».

Beharbada, lehenago pertsonaia mitologikoa sortu zen, eta geroxeago, iraina. Edo, agian, ezkutuko maitale gautarrak izan ziren mitoaren iturria. Edonola ere, gaur egun Espainiako herri askotan, marimanten oroitzapena berreskuratu dute antzerkien, erakusketen edo jaialdien bitartez. Horietako zenbait lekutan, kondairak ez du adulterioarekin loturarik, edo, izatekotan, iragan urruneko kontua da. Nire herrian, aldiz, horrelako ekimen publikorik egitea ezinezkoa litzateke, oraindik ere laidoaren mina emakume irainduen familietan berpizteko arriskua dagoelako.

«Eta gizonak zer, amona? Emakume horiek gizonekin elkartzera joaten ziren eta. Haien atzetik ere ibiltzen ziren?», galdetu nion. «Gizonek nahi dutena egin dezakete; emakumeek, ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.