Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Gizatasunaren oihartzunak

2021eko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Noizbait oraingo aroko lehen eta laugarren mendeen artean, Erroman, Allia Potestas bizi izan zen: emakume esklabo, gerora bere maisuak askatua. Bere bizitzaren arrastorik ez genukeen, bere hilarrian zizelkatutako epitafioa topatu izan ez bagenu.

Testu hunkigarri hartan, Alliaren maisu ohiak —haren maitalea ere bazenak— beratasun handiz deskribatzen digu zendutakoa bai izaeraren aldetik, bai fisikoki, irudia xehetasun erotikoez ere apainduz. Ondoren, kontatzen digu Alliak polimatasun-harremana izan zuela epitafiogilearekin eta beste gizon batekin, eta hirurak etxe berean bizi zirela. Maitasun-hirukirik ez zela uste dezakegu, zeren eta Allia zendu eta gero, bi gizonak banandu egin omen ziren, epitafioak dioskunez.

Testuak aparteko garrantzia dauka, hari esker horrelako harremanen berri dugulako garai hartako Europan. Baina ez horregatik bakarrik: epitafioak frogatzen digunez, harreman horien existentzia publikoki ere aitor zezakeen. Beharbada, arras gauza ezohikoa zen; beharbada, begirada txar ugari sustatu zituen. Baina, edonola ere, biziki harrigarria da duela bi mila urte topatzea orain dela berrogeita hamar, ehun, bostehun urte irudikatzeko zaila denaren aitormen publikoa —are zailagoa non eta hilarri batean topatzea!—.

Hura eta halako lekukotzarik gabe, ez genukeen ziurtasunez jakingo —nahiz eta susmatu ere egin— Erroma puritano eta misogino hartan, askatasun apurrak lortu zituen emakumerik egon zela. Boterearen erregistro historiko ofizialak distortsionatutako historian soilik oinarrituz, lehengo gizakien barne-bizitzaren irudi ezin pobreagoa genuke. Eta zer esan idazkerarik gabeko herrien historiaz.

Erraz ahatz dezakegu iraganeko jendea guk geuk izan ditzakegun sentimendu eta hausnarketa sakon berdinak edukitzeko gai zela. Baita orain bizi den jendea ere, nahiz eta urruneko herrialdeetan jaio: horrexegatik hain indartsuak izaten ari dira egunotan Afganistango emakume gazteek beren mugikorrez grabatutako mezuak.

Dena den, jakin nahiko nuke zer-nolako ikuspuntua emango zigukeen Alliak berak, bere hitzak mantendu izan balira. Auskalo nolakoa izango zen bera eta bi morroi horien artean gertatutakoaren bertsioa...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.