Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Gurpila berrasmatu

2020ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Hogeita hamar urte bete berri izanak baino, beste gertakari txiki batek konbentzitu nau bizitzako aro berri batean erremediorik gabe sartua naizela dagoeneko. Azaldu egingo dut. Aurrekoan, laguna eta biok parkean genbiltzala, hizketan hasi ginen birusak geure bizitzetan sortutako gorabeherei buruz, barne-paranoia sozializatu nahian. Gaiari muzin egiten saiatu ohi gara; beharbada, horrexegatik geure iritzi primarioak bortizki askatzeko zilegitasuna sentitu genuen orduko hartan. Sumindura kopuru nabarmen bat gazteei zuzendu genien. Ikusi al dituzu? Talde handietan bilduta, maskararik gabe, axolagabe, bizitzaz gozatzen aire zabalean. Zoazte etxera isolamenduan Tiktok bideoak grabatzera-edo, hankabiko birus-gordailu zoriontsu halakoak!

Orduan konturatu nintzen errealitate gorriaz... gazteak kritikatzeak egin nau heldu, ez adinak. Hobeto esan, gazteei buruzko —horrela, oro har— epai kategorikoak botatzeko ausardia izan da nire Rubikon. Kasketa zaharrunoetan erortzea, alegia.

Baina, aldi berean, nahitaezko samurtasun handia ere sentitzen dut nerabeei, gazteei buruz pentsatzean —berriz ere, haiek talde arrotz gisa ikustearen seinale—. Behin neure adinera iritsita, gogoetan hasi naiz: zenbat irakaspen sakonek zabaldu eta nahastu dizkidaten mundua eta bizitzari buruz neuzkan ideiak. Eta, batez ere, irakaspen horietako zenbat etorri diren ustekabean, zeharka, ia aipatu gabe. Heldutasunaren oinarriak finkatzen dituzten irakaspenak badira ere, zein arreta txikia eskaintzen dion askotan geure inguruneak.

Ez al da larria, esaterako, zenbat jende hutsetik ohartu behar izan den sexu-identitate bat baino gehiago existitzen direla? Nork eta noiz azaldu beharko luke zein berriak eta mugatuak diren historiaz, aurrerapenaz, nazioez eta bestez dauzkagun ikuskerak? Zein hutsalak eta kaltegarriak diren hainbestetan loriatutako harrokeria, hoztasuna eta botere nahia? Zein erraza den hurkoari luzaro kaltetuko duen mina egitea? Zein desegonkor dagoen tinko dagoena? Gizartea egituratzen duten egiak, sarri ezkutuak.

Heziketaren mugez eta hutsegiteez pentsatzen dut. Belaunaldiz belaunaldi, zenbatetan izaten dugun gurpila berrasmatzeko beharra bizitzan, inork ez digulako esan planoak gertuko apalategi batean eskura eduki ditugula beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.