begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Dantek ikusi ez zuena ('In Ictu Oculi')

2021eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Igual, boteprontoan, derrepentean, begi-kolpe batez ez genioke erreparatuko Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdian Ikusleen Saria eskuratu duen Begiak hesteko artean filma eta karteldegi gurean ditugun hainbat zinema puska lotzen dituen zera horri, arrastoari, hariari, lokamutsari. Alta, Iruñean, etxe ondoko areto arruntetan nola, trantze gozo bezain gazian murgilduta gaudela, ametsetik, amesgaiztotik, ameskeriatik esnatu nahi ez, hasten gara ezinezko konexioak egiten. Ezinezkoak bezain ezinbestekoak. Ez baita hoberik inon ez den pelikula bat zure barrenetan izatea baino. Ez baita hoberik beste inork osatu ez duen irudi sorta hori zuk egin izana baino. Euskarri fisikorik ez du, ordea, behar. Zertarako eduki beharko luke halakorik zinema kuantikoaz ari bagara?

Jorge Moneo Quintana gasteiztarra da, Arte Ederretan lizentziaduna, Errumanian du Erasmus eginda, Pragan eta Amsterdamen izan ohi den Europako Arte Ederretako goi mailako ikasleak kontuan hartzen dituen Start Point sarirako izan zen izendatua iaz, Berlinaleko zinemagile berrientzako campusa den Talents horretatik pasatu ostean. Jorge zinemaz blai egin zen Bartzelonako Unibertsitatean, eta hamaika zinema jaialdi korritu ditu Euskal Herrian bizitako gatazkaren aztarnek zipriztintzen duten Orbainak izenburuko bere lanarekin. Gatazkaz aritzen da Moneoren kamera bertan. Baita kontrabandoaz ere. Mugen arteko bizitzak eragiten dituen pasadizoez ere bai. Mendiari darion mitologiaz, indar misteriotsuaz.

Gustuko du Jorgek artxiboko irudi finkoekin lan eta jolas egitea, uste baitu lanketa ikaragarria egin behar dugula gurean eta haratago irudiaren inguruan.

Iruñeko jendeak saritu duen In Ictu Oculi horretan, harri bilakatutako sei mende ilargi bakar batean suntsituak ikusten ditugu. Ikuspunturen katalogoak ederki laburbiltzen du hitzez irudi horien dolua: «Horrela igarotzen da mundu honetako loria, begiak hesteko artean».

Harri horiek San Frantzisko komentukoak ziren, eta dar-dar egiten dute, egun, pantailan, suntsipenaren isla mingarri batean.

Aspaldiko isla; izan ere, urte dezente dira jada komentua bota zutela, hiria eta lur negozioa berritzeko asmo eta anbizioetan. Gasteizko San Frantzisko komentukoak dira harriak, baina beste edonongoak izan zitezkeen. Ederki dakigu zeinen asegaitzak diren diru patsetan igeri egiten duten horiek. Eta zein errespetu gutxi diogun, abiadura ikaragarrian doan mundu honetan, harria bilakaturiko iragan gureari. Damu izan dugu gero. Esan, beti esaten da hiritarron alde eta onerako dela. Gaur, Donostiako zubibide eder eta liraina ari dira asfaltozko lurrarekin berdintzen. Ez dakit; antza, beldurra diote askok aldapak, muinoak eta txirristak dituen hiriari. Dena nahi dute laua, erronkarik gabekoa, hirugarren edo laugarren edo bosgarren adinekoentzako parke tematikoa...

Gasteizko komentukoak ziren irudiak. Baina Leipzigeko zinemaldian In Ictu Oculi eman zutenean ederki berenganatu zuten bertakoek harri horien dardara. Gasteizkoak, bai, baina Iruñean sarituak...

Harrizko eta zeluloidezko loturak. Gainbegirada batean beharbada ez dugu konexioa antzemango, baina izan, bada. Dardarizo horretan ez bada ere. Agian, begiak itxita baino ez dugu beste inon beste inoiz harrapatuko. Begi irekiekin, igual ez. Itxi behar ditugu egin.

Bada beste lokarri bat, karteldegian diren hiru filmen artekoa: Non dago Mikel?, The Auschwitz Papers eta The Mauritanian. Hiru gatazka. Hiru orbaindu gabeko zauri. Euskal Herrikoa, kontzentrazio esparruetakoa eta Guantanamokoa. Hiru film duin. Esku artean duten materiala erabiltzen dakiten hiru. Amorruz eta justizia eskatuz, exijituz. Hiru. Kamerak dituen dohainak maneiatzen dakiten hiru. Formatuaz eta euskarriaz baliatuz. Salaketa. Handia. Hiruretan. Oinazea. Hiruretan. Gizakia gizakiarentzat otso. Baina ederki dakigu ez otsoak ez txakurrak ez dutela ez otsokirik ez txakurkirik jaten.

Hirurek izenburu bera izan zezaketen, The Auschwitz Papers-ek oinarri hartu zuen liburuarena. Birkenautik ihes egin zuen Eslovakiako judu hark Dantek ikusi ez zuena jarri zien izena bere paperezko oroitzapenei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.