KRITIKA. Antzerkia

Bidaia on!

Agus Perez.
2022ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun

'La melancolíadel turista'

Konpainia: Oligor y Microscopia. Testuak: Shaday Larios, Angel Hernandez. Objektuen sorkuntza eta manipulazioa: Shaday Larios, Jomi Oligor. Lekua: Erriberriko Ochoa upategiak. Eguna: Uztailak 29.

D Ferian, 2015ean, Oligor y Microscopia konpainiaren aurreneko lana ikusi genuenetik, maiteminduta geratu ginen haien estilo poetiko bereziarekin, eta orain, Erriberriko Antzerki Jaialdian zeudela ikusita, ez dugu dudarik egin: ez genuen beren hurrengo sorkuntza galdu nahi.

Orduko lan hura La máquina de la soledad (Bakardadearen makina) deitu zen, zeina gutunek gugan duten eraginean zentratzen zen. Adibide bat jartzearren, gogoratzen dut nola azaldu ziguten Mexiko Hirian jende eskolatu gabeak eskribauak kontratatzen dituela senideei idatzi eta haien berri jakiteko. Hortaz, osagai emozionala eta soziologikoa konbinatu zituzten, ederki konbinatu ere, objektuen bidezko emanaldi intimista batean.

Oraingo hau La melancolía del turista deitu da (Turistaren malenkonia), eta bi ataleko proposamenean aztergai jarri dituzte leku exotikoetara bidaiatzen dugunean jasotzen ditugun esperientzia efimeroak eta ustezko paradisuetako errealitatearen antzemate azalekoa. Aurrekoaren bide beretik joan dira oraingoan ere giza arimaren esplorazioan eta baliabide teknikoen erabileran, eta horrek baieztatu eta sendotu egiten du konpainia nafar-mexikarraren izaera aurreratua.

Aurrekoan bezala, Jomi Oligor tuterarrak —azken azalpenetan esan digutenez, Cortesen daukate beren sorkuntza-tailerra eta biltegia— egin digu aurretiazko azalpena, bere tonu pausatu, atsegin eta hurbilean, balizko ikusle urdurien animoak baretuz eta gure gogoa bidaia on baterako prestatuz. Eskertzekoa, benetan, ahalegin pertsonalizatu hori, oso urrun egon dena beste batzuetan entzun ditugun aurkezpen hotz eta gatzgabeetatik.

Beraz, bigarren aldiz jesarri gara hemiziklo itxurako egurrezko jesarlekuen egitura txikian —Ursula K. LeGuinek esan bezala, «diseinu on batek ez du aldaketarik behar»—, eta gure aurrean hasi dira objektuen maneiu zehatza, diapositiba eta testuen proiekzio analogikoa, musika aukeratuen girotzea eta Shaday Lariosen ahotsean esandako bere eta Angel Hernandez mexikarraren testu poetiko esanguratsuak.

Lehen esan bezala, bi zatitan banatu dute bidaia, eta horrela munduko bi leku enblematikotara bidaiatu dugu. Habana eta Acapulco izan dira gune turistiko aukeratuak, eta haietariko bakoitzean pertsona berezi bat izan da protagonista, haren bidez ezagutu ditugulako biztanle apalek bizirauteko dauzkaten zailtasunak eta ametsak. Denok dakigunez, Habanako jendearen bizimodua ez da samurra, baina hain ezaguna ez dena da Acapulco (Mexiko) munduko laugarren hiririk arriskutsuena dela gaur egun, krimen antolatuaren feudo bihurtu zelako amets amerikarraren oporleku nagusia izan ostean.

Erabilitako teknikei begira, denetarik erabili dute, maisuki betiere: objektu eta pertsonaia txikiak, berez erretzen zen zigarro habanoa, garai bateko postal eta aldizkariekin egindako dioramak, atzetik proiektaturiko irudiak, kaxa argidunak, era askotako maketak, automatak... Koherentzia eta jarraitutasun handiz etorri dira haiek guztiak, eta amaitutakoan proiekzioen funtzionamendua erakutsi digute, antza denez, ikusle batzuek uste dutelako proiekzioak efektu digitalen bidez eginak daudela. Agian, garai bateko mekanismoen ulertzea galtzeko zorian dagoelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.