KRITIKA. Antzerkia

Gerra irudi zatikatuak

Agus Perez.
2019ko urriaren 26a
00:00
Entzun

'Interbeing'



Konpainia: 2Theatre. Musika: Bird Radio. Argiak: Arantza Heredia. Antzezleak: Lana Biba, Txema Perez, Konstiantyn Pribilovski, Semyon Kyslyi, Dima & Danya, Mikey Kirkpatrick. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urriak 24.

Azpeitiko Matadeixe gune autogestionatuan Boris & Ingrid ikusi genuenetik (2016), Svetlana Biba eta Txema Perezen itzulera espero genuen, eta hara non Bilboko Arriaga antzokian agertu zaizkigun, bien nazioarteko curriculum harrigarriek eskatzen zuten bezala.

Oraingo honetan, formatu handian etorri dira, arte eszenikoetako hainbat diziplina uztartuz eta Ukrainako beste lau artistaren parte-hartze eszenikoarekin. Aurrera jarraitu baino lehen, esan beharra dago Lana Biba jatorri suediar-ukrainarrekoa dela, eta bere bikote artistikoa Txema Perez bilbotarra dugula. Orduko Boris & Ingrid hartan Erresuma Batuko Mikey Kirkpatrick —Bird Radio izen artistikoz— ere aritzen zen musikari eta aktore, eta Interbeing honetan haren musikaz gozatu dugu bai soinu-banda grabatuan bai zuzenean jo duen zeharkako flautan eta ahots sanpleatuan.

Ukrainako aktoreak muntaia honen parte izateko arrazoia pisuzkoa da, hango gerra izoztuak eragindako zauri fisiko eta moralak izan direlako lan honen oinarria. Hala ere, emanaldian zehar antzezleak ez dira alde baten ala bestearen alde agertu, eta ez dugu gerraren jatorriari buruzko gogoetarik ikusi —gogora ditzagun Merkel eta Solana Kieven, bake plantak egiten baina Moskuren aurreko probokazio hutsean—, hari eroalea egiazko istorio pertsonal batzuekin josi delako. Hortaz, konpainiako kideek aurretiaz jasotako testigantzekin osatu dute nolabaiteko ildo argumentala, era oso zatikatuan izan arren, eta bide horretatik, gerra aurreko bake egoera, errekrutatze zentroak, gerra bera eta haren osteko trauma irudikatu dira emanaldian zehar. Alde horretatik, Perezek duen kazetari trebakuntza baliagarria izan da gerra-berriemailearen pertsonaia txertatzeko.

Esandako xedeari begira, konpainiako sortzaileek menperatzen dituzten teknikak baliatu dira eszenak eratzeko eta egoerak girotzeko, eta haien artean bereziki ikusgarria izan da haga luzeen erabilera, haien maneiu miresgarriarekin eraiki baitira kaleak, bideak, argazki-enkoadraketak... Beste teknika batzuk ere baliatu dituzte, hala nola mimo leuna baina definizio bikainekoa, akrobazia zein dantzarako gaitasuna, objektuen maneiua —txakur maitagarri hura tartean— eta argi-efektu zehat zak.

Zehaztasun handiz gauzatu dira guztiak, eta euskara ukrainerarekin batera entzun dugu, baina hitzek ez diote ekarpen handirik egin osotasunari. Aldiz, teknika aldetik erakustaldi bikaina eman arren, laster agortu da proposamena, argumentu argirik ezean eta emozioen bideratze ezdeusaren ondorioz. Gauzak horrela, proposamenak ez gaitu benetan harrapatu, eta teknika askoren erakustaldi hutsa ikusi izanaren sentsazioarekin itzuli gara etxera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.