«Bitamina» musikari gazteentzat

EGOko kideek hilaren 11n hasi zuten udako egonaldia, Eibarren, eta astelehenean amaituko dute. Hondarribian eman zuten kontzertua atzo; Bilbon emango dute gaur, Gasteizen bihar eta Donostian etzi.

EGOk herenegun Eibarren egindako entsegu orokorra. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Miren Garate.
Eibar
2019ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Izugarria bat da, gorabehera handikoa; momentu batean ere ez dago lasai. Etengabe sentimendu asko sortzen dizkizu». Txaikovskiren Bosgarren Sinfonia-z ari da Maitane Iruiñ biolin jotzaile eta Euskal Herriko Gazte Orkestrako (EGO) kidea. Obra horrek eta Camille Saint-Saensen Hil dantza-k osatzen dute uda honetako sasoirako aukeratutako programa. Eta pozarren daude gazteak. «Zoragarriak dira. Koloreengatik, instrumentalizazioagatik, soloetako soinuagatik», dio Eugenio Madrid txelo jotzaileak.

Pozik programarekin, eta pozik egunotan bizitzen ari diren esperientziarekin ere. Jada ohitura bihurtu den bezala, EGOko kideak aurten ere Eibarren (Gipuzkoa) ari dira udako egonaldia egiten. Hezkuntza esparruko antzokian egiten dituzte entseguak, eta metro gutxira dagoen ikasle egoitzan gauak. Jaiki, gosaldu, entseatu; bazkaldu, atseden labur bat hartu, eta berriz entseatu. Orain arteko errutina hori kontzertuek aldatuko diete asteburuan.

Atzo Hondarribian (Gipuzkoa) eman zuten. eta Bilbon izango dira gaur. Bihar, berriz, Gasteizen, eta etzi, Donostian. Azken kontzertu horren ostean itzuliko dira etxera. «Normalean ez dugu orkestran jotzeko hainbesteko aukerarik izaten. Ikastean, guk denbora asko pasatzen dugu bakarrik, eta taldean lan eginez asko ikasten da», azaldu du Beñat Olabe biolin jotzaileak. Ideia horri heldu dio Juan Jose Ocon EGOko zuzendari artistikoak ere: «Kontserbatorio txikiagoetan ezin dute horrelako programarik egin, ez baitituzte hainbeste instrumentu». Egonaldiz egonaldi aldatzen da gazte kopurua, programaren arabera, eta oraingoan 80 inguru ari dira parte hartzen.

Obren aukeraketa egiteko erabiltzen duten irizpideetako bat ere azaldu du Oconek: «Nik uste dut gazteei lagunduko dien errepertorio bat egin behar dela». Horregatik aukeratu dute Txaikovski. «Munduko orkestra guztietan eskatzen dizute; ez zara inon sartzen hori jotzen jakin gabe». Hain zuzen, gazteak egun gutxiren buruan eman beharreko kontzertuetarako entseatzen dira; baina, aldi berean, etorkizunean izan ditzaketen oposizio eta probetarako ere prestatzen dira. «Nire nahia da EGOtik pasatutako jendeak gogoan izatea programa bizi eta eder bat egin zutela, eta horrek aurrera begira ere balio izan ziela».

EGOk 22 urte egin ditu aurten, eta Oconek 20 daramatza zuzendari artistiko gisa. Ikasle izan dituen batzuk «toki oso onetan» ikusi ditu gerora, eta kontatu du horrek poz handia ematen duela: «Horiengana jotzen dugu gero ikasi duten guztia guri irakasteko, nahiz eta 30 urte besterik ez izan akaso». Hain zuzen, 16 urtetik 26 urtera bitarteko gazte euskal herritarrek dute orkestran jotzeko aukera, bai eta ikasketak direla medio Euskal Herrian bizi direnek ere. Hasieran, 21-26 urtekoak izaten ziren gehienak, baina 21 urtez azpikoak ere dezente dira orain. Donostiako Musikenen nahiz Iruñeko kontserbatorioan ikasten dute askok, nahiz eta baden aldi berean musikarekin zerikusirik ez duten unibertsitate ikasketak egiten ari denik ere.

Musikari profesional izatea da gehienen nahia, eta, horri lotuta, gero eta zailago dago kontua, EGOko kideen esanetan. «Orain errazagoa da musikari izatea aukeratzea; lehen baino aukera gehiago dago. Eta, aukera gehiago dagoenez, jende gehiagok egiten du musika, eta gorago dago maila. Hori ona da, baina zaildu egiten ditu aukerak».

Maila «oso ona»

EGOko kideen maila onak Ocon ere harritu du, onerako. «Beste urteetan, bosgarren egunean hasten ginen argia ikusten; aurten, bosgarren egunerako musika egiten ari ginen». Zortzi irakasle izan dituzte: Musikenekoak, Mahler Chamber Orchestrakoak eta Bilboko, Euskadiko, Galiziako eta Espainiako orkestra sinfonikoetakoak. Egonaldiaren hasieratik amaierara arte izaten duten bilakaera ez ezik, lehen urtetik hurrengoetara izaten dutena ere nabaritzen dute musikariek. onerako tronpeta jotzen du, eta laugarren urtea du aurten Eibarren. «Hasieran, niretzat ia denak idoloak ziren, eta orain sentsazioa gehiago da: 'Zer ondo jotzen dugun guztiok'».

Matxalen Ertzilla biolontxelo jotzaileak egonaldian sortzen den giro ona nabarmendu du. «Orkestrak aukera ematen dit hemengo eta inguruko musikariak ezagutzeko eta gozatzeko. Aurten hirugarren urtea dut, eta esperientzia oso ona izan da». Etxera indarberrituta eta musika ikasten jarraitzeko gogoz itzultzen direla kontatu dute. Ocon zuzendariak ere argi du: «Musikari gazteentzako bitamina da EGO».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.