begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Astiarraga(tar) bat izan, ohorez

2022ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Izen hitza barrenetan duten esaldiez egiten dute gainezka euskarazko errefrau bildumek. Hala nola «Aberats izatea baino, izen ona hobe». Edo «Izenetik izanera, gogoa zubi». Eta, zer esanik ez, munduan barna zabaldua den «Izena duena bada» sendo eta irmo hori.

Bestalde, 2000. urtera arte, gutako askok ontzat ematen genuen Oscar Wilden The Importance of Being Earnest lan jostalariaren itzulpen zuzena La importancia de llamarse Ernesto zela. Gaztelaniaz, jakina. Frantsesera itzuli zuten horiek askoz ere dotoreago jokatu zuten bai jatorrizko bai helmugako hizkuntzekin. Baita lanaren izaera literarioarekin ere, eta L' important d´être constant bataiatu zuten.

2000. urte garrantzitsu hartan, Antton Olanok gauzak, hitzak eta benetako esanahia ekarri zituen bere onera, eta Fidel izan beharraz jarri zion izenburu komedia azeri horri.

Orduantxe ikasi genuen gaztelaniadunok ikasi beharrekoa. Hala eta guztiz ere, aspaldiko itzulpen horrek lagundu egingo dit artikulu hau aurrera ateratzen eta amaieraraino eramaten, zeren... izen batzuek badute besteek ez duten garrantzi apartekoa. Zinema kontuetan, kreditu tituluetan hainbat deitura irakurri orduko, hamaika antigoaleko oroipenez betetzen zaizkizu burua, bihotza eta arima.

Esaterako. Hegoaldean ikusgai den Santi Amodeoren Las gentiles argi-ilun oparoz landutako film majoan, Daniel Perez Astiarraga grazia duen baten berri jasotzen dugu.

Ez zaigu deigarri gertatzen soil-soilik kutsu euskaldunagatik. Egiari zor, aspaldi zaharrean dakigu baskoak, mundua korritu eta gero, planeta honetako bazter, txoko, kantoirik arraroenetan finkatu zirela, ginela.

Ez. Sevillan kokaleku duen film baten afixan Astiarraga(tar) bat izateak ez gaitu harritzen. Bestelako kontu batek harrapatzen gaitu. Izan ere, beste bi Astiarraga(tar) ezagutzen ditugu zinemaz elikatzen garenok: Nicolas eta Carlos. Eta bi horiek gabe, Zulueta(tar) baten filmik ez litzateke, agian, existituko.

Bitxia ere suertatzen zaigu ez Danielek ez Carlosek ez Nicolasek Euskal Herrian oinetxerik ez izatea, nahiz eta euren abizena hain leinu argikoa suertatu gure zoru maitatuan. Danielena Andaluzian aurkituko dugu. Aspaldikoa. Beste biena, erresuma izan zen Leongo lurretan.

Kuriosoa, baita ere, Danielen eta Nicolasen lanbidea, ogibidea. Ez zen eta ez da zinema. Nicolas arkitektoa zen. Eta da. Fama handikoa, egun ere ekinean diharduten arkitektoen dinastia batekoa. Daniel, berriz, industria-ingeniaria dugu; dragatze lanak ditu ardura hainbat itsas plataformatan.

Nicolasek dirua jarri zuen 1979n Ivan Zuluetaren Arrebato, Espainiako zinema azpikoz gora jarriko zuen pelikula, egiteko. Diru dezente. Izan ere, ekoiztetxe bat eta guzti sortu zuen horretarako, Carlos anaia bohemioarekin batera. Izan ere, Carlosek buru-belarri (alproja guztiei dagokien pertseberantzia arraro horrekin) jardun zuen zuzendari laguntzaile gisa filmaketan. Hain zuzen ere, Eusebio Poncelak antzezten duen pertsonaiak Sirgado du abizena, Astiarraga(tar)ren bigarrena...

Nicolasek segituan ulertu zuen zinema baino pozoi fuerteagorik, gozoagorik ez dela. Gaindosiaz elikaturik, 1982an kamera hartu zuen, eta, bere herri erromaniaren alde borroka amaigabean ibilitako Tony Gatlifekin batera, Corre, gitano, corre filmatu. Ausartu zen Antonio Arteroren Trágala perro film zakarra, garai hartako gizarteak sakratutzat jotzen zuen guztiaren kontra zihoana, ekoizten ere. Carlos anaia, bitartean, Madrilgo amaierarik gabeko gauetan barna ibiltzen zen...

Kontu kasik bera, abentura ia iguala Danielena; pelikula pare bat ekoitzi ditu Grupo Tranquilo izeneko bere enpresaren bitartez...

Izan naiteke zeharo oker, baina badira izenak izanak sorrarazten dituztenak. Hala izanik, badirudi Astiarraga(tar) bat bazara nahitaez edan behar duzula zinemaren pozoia. Sevillan, Leonen edo Madril hartan bezala...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.