begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Biribila baita baloia

2022ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Egiari zor, sendoagoa, irmoagoa, biribilagoa, begi-bistakoagoa, zentzumen guztiekin antzemateko errazagoa zen hitza bi O zituen garaian; baloia, izan ere, ezin baita bIrIbila izan... bOrObila baizik. I letrak beti adierazi izan baitu, gutako askorentzat, izaki edo objektu flakorik. O hizkiak, ordea, baloi forma du, baloi borobil-borobila, O=Baloia. Baloia=O.

Futbolekoa, jakina. Errugbikoa obalatua da, eskuan hartua, gorputzak babestua, arerioak atzetik dituzula, langetara iritsi ahal izateko. Eroso. Borrokan, baina eroso.

Baloia borobila-biribila denez, ez da harritzekoa pirritan, biraka joan ahal izatea Donostiatik Cannesera edo Cannestik Donostiara. Oraintxe argituko dizuet bidaia honen nondik norakoa.

Bihar iritsiko da bere akaberara Korner jaialdia, futbola, literatura, zinema, arte guztiak eta teknologia berri oro uztartzen saiatzen den festa dastagarria. Bihar, bai, bihar du amaiera, baina gaurko programazioa ez da, inolaz ere, inondik ere, nolabaitekoa. Gaur, Reale Arenako Keler espazioan ETBko Irabazi arte telesaila nola grabatzen den kontatuko digute bertako Ane Garmendia, Sua Enparantza eta Nahia Sillero aktoreek. Gaur, 18:00etan eta euskaraz. Saioa bOrObiltzeko, ikuskizun paregabe bat: baloiarekin edozein mugimendu, truko, bira, salto egiten dakien Paloma Pujol txapelduna izango da bertan. Txapelduna, bai, footbag eta football freestyle diziplina libreetan.

Larunbat honetan amaiera, bai. Baina atzo Donostiako Antzoki Zaharrean pareko gutxi duten bederatzi film labur proiektatu ziren. Haien artean, Irakeko Kurdistanen sustraiak dituen Sahim Omar Kalifa zuzendari belgikarraren Baghdad Messi.

Badira hamar urte Sahimek lan hori burutu zuela. Garai hartan, Leoren eta Cristianoren arteko norgehiagokak Olinpo mendiko jainko biren arteko lehia zirudien, bakoitzak bere armada pribatua zuelarik. Nortzuk soldaduak? Bataren eta bestearen zaleak, arras bateraezinak...

Gauzak aldatu dira futbolean hamar urte hauetan. Ez Cristiano ez Messi ez dira zirenak. Baina ez du axolarik. Sahim Omar Kalifak labur hartan kontatzen zuenak pantailan dirau, triste eta harro.

Barçaren eta Manchester Uniteden arteko finala nola ikusi Irakeko herrixka batean, zure etxeko telebista ziztrina hondatu berri bada? Nola joango zarete aita eta biok hirira, kalez kaleko borrokak badira eta zuk, zuk, hanka bat baino ez baduzu? Bai, hanka bakarrekoa, baina... futbol atezaina!

Hori kontatu zuen atzo pantailan, Donostiakoan, labur horrek. Baina esandakoa, balOia bOrObila denez, pirritan, biraka ibili da hemendik Canneseraino. Eta bueltan, Proventzatik Euskal Herriraino. Izan ere, 2017an Sahimek lortu ahal izan zituen, Baghdad Messi labur fina abiapuntu harturik, Baghdad Messi film luzea burutzeko beharrezko, nahitaezko laguntza (ia) guztiak. Eta balOia, maldan behera, maldan gora, basamortuz basamortu jiraka, itsasoz itsaso biraka ibili ondoren, aurreko egunetan aurkeztu zen Cannesko Merkatuan atzo Donostian ikusi genuen futbolaz, gerraz, ametsez blai den labur majo horren luzapena. Eta izan, izan ziren munduan zehar banatzeko interesa erakutsi zuten banatzaileak, erosleak...

Cannestik-Donostiara. Donostiatik-Cannesera. Joan-etorrian. BalOia bOrObila baita.

Antzoki Zaharreko beste filmen berri jakin nahi? Egun, Alacanteko eta Cartagenako unibertsitateetan zinema irakaslea den Antonio Conesaren Campeones. Izan liteke 25 urte hauetan futbolaren inguruko lanik ederrenetarikoa. Are gehiago Albert Camusek esandakoa onartzen baduzu: «Bizitzaz dakidan guztia futbolean ikasi dut». 1971ra eramaten gaitu Huntza film garrantzitsu eta ausartaren autoreak. Madrilgo Atleticok eskura du Liga, eta zu zale amorratua zara. Zelaira joateko aukera duzu. Debalde. Baina amak familiarekin Casa del Campora meriendan joateko eskatzen dizu. Ez duzu nahi. Haserre zara. Haserre bizian. Enteratuko zara, boteprontoan, aitak tumorea duela burmuinean. Ulertuko duzu primeran, argi, garbi eta samin: Atleticok ez baldin badu Liga oraingoan irabazten, aitak bere taldea garaile ikusteko beste aukerarik ez du izango, eta hori guztia ederki asko konprenituko duzu... «Bizitzaz dakidan oro futbolean ikasi...»... duzulako.

BalOia bOrObila baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.