Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Griot

2016ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Noura Mint Seymali, mauritaniar abeslaria, Afrikako Mendebaldeko griot usadioaren jarraitzaile petoa da. Mendeetako historia duen kantu jarduera horrek ez baitie emakumezko kantariei trabarik jartzen. Are gehiago, emakumezkoak gehiengo dira praktikatzaileen artean. Maila sozial eta ekonomiko xumeenetik etorrita ere, griot kantariek komunitate osoaren begirune eta konfiantza dute gizarte gertakarien iruzkingile, gatazketarako bitartekari eta otoitzen gidari bilakatu ahal izateko.

Kontzertu areto arrunten ezean, griot abeslariek ezkontzetan eta ospakizun herrikoietan aurkitu dute zuzenekoetan aritzeko esparru egokia. Bertan izan direnek zentzu guztiak kitzikatzen dituzten ekitaldi txundigarriak deskribatzen dituzte, non, bolumen ikaragarrizko musika zaparrada distortsionatu frenetikoaren azpian, alfonbren kolore biziak eta etengabeko uhinen moduan mugitzen diren jantziek efektu hipnotiko zoragarria eratzen duten.

Noura Mint Seymali eta bere laukotearen griot elektrifikatu, gordin eta gihartsua era horretako ezkontzetan joan da garatuz pixkanaka, eta, usadioaren muina galdu gabe, bide berriak irekitzen dituen Arbina diskoan lagin zoragarria dugu orain. Mint Seymaliren ahots ederra antzinako griot esentzia espiritualaren jabe da, baina, aldi berean, bularreko minbiziaren prebentziorako antzemate eta miaketa periodikoaren moduko gai garaikide eta praktikoez dihardu. Horretarako, bere emakumezko jarraitzaileei irekita dagoen WhatsApp talde bat ireki du, ahots noten bidez bere ekarpen eta iradokizunak egin ahal ditzaten.

Alde guztietara begira, eta nekez aurkitzen dut Arbina-ren pareko diskorik, bai estetika aldetik eta bai edukien aldetik. Gure artean, musikagintzaren egoera eztabaida eta ,batik bat, osasunaren neurketa, disko, festibal sarrera eta kontsumisio salmenta kopuruetara murrizten dugu sarritan, baina jabetzen al gara sinplifikazio merkantilista horrek eragiten duen hustuketa kaltegarriaz? Non geratu dira musikaren komunikaziorako gaitasuna eta gizartean eraginkor izateko indarra? Galdutzat eman al ditugu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.