Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Sugea

2017ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Anoetako kiroldegia. Donostia. 1991ko otsailaren 17a. Iggy Pop agertokian, prakak belaunetaraino jaitsiak, eta neu ikusleen artean, aho bete hortz. Kontzertu haren bi ordu eskasek mugarri baten erara arrakala sakon bat ireki zuten nire bizitzan. Rock musikaren benetako arriskua, zirrara eta pozoia dastatzen ari nintzela sentitu bainuen, eta, Obelixedabe magikoko eltzera erori zenean bezala, haren indar amaigabea betirako nirekin izango zela pentsatu nuen une hartan. Egia esan, egungo rock musika gehienak Teleberri batek baino zirrara gutxiago eragiten dit, baina, tira, epifania hura ez dut inoiz ahaztuko, eta Iggy heroia izango da beti niretzat. Horrexegatik, poz handiz irakurri dut nire zuzendari kuttunena den Jim Jarmuschek Iggyren jatorrizko taldea zen The Stoogesen inguruko dokumental bat egin berri duela eta, bide batez, bi orduz gau hartako lurrikara pertsonala berriz bizitzera gonbidatzen nauela.

Garai berean, Mogambo eta Sarobe aretoetan birritan ikusi nuen Cancer Moon taldea, eta Josetxo Anitua eta Jon Zamarriparen presentzia eszeniko izugarri (zentzu guztietan) hark iman baten moduan erakarri eta buru-belarri irentsi ninduen. Eibartar eta bilbotar haien rock aske, bortitz, dotore eta hipnotikoa munduko beste edozeinen parekoa iruditzen zitzaidan, eta, bertakoak izanik, identifikazio sentsazioa erabatekoa zen niretzat.

Baina urte hauetan guztietan oroitzapen haiek elikatu dute batik bat nire obsesioa, ordudanik nekez aurki baitzitekeen taldearen inguruko irudi berririk. Horrexegatik, oraindik eta poz handiagoa izan dut jakin dudanean Alvaro Fierro eta Ibon Ibarluzea taldearen inguruan Atrapados por la serpiente dokumentala prestatzen (eta finantza bila) dabiltzala. Cancer Moonen musikaren lilura misteriotsua hilezkorra da, eta hamaika irakurketa zahar eta berri onartzen ditu. Irrika handiz espero dut filma, beraz, eta nire zutabetxo honetatik zorterik onena opatu eta nire elkartasuna adierazi nahi nieke bere egileei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.