Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Albini

2015eko urriaren 25a
00:00
Entzun
Gasteiz. Mugako festibala. Radithor bilbotar DJak Mikel Laboaren ahotsa sartu du loop eta beat elektronikoen artean, bere saioan. Elektrizitate estatikoko zurrunbiloak musikaren izaera espektrala indartu egiten duela iruditu zait, inoiz baino hipnotikoago bilakatuz. Zaila izango zait testuinguruak erabat baldintzatutako une hau inoiz ahaztea.

Testuingururik eza da gaurko musika munduan batzuek salatzen duten gaitza. Fitxategi digitala eta azaleko iruditxo txiki bat bihurtuta, diskoak ziberespazioaren ozeanoan galdu egiten direla diote. Garai bateko LP eta CD-ek zituzten liburuxka eta testuinguru espazio-tenporalik gabe, gaurko diskoak une baterako entretenigarri hutsalak bihurtu omen dira. Musika serio-aren gainbehera dakusate aditu askok, (Craig Havighursten artikulu batean irakurri dudan lez). Neurri bateraino ulergarria zait, eta, disko fisiko erosle amorratua naizen arren, ez nator bat iritzi horrekin.

Steve Albini musikari eta disko ekoizle beteranoaren jarrera baikorra askoz gustukoagoa dut. Barnetik bizi izan zuen Albinik 90eko hamarkadako musika industria, eta bere hitzaldietan garbi azaltzen du eredu hark korporazio handien diru egarria zein ederki asetzen zuen, eta artistengan ezartzen zuen morrontza zein itogarria izan zitekeen.

53 urterekin, Albini inoiz baino erosoago sentitzen da bere musika ezagutarazi eta testuinguru berrietan nahastu ahal izateko Internetek ematen dion ahalmenarekin. Are gehiago, Powell musikari elektronikoak Shellacen doinu bat bere musikan txertatzeko baimena eskatu zionean, techno musika makinala gorrotatzen zuen arren bere musika nahi zuen moduen erabiltzeko esan zion. Powellek doinu bikain bat atera berri du baimen horri esker, Albinik inoiz entzungo ez badu ere.

Dana ez da perfektua, baina nahasketarako ahalmena eta mugarik eza musikari eta entzuleen onurako dela uste dut orokorrean. Mugako festibalaren matraka elektronikoaz gozatu ondoren, kotxean N1-eko bakardade ilunean, Anariren Aurrekari penalak inoiz baino ederragoak iruditu zitzaizkidan, egia esan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.