Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Txalaparta-Tronik

2016ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Eta ur tanta batek memoria izango balu? Hots, molekula bakoitza pasatu den leku guztien arrasto bat gordetzeko gai balitz? Uraren ziklo etengabean, milioika aldiz egin du lurretik zerura eta bueltako bidea, aldi oro leku eta garai ezberdin batean eroriz. Eta, molekulek gordetako informazio hori irakurtzeko gai bagina? Zein historia kontatuko ligukete? Liburu eta entziklopediatan idatzi duguna edo oso bestelako, eta benetako, historia bat? Ofizialtzat dugun historia ez al dago ba mito eta gezur hutsez beteta?ยป.

Kontzeptu eder horretatik abiatu du Suso Saiz musikari handiak bere proiektu berria, aurreko asteburuan Gasteizko Mugako musika elektronikoko festibalean kontatu zigun legez. 30 urtetik gorako ibilbide luze eta oparoa eraman du Susok musikagintzan, bai sortzaile bezala, baita ekoizle eta ikertzaile moduan ere. Azken alor horretan, instrumentu ezberdinen tinbreak berebiziko garrantzia du harentzat. Ohiturak (eta historiak), musika ezberdinak beren doinu edota erritmikaren bitartez ezagutu, sailkatu eta alderatzera bultzatzen gaitu. Baina azken ikerketen arabera, gure gorputzek soinuarekiko duten sentsibilitatea tinbreari lotuta dago neurririk handienean. Hots, soinua sortzen duen instrumentuaren izaera fisikoaren ondorio den ezaugarri hori da gure zentzuak eta, bide batez, gure irudimena eta memoria gehien kitzikatzen dituena. Hari horri helduta, Saizek hamaika herrialdetako antzinako instrumentu eta eremuko hotsen grabaketak bildu, eta elektronikako moldaketa eta ehundurekin nahastu ditu, eta maitza harrigarriki koherente eta liluragarriak lortu. Didjeridoo edo txalaparta baten tinbrea softwareak artifizialki sortutakoarekin pentsa baino askoz hobeto bateratzen baita. Exotismo merkeen gainetik, denak dira sentiberatasun berberak piztutako irudimenaren isla.

Musika eta, oro har, soinua sortzeko erabiltzen ditugun tresnek ere memoria izango balute? Jotzea memoria hori askatzeko modua izan liteke, eta zer irakurriko genuke orduan? Are gehiago, irakurtzeko gai al gara? Eta irakurtzen ari garenaz jabetzeko gai?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.