Ilargi Agirre.
BI AHOTSETARA

Sailkapenak

2017ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Joan zaigu konturatu orduko urtea, eta abendua iristearekin batera, zerrendak eta zifrak nagusitzen hasi dira hedabide espezializatuetan. Lerroburuetan agertzen dira nazioarteko diskorik onenak 1etik 50era arte eta, hori gutxi balitz bezala, estiloetan sailkatutako azpi zerrenda laburragoak egiten dituzte gero. Disko bereziak eta abesti solteak ahaztu gabe, nola ez.

Aitortuko dizuet egia. Ni ere erortzen naiz askotan zerrenden zurrunbilo horretan eta halako zorabio puntu bat sentitzen dut sailkapenetan ezagutzen ez ditudan artistak nahi baino gehiago direnean. Nire ezjakintasun hori onartezina dela sentitzen dut bat-batean, eta presa eta ezinegon moduko batekin ezezagunak zaizkidan disko horiek bata bestearen atzetik ziztu bizian entzuten hasten naiz. Entzuten edo irensten.

Urteko onena irensteko egiten ari naizen intentsibo horren erdian nagoela, ordea, kotxean dudan disko erabiliegi batekin egiten dut topo. Mila entzunaldiren ondoren, zure abestirik gogokoenean erdi hondatuta dagoen horrekin. Eta errepidean ohartzen naiz patxadaz disko bat behin eta berriz entzutearen plazera zein handia den.

Ainara LeGardonen azkena da patxadaz entzuteko horietako bat. Legardonek hain ohikoa duen esperimentazioari jarraiki sortutakoa. Izan ere, musikariak adierazi duenez, Xabier Erkiziak Beran (Nafarroa) duen Mik estudiora bost anplifikagailu eta lau gitarrarekin iritsi zen, baina kantu bat ere ez zuen egina. «Zuk jo» esan zion Erkiziak eta hori da egin zuena. Zortzi hilabete pasatu dituzte instrumentuei ordura arte atera gabeko soinuak ateratzen, probatzen, ideia batek beste batera eraman ditu eta inprobisatuz osatu dute lana. «Orain egin akople bat», «orain errepikatu azken zati hori» agintzen omen zion Erkiziak. Ohikoa duen ingelesa alboratu eta gaztelerara jo du oraingoan LeGardonek, eta Hector Bardisa eta Ruben Martinezek osatzen duten trioari, Hannot Mintegia batu zaie gitarrarekin eta ahotsarekin. Ez dakit zerrendetan agertuko den baina, zalantzarik gabe, entzunaldiak merezi dituen diskoa da. Irenstekoa baino gehiago lasai ederrean entzutekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.