Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Ezkutukoak

2017ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Plazer eta jakin-min handiz irakurtzen ditut beti Bradford Bailey estatubatuarrak bere blogean idazten dituen sarrerak. Bere herrikide asko bezala, aztoratuta eta kezkatua dabil Donald Trump erakusten ari den portaerarekin eta, oro har, mundu mailan muturreko eskuina hauspotzen ari den xenofobia eta intolerantziarekin. Bere lidergoak, arrazismoaren erabilera estrategiko bat eginez eta ezezagunarekiko beldurra bultzatuz, gezur hutsetan eraikitako gorrotoa barreiatzen du bere erabaki eta mezuen bitartez, eta Bradfordek ondo dioen bezala, demokrazia batek ezinbestekoa du aniztasuna eta elkarren arteko errespetua.

Beraz, nolabaiteko akzio positiboa eragiteko asmoz, Bradfordek The Democracy Of Sound Project jarri du martxan bere blogean. Ideia sinplea eta, aldi berean, oso interesgarria da: Trump boterean dagoen bitartean, eta gutxienez astean behin, Bradfordek kultura, jatorri, maila sozial, erlijio, sexu genero edo joera ezberdina duen pertsona edo talde baten musikaz idatziko du bere blogean.

Bradford gizon heterosexual zuria da, aurten Azkena Rock Festibalean izango diren artista ia guztiak bezala. Festibal honetako karteleko 25 inguru taldetatik emakume bakar bat izateak ondo merezitako iskanbila eta haserrea sortu du sare sozialetan azken egunotan. Antolatzaileek emakumezko artistak ekartzen saiatu direla diote, baina aukeran gutxiago direla eta, gainera, galdetu dietenei, arazo ezberdinengatik etortzea ezinezkoa zitzaiela azaldu dute.

Aitzakiak aitzakia, adierazpen horiek funtsezko arazo larriago bat ezkutatzen dute. Hots, emakumezkoen lanak —kasu honetan, musika— itzalean diharduela oraindik, eta gizarteak —kasu honetan, rockzaleak— erabat barneratuta daukala egoera hori. Bere burua matxistatzat ez badute ere, zenbat emakumezko talde eta artista ezagutzen dituzte, zenbaten disko edo posterrak dauzkate zale horiek guztiek?

Ikusgaitasun falta da gakoa, eta, hor, Bradforden ereduari jarraituz, kazetariok badugu gure zeresana eta ardura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.