Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Jana

2017ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Ohi duen bezala, Derek Walmsley kazetariak Wire aldizkariko azken alerako idatzitako editoriala hausnarketa liluragarriz betea dator. Funtsean, sare sozialek norberaren benetako identitatea ezkutatzeko ematen duten aukeraz dihardu oraingoan. Troll anonimoek ahalmen hori botere joko maltzur bilaka daitekeela erakusten digute egunero. Musikaren alorrean ere, geroz eta maizago erabiltzen da baliabide hori eta egileari buruzko informaziorik gabeko argitalpen elektronikoak geroz eta ohikoagoak dira. Izena etengabe aldatzea, merkatuaren osagarri semiologikoarekin jolasten duen marketin estrategiaz gain, norberaren irudi finko bat mantentzearen zama arintzeko baliagarria izan daiteke.

Hala ere, metamorfosi modurik sakon eta poetikoena balitz bezala, soinu enigmatiko horien guztien ehunduran errotuta egilearen pertsonalitatea eta izate fisikoaren aztarnak sumatzea posible ote den galdetzen dio bere buruari. Egungo musika espresio eraginkorrenetako askotan, era batera edo bestera, norberaren identitatea eta gorputza baitute lanabes, fisikotasunik ez horri aurre eginez, agian. Aipatzen dituen artisten artean, oso gustukoak ditudan bi dira: alde batetik, Margaret Chadler (Pharmakon), eta bere orro elektroniko bortitza, non artistaren gorputza bera, drama guztiaren eremu, mendean hartu eta sufriarazteko lurralde eta, aldi berean, askapenerako baliabide den. Beste aldetik, Elysia Cramptonen soinu collage txundigarriak, bere hegoamerikar sustraien aitortza eta transgenero aktibismoaren arteko elkarrizketa etengabean oinarrituak.

Gure arteko adibideetan pentsatu dut hau guztia irakurtzean, eta Itziar Markiegiren lan aparta etorri zait burura. Bere queer izaera, era guztiz esplizituz gozatu eta erakusten duten gorputzen marrazki ederrez josi du bere webgunea, eta Magmadam bikotearen barne edo bakarlari bezala, Jana Jan izenpean, aldi oro Interneten botatzen dituen pieza elektroniko ziztatzaile, zaratatsu, zoragarrien muineraino errotuta daude, bai noski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.