Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Ah

2017ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Robert Northern (gerora Brother Ah), 1934an Ipar Carolinan (AEB) jaio, eta haurtxoa zela New Yorkera joan zen bizitzera. Han, bizilagun batek, Lehen Mundu Gerratean hildako bere senarrak utzitako korneta bat oparitu zion, eta Robertek udako arratsalde luzeak pasatzen zituen etxearen atzealdeko suteetarako eskaileran eserita, bere kornetarekin auzoko soinuak imitatzen saiatuz.

1960ko hamarkadan jazz sesio musikari ospetsua bihurtu ondoren (besteak beste, John Coltraneren eta Donald Byrden diskoetan), Ghanan denboraldi bat pasatu zuen 1972an. Hango herrixka batean, elektrizitate eta ur korronterik gabe, gauetan, izar eta ilargien argipean, New Yorkeko auzoko mutil hark bezalaxe, oihaneko musikaz jabetu eta harekin bat egiten saiatzen zen. Ikasketa akademikoaren beharrik gabe, soinu hura bere barnean erabat errotuta gelditu zen, eta, handik aurrera, bere adierazpide nagusia bilakatu ere bai. Inguruneko soinuez jabetzea («sound awareness» deitzen du berak) da gakoa, eta AEBetara bueltatzean, Sun Ra maisu handiaren taldean eta bakarka egingo zuen doinu guztien oinarria.

Egun, Robertek zera esaten die bere ikasleei: «Lurrean gure musikarik ez balego, musika ez litzateke desagertuko, naturaren musika entzungo baikenuke». Ikasle horiek umeak dira eta haiekin sarritan kalera irteten da, entzuten dituzten soinu guztiak gogoratu eta gelara bueltatzean idazteko eskatzen die. Aho bete hortz uzten dute umeek entzundako txori eta zomorro zaratatxoek, Roberten belarriek, trafikoaren zaratara egokituta, natura entzuteko gaitasuna galdu baitute (gu guztion antzera, ezta?).

Brother Ah-ren disko guztiak berrargitaratu berri dituzte. Bihotzez gomendatu aurretik, istorio txiki hau ekarri nahi izan dut gogora, eta bide batez, beste behin, Beñat Axiarik bere haurtzaroaz eta bere herriko soinuez kontatu zidan oso antzeko hura ere. Xinpleak, pittin bat naif agian, baina halakoak izaten dira askotan egia handienak, sakonenak eta argitsuenak, begien aurrean edo, hobeto esan, belarrien aurrean dauzkagun arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.