Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

25

2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Aurten, Mark Ernestus eta Moritz Von Oswalden Basic Channel diskoetxearen sorreraren mende laurdena beteko da. Enforcement lehen12 hazbetekoaren atzetik, beste zortzi argitaratu zituzten urtebeteko epean. Bai azalean, baita barnean ere, antzeko ildo estetiko misteriotsuari jarraitzen diote guztiek. Hezurdura hutseko techno gordina, zuzena, eta aldi berean zehaztasun ñimiñoeneraino zaindutakoa. Bederatzi diskoetan zabaldutako substantzia likidoa, beti bera eta beti ezberdina. Diskoen galleta guztietan, mikroskopioz ateratako irudietan oinarritutako antzeko estetika grisa. Ehunduren ñabardurak kode sekretu baten giltzak bailiran, musika bera bezalaxe. Disko hauei esker aurkitu nuen techno musika, baita betirako maitemindu ere. 25 urteren bueltan, arras ezagunak izan arren, lehen eguneko esperientzia berritzaile eta harrigarri berbera eragiten dute nigan. Antzemanezina zait, oraindik ere, artefaktu magiko hauek gorpuzten duten egituraren misterioa.

Basic Channel, harresia bota berri zen 90eko hamarkadako Berlin zirraragarrian, bunker moduko klub erdi klandestino haien oinordekoa da ezbairik gabe, baina baldintza haiek gainditzeko gai izan da. Ernestusek eta Von Oswaldek ez zuten beren izena eman nahi garai hartako elkarrizketetan, eta kazetariei, arren, beren hitzak ez grabatzeko eskatzen zieten. Egun, askoz ezagunagoak izan arren, ekoizten dituzten doinu eta kolaborazio guztietan itzalean mantentzen dira beti, musikari bere kabuz espresatzen, arnasa hartzen, hazten, nahasten eta aldatzen utziz eta jatorrizko jarrera anonimo hari eutsiz.

Egungo musika elektronikoa ikusgarritasun zabalagoa eskuratzen ari den heinean, industria korporatibistaren tranpan erortzen ari da sarritan. Produktu finko, identifikagarri, eroso eta salgarri bihurturik, entretenigarri kamutsa baino ez da. Ernestus eta Von Oswalden musika mugarik gabeko izaki aldakor eta kutsakorra da, ordea, eta gaur, agian inoiz baino gehiago, gauzak beste era batera izan zitezkeela eta oraindik ere izan daitezkeela gogorarazten digute. Entzun arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.