urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Has dadila jaia

2020ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Baionan bazkalostean, Iruñean bazkaltzean eta Bilbon bermutaren amaieran dauden inguru horretan argituko du Punxsutawneyn (AEB) gaur. Phil gordelekutik irtengo da, eta bere gerizpea ikusi ala ez, neguak beste sei aste iraungo duen esango die Pennsylvaniako herritarrei. Guk marmota batek esaten digunaren zain egon gabe lurra makilaz kolpatuz etzi egingo duguna, alegia, esnatzen hasteko sasoia duela jakinarazi.

Iratzartzen denean, Marmotaren Eguna joan bai, baina gauza batzuk aldatu direla nabarituko du, beharbada. «Lainoa kanalean, kontinentea bakartuta» lelo britainiar zaharra inoiz baino benetakoagoa dela, esaterako. Calaistik (Frantzia) Doverrera (Erresuma Batua) begira bezainbat Irlandako uhartean: Ingalaterragatik urrundu nahi zuenak hurbilketa izan lezake erantzun, eta irla batua azken buruan. EB Europako Batasunean 28 estatu zeudela hasi naiz artikulu hau idazten, eta 27 izango ditu amaieran. Paradoxaz, berriz 28 izateko aukerarik handiena ez dute ate joka ari diren Balkanetako herrialdeek, bere borondatearen kontra atera duten Eskoziak baino. Bai, Irlanda barrutik desagertzeaz bat, Britainia Handiko uhartera irits liteke EBko muga.

Duela lau urte baino gutxiago, gutxik irudikatuko genuen lekuan gaude. Eta ezin ahaztu, 2016ko ekaineko ezustekoaren ostean, azaroan erabat seguru geundela gidoia beteko zela, Hillary Clinton izango zela AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente. Inkesta bat oker egon zitekeela, baina denak ez, jokoan zeuden dozena erdi estatuetatik bakarra irabaztea nahikoa zitzaiola Clintoni, eta Donald Trumpek denak bereganatu behar zituela itxaropenik izatekotan.

Lau urte geroago, Erresuma Batua EBtik kanpo dago jada. Eta AEBetako boz lasterketa bihar hasiko da Iowan. Impeachment edo hura kargugabetze auziaren amaieran dator prozesuaren hasiera. Atzo bertan jasan zezaketen demokratek azken porrota, eta, azkenean, badirudi asteleheneko caucus-a amaituta iritsiko dela Trump absolbituko duen bozketa.

Inkestak betetzera, Bernie Sandersek aurrea har lezake alderdi demokrataren primarioen lehen jokaldian, Joe Biden ere hurbil ageri zaion arren. Alexia Ocasio-Cortezek esana du herrialde gehienetan bera eta Biden ez liratekeela alderdi berean egongo, bere burua ezkerrean eta presidenteorde ohia zentroan edo zentro-eskuinean kokatzen baitzen, baina AEBetako sistema politikoak hala elkartzen dituela biak ere.

Marmotaren Eguna joan eta euskaldunok lurra iratzartzen dugunean —samiek ere datorren astean dute euren egun nazionala, gau luzearen ostean Artikoan lehen eguzki printzak agertzeaz bat—, AEBetako bozen kanpainak ofizialki ekiten dio urte luzeari: udara arte, alderdi demokratako hautagaia erabakitzeko, eta, handik azarora arte, Trumpen aurkako lehian. Presidenteak garaipen garrantzitsua izango du kargugabetzean absoluzioa lortuta, baina hura kendu gura dutenek ere lasaitua sentitu beharko lukete: Mike Pence presidenteordeak aginte makila hartuta, askoz aurkari zailagoa suerta dakieke garaitzeko. Eta, politikari kontserbadore tradizional baten itxuran, buruzagi ultraeskuindar bat dago.

Iowatik New Hampshirera, handik Astearte Handira, eta, astez aste, telebistako ikuskizun gisa har liteke, milioika dolar xahutzen eta herrialde erraldoian atzera eta aurrera hegazkinez kutsatzen dihardutela. Badu horretatik guztitik, eta, hala ere, gizarte zibilaren aktibaziorako eta eztabaidarako lekurik interesgarrienetakoa bihurtu dira, halaber, demokraten primarioak. Helbururik behinena Trump kanporatzea bada, hautagai zentrista batek duela lau urte joan zitzaizkien langile zuriak erakartzeko gaitasun handiagoa daukala argudiatuko dute batzuek. Epeletik jota irabazterik ez dagoela besteek, Trumpen ostean iragan patxadatsu imajinario batera itzultzea ezinezkoa dela, irudimenean baino ez dagoen une eta leku bat delako.

Errealistagoa dela Sandersen eskutik datorren AEBetako egitasmo iraultzailea, alegia. Biek ere besteari botorik emango ez lioketen jarraitzaileak dituzten jakitun, Elizabeth Warrenek esana du bera dela sektore guztiak erakar ditzakeen bakarra. Eta gizonezko hautagaiek ez bezala, parte hartu duen bozketa guztiak irabazi dituela gogora ekarri zuen Des Moineseko eztabaidan.

AEBen doinuan dantzan egiteko urtea da, nahi eta nahi ez. Goza dezagun bada, jaia hastear da eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.