500 MILIOI EUROKO GELTOKIRA

Renferen lehiaketa bateko hautagai bakarra da CAF: 483 milioi euroko kontratu bat da, eta luze gabe egingo dute adjudikazioa. Renferen megakontratuetatik at gelditu ostean, Beasaingo enpresak adjudikazio hori lortzea espero du.

Beasaingo CAF konpainiaren tren elektriko bat. CAF.
xabier martin
2022ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Ia 500 milioi euroko kontratu batera daraman bidean da CAF. Espainiako Renfe udan da ixtekoa martxan duen lizitazio handi baten epea, eta, kudeatzaile publikoak berak BERRIAri berretsi dionez, Beasaingo CAF da eskaintza aurkeztu duen konpainia bakarra. 483 milioi euroren truke, 57 tren elektriko eskatu ditu, eta hamabost urteko mantentze lanak egitea. Distantzia ertainean katenariarekin aritzeko ibilgailuak dira. Euskal konpainiak badaki gaur arte kontratu handi hori lortzeko hautagai bakarra dela, baina zuhurtziaz ari da lehiaketaren nondik norakoak jarraitzen, Espainiako Garraioen Ministerioak —haren esku dago Renfe— oraindik ez baitu lehiaketaren epea itxi.

Kontratuaren adjudikazioa luze gabe egingo du Madrilek, ordea: azken erabakia uda aldera hartzea dauka aurreikusita, egunkari honi aurreratu dionez. Horrelako lizitazio handietan ohikoak diren helegiteak ez baleude, CAFek eramango luke 483 milioi euroko kontratua. Renfek berak dio erabaki hori litzatekeela «normalena» CAF izango balitz hautagai bakarra abuztuan ere.

Baina zergatik aurkeztu du soilik CAFek eskaintza sektoreko eragileen fakturazio kontua asko gizentzeko gai den kontratu horretarako? Badira bi aldagai behintzat egoera ezohiko hori azaltzeko. Lehena kontratuaren ezaugarriei dagokie, eta azken urteetan Renfek egin dituen megakontratuen adjudikazioen testuinguruari.

Aurreko urteko apirilean, Renfek bertan behera utzi zuen 1.300 milioiren truke 72 tren egiteko lehiaketa bat, eta eskaera hori bitan banatu zuen: 483 milioi euroko kontratu bat sortu zuen, 57 tren elektriko egiteko. Lehiaketa hori hala egitea erabaki zuten CAFen eta Talgoren neurrira egon zedin, jatorrizko 72 tren horiek hidrogeno bidezko trakzioarekin nahi baitzituen Renfek, Europako funtsen hauspoa baliatzeko. Hidrogenoaren baldintza horrek, ordea, lehiaketatik kanpo utziko zituen CAF eta Talgo, oraindik ez baitute teknologia hori ez batak eta ez besteak, nahiz eta garatzen hasi diren; Iberdrolarekin batera ari da CAF hidrogeno trenaren proiektuan.

Irabaziak sortzeko lanak

Edonola ere, Renferen azken megakontratua, 2.726 milioi eurokoa, Alstomentzat eta Stadlerrentzat izan zen, iazko martxoan, eta Renfek badu nolabaiteko zor bat CAFekin: kudeatzaileak bere eskaeretatik kanpo utzi du Beasaingo enpresa, Espainian sektore horretako enplegatzailerik handiena den arren. Izan ere, 2016ko azaroan, Talgorentzat izan zen 2.600 milioi euroko beste kontratu handi bat. CAFeko zuzendaritzari oso gaizki iruditu zitzaion adjudikazio hori, eta helegiteak ere egon ziren tartean. Orain, itxura guztien arabera, euskal konpainiaren txanda helduko da.

«Publikoa dena besterik ez dakigu, alegia, hautagai bakarra garela gaur arte», esan dio CAFek BERRIAri. Baina oso zuhur azaldu dira iturri ofizialak: «Badakigu oraindik ez dela itxi, eta gero ikusi behar da ez dagoela helegiterik edo antzekorik. Edonola ere, lortuko bagenu, albiste ona litzateke guretzat, noski».

Badago, ordea, bigarren aldagai bat azaltzeko beste konpainien eskaintzen gabezia Renferen lizitazio horretan. Ekoizpen kostuek izugarri egin dute gora, inoizko energiarik garestienaren itzalean, eta pandemia osteko lehengaien eta osagaien gabeziak eta garestitzeak eraginda. Egoera horretan, sektoreko eragileak beldur dira Renferen 483 milioiko ordaina irabaziak edukitzeko marjina estuegia ote den. Inork ez du nahi mozkinik sortu ez eta galerak eragin ditzakeen fakturazio bat. Lizitazioaren baldintzen artean, Renfek ez du jaso prezioen garestitzea, eta ez du eskaini kontratuaren kopuruak gaurkotzeko klausularik, eta CAFek azkenerako adjudikazio hori lortzen badu, oso zorrotz jokatu beharko du.

Asteon, ordea, Espainiako Garraioen ministro Raquel Sanchezek ateak zabaldu dizkio inflazioa aintzat hartu eta prezioak gaurkotzeko aukerari, azken urteotako adjudikazio handien kasuan. «Badakigu konpainiak kezkaturik daudela ekoizpen kostuen garestitzea dela eta», idatzi du ministroak sare sozialetan, aditzera emanez Madril prest dagoela ogasunarekin koordinaturik zerbait egiteko.

Alstomek, Stadlerrek eta Talgok Sanchezen gobernuari eskatu diote inflazioa kontuan hartzeko klausula bat aktiba dezan beren adjudikazio erraldoietan: ez dute argi ikusten irabazi marjina. Guztira, 4.142 milioi euroren kontratuak banatu ditu Renfek azken bi urteotan; CAFekin 258 milioiko bat egin zuen 2020ko abenduan. Bestalde, martxan duen 483 milioi euroko lehiaketan ere horrelako klausula bat jarriz gero, CAFek hautagai bakarra izateari uzteko arriskua luke, beharbada.

Ikusi gehiago:Saltzea ez da beti irabaztea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.