Saltzea ez da beti irabaztea

Aurreko urteetan lotutako kontratuetan, euskal industriak ahalegin berezia egin beharko du irabazi marjina babesteko, ekoizpen kostuen garestitzeak estutu egin baitu irabazien tartea.

Sestaoko Naval zenaren garabiak eta nasak, jarduerarik gabe. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
xabier martin
2022ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Nola liteke eskaera poltsa duen enpresa bat horrela egotea?», galdetu zuen Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk 2017ko irailean. Navali buruz ari zen, segidan gertatuko zen hondoratzea aurreratuz. Sestaoko ontziolaren azken urteetako kudeaketa okerrean dago erantzuna: irabazi marjinarik gabe ekoizteak galerak ekartzen ditu, eta Navalek galerak gizendu zituen Herbehereetako TESO konpainiarentzat egindako Texelstroom ferryarekin eta beste kontratu batzuekin ere bai. Vox Alexia dragaontziaren amaiera tristea aurretik zetorren kudeaketaren ondorioa baizik ez zen izan. Batzuetan oinarrizkoena ahazten da: teknologia, lantalde trebatua eta kapitalizazio nahikoa eduki arren, dirua irabazi behar dela salmentak egitean.

AFM makina-erremintaren klusterreko zuzendari Xabier Ortuetak beste hitz batzuekin gogoratu du, berriki, enpresentzat oinarrizkoa den egia hori. Eta, bide batez, ahotsa jarri dio euskal industriaren izen handien artean azkar zabaltzen ari den birus bati: ekoizpen kostuen garestitze handiek irabazi marjinak ezerezean utziko ote dituen beldurra.

«Irabazi marjinak defendatzea izango da aurrerantzean gure enpresen benetako erronka». Paradoxa da: abisu horrekin batera, Ortuetak makina-erremintaren hazkundea iragarri du 2022rako; alegia, lan poltsak beterik daude, baina kontratu horiek energiaren, lehengaien eta osagaien kostuak galgarik gabe hazi aurretik lortu ziren, eta, orain, ezbaian dago salmenta horiek mozkinak sortzeko gai izango ote diren; batetik, epemuga zehatz batzuetan entregatu behar dituztelako, eta, bestetik, salmenten prezioak aurretik ezarriak daudelako.

Berriro arazoak Txinan

COVIDa Shanghain (Txina) eta beste portu batzuetan eragiten ari den kolapsoak ere ez du laguntzen enpresen kezka arintzen. Hornidura kateetan egon diren eta oraindik ere badauden etenak mehatxu argi bat dira kontratuen epeak betetzeko. Salmentak prezio eta epe jakin batzuetan egiten baitira, eta AFMko zuzendariak adierazi du enpresa batzuek mirariak egin beharko dituztela horiek betetzeko.

Irizar taldean ere ari dira sumatzen inflazioaren presio handi hori. Energia eta Hiri Mugikortasuneko zuzendari Garikoitz Telleriak esana dio BERRIAri «tamalez» ezin dutela kostuen garestitzea autobusen azken preziora eraman. «Kontratuan datoz baldintza jakinak, eta lehiaketa publikoetan ez dago ezer aldatzeko modurik. Egoera ez da erraza, eta bezeroengana bazoaz tarifa garestitu behar duzula esatera, esango dizu berak ere ezin duela garestitu autobus txartela».

Burdina, aluminioa, kobrea, nikela eta beste lehengai batzuk oso beharrezkoak dituzte industria aurreratuan, adibidez, bateriak egiteko; zer esanik ez erdieroaleak. Aurrena pandemiaren irteera zalapartatsuak, eta gero Ukrainako inbasioak gora eta gora eraman dituzte prezioak. Ekoizpen kostuen garestitze historikoaren agertokian, konpainia askoren arazoa ez da lan poltsa beterik edukitzea, baizik eta lortutako kontratu horietan aurreikusitako irabazia lortzea.

«Kostuen igoerak eragina izango du enpresen emaitza ekonomikoetan», esan du modu argian Arrasateko Fagorreko komunikazio arduradun Edorta Mendietak. «Kostuen gorakada gure prezioetan jasotzea oso zaila da, eta, azkenean, askori gertatuko zaigu irabazi tartea gehiegi estutuko zaigula». Arrasateko makina-erremintako konpainia hori ez da argindar kontsumitzaile handia, altzairutegiak eta porlanaren sektorekoak bezala, baina ez da kontsolamendu handia. «Burdin asko behar dugu, eta lehengaiak izugarri igo dira; adibidez, kobrea. Itsasoko garraioa modu ikusgarrian garestitu da, gainera».

Argi dago prezioen gaurkotze klausulak aktibatzen ez badira enpresei ez zaiela erraza izango salmentak irabazietara eramatea.

Ikusi gehiago:500 MILIOI EUROKO GELTOKIRA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.