Oihana Elduaien Uranga.
HIZPIDEAK

Barealdian

2022ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Feminismoaren eztanda izan zen 2018a. Urteetan lan isil eta nekaezinean aritutako milaka feministak beste milakaren errekonozimendua jaso zuten. Ez zuzenean, baina bai M-8ko aldarrikapenekin bat eginez kalera aterata. Urteetan egindako lanaren emaitza izan zen hainbeste emakumek kaleak hartzeko urratsa egitea. Zaintza zen gaia orduan. Eta zaintza da gaia aurten ere. Baina zaila izango da 2018ko indar hori berriz ere kalean ikustea.

Gauza asko pasatu baitira ordutik. Tartean, azken hondarrak ematen ari dela dirudien pandemia bat. Garai gogorrak izan dira, eta badirudi horrek areagotu egin duela gizartearen polarizazioa. Alde edo kontra, erdibiderik gabe. Batzen duenean baino gehiago, banantzen duenean arreta jartzeko joera. Eta gauzak zer diren, pandemia garaian zaintzaren beharra inoiz baino begi-bistakoagoa izan den arren, arazoa konpondu gabe dago, eta horrek ez du kalean indarrak ugaritzea eragin. Kalean ikusiko da indarra gaur. Izan mobilizazio bakarrean, bitan edo hirutan, baina kalean dagoena zapalkuntzen kontra dago. Eta zapalduta eta banatuta zailagoa da.

Barealditxoak izaten dira behin betiko lurrikararen aurretik. 2018aren aurretik ere izan ziren. Eta orduan bezala, orain ere badira etengabeko lanean ari diren milaka feminista. Pandemiatik esnatzen ari da gizartea, eta lurra dardarka jartzen hasteko lehen urratsak egiteko aukera ona da gaurkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.