Donostiako Musika Hamabostaldiak entzule berriak gonbidatuko ditu

Musika klasikoko kontzertu batera sekula joan ez direnek jaialdiko emanaldi bat doan entzun ahal izango dute, #SOLasean programarekin

Erredakzioa
2022ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Pandemiaren ondorioz bi urteko etenaldia egin ostean, #SOLasean programa berreskuratuko du Donostiako 83. Musika Hamabostaldiak. Haren bidez, jaialdira gerturatu nahi dituzte musika klasikoaren jarraitzaile ez diren horiek ere. Hala, musika klasikoko emanaldi batean sekula izan ez diren hainbat pertsonak aukera izango dute festibaleko kontzertuetako bat doan entzuteko.

2014an sortu zuten #SOLasean programa, eta, ordutik, 200 lagunetik gora izan dira jarduera horretan parte hartu duten entzuleak. Jaialdiak ohar baten bitartez azaldu duenez, «asko dira musika klasikoko kontzertu batean sekula izan ez diren hiritarrak, musika mota hori arrotza zaielako, edota ez direlako musika klasikoaren jarraitzaileek osatzen duten talde berezi horretako kide sentitzen... Itxuraz Hamabostalditik urrun dauden pertsona horiek dira, hain zuzen ere, #SOLasean ekinaldiaren jomuga».

Parte hartzaileek operaren, orkestra handiak protagonista dituzten musika klasikoko Kursaaleko kontzertuen eta Tabakalerako dantza garaikideko emanaldien artean aukeratu ahal izango dute. Aurten, gainera, «inoiz baino aukera zabalagoa» eskainiko dutela jakinarazi du jaialdiak; batetik, ohi baino kontzertu gehiagotan izena eman ahalko delako, eta, bestetik, lehen aldiz, dantza garaikideko emanaldietara joateko aukera ere izango delako.

Emanaldien aurretik, saioaren nondik norakoak azalduko dizkiete parte hartzaileei, eta amaieran ere talde txikietan biltzeko aukera izango dute, iritziak trukatzeko, Kursaaleko jatetxean edo Tabakalerako kafetegian. Bi adin tartetan bereiziko dituzte solasaldietako lagunak: 18 eta 30 urte artekoak batetik, eta 30 eta 55 urte artekoak bestetik.

Parte hartzeko, beharrezkoa da Musika Hamabostaldiaren webgunean aurrez izena ematea; eguna eta adin tartea aukeratu baino ez da egin behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.