Literatura. 'Laranja mekanikoa'

Hizkuntzaren obsesioak

Idazlea: Anthony Burgess. Itzultzailea: Ion Olano Carlos. Argitaletxea: Meettok.

2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Sarri askotan, egile handi baten lanik enblematikoena ez da izaten berak gehien estimatzen duena. Halaxe gertatu zitzaion Nabokovi Lolita-ren aparteko arrakastarekin, eta orobat Anthony Burgessi bere Laranja mekanikoa honekin. Hiru astean idatzi omen zuen, diruz larri zebilela, eta gerora aitortu zuen prest zegoela nobela «gaitzesteko». Halere, nobelaren sona eta eragina literaturatik harago hedatu dira, eta jadanik ez dugu haren pasarterik irudikatzerik Stanley Kubricken filmaren estetikaz akordatu gabe.

Indarkeria dago nobela honen muinean. Etorkizuneko Ingalaterra distopiko batean dago girotua, non gazte banda kriminalen ultraindarkeria ekintzak eguneroko —gaueroko— ogi baitira. Gazte horietako bat da Alex, protagonista, zeinak bere taldearen hainbat indarkeriazko pasadizo kontatzen baitizkigu nobelaren lehen partean. Hurrengoetan, bortxa horrek beste hainbat noranzko eta forma hartuko ditu; estatu indarkeria, besteak beste. Alde horretatik, Alex bortxaren bidegurutzean dago, berak ezarririko indarkeriaren eta ezartzen diotenaren artean; «benetan mundu gaizkilea eta lizuna, zuek denok eraikitzen ari zaretena», esaten dio kartzelazain jazarleak Alexi berari, bitasun horren lekuko.

Alabaina, Alexek berak beste nonbait aitortzen duenez: «Ni ez nauzu gaizkile kriminal arrunta, jauna, eta ni ez naiz higuingarria. Gainontzekoak izan daitezke higuingarriak, baina ni ez». Alexek musika klasikoa maite du, batez ere Ludwig Van Beethoven, eta bere bortxazko egintza oro nolabaiteko apreziazio estetikoz bustia dago, halako sadismo artistiko batez. Dena den, pertsonaia karakterizatzeko elementurik inportanteena linguistikoa da, Burgessen dohain literarioak gorabehera. Nobela hau tour de force bat baita, bai, baina gehienbat hizkuntzaren aldetik. Burgess aditua baitzen hizkuntzalaritzan, eta ezagun zaio, saiakera linguistiko bat egin baitzuen nobela honekin, nadsat edo gazte hizkera berezi bat sortu eta Alex narratzailearen ahotsa hizkera horretan isuriz. Hizkera horrek errusierazko mailegu ugari darabiltza, besteak beste, eta liburuaren amaieran badago hiztegi bat, 250 hitzekoa. Horrek lana zailtzen dio irakurleari, zeinak etengabe jo behar baitu hiztegira, hasieran behintzat. Alabaina, aurrera egin ahala, irakurlea nadsat hiztegia barneratuz doa, eta ohartzerako bere egiten du Alexen subjektibitate konplexua: Harkaitz Canoren epilogoko hitzetan, irakurleak «hizkuntzaren berreziketa» pairatzen du, Alexenena bezalako prozesu batean.

Obraren karga estetikoa hein handi batean linguistikoa izanik, itzulpen lana benetan delikatua da, kontua ez baita Burgessek sorturiko hitzak itzuli eta edonola eranstea testuari. Aitzitik, hizkera berezi hori sinesteko moduan ekarri behar da euskarara, eta euskaran bertan integratu; alde horretatik, arrakasta ukaezina iruditzen zait. Itzultzailearen oharretan ere igartzen da halako lan batek ezinbestean behar duen eldarnio eta obsesio puntua, eta ez beti onerako, oharrok gehiegizkoak baitira batzuetan 100, orotara, batik bat erreferentzia kultural eta literarioez gain egilearen xehetasun biografikoetan sartzen denean. Nolanahi ere, aise barkatzen zaio hori, halako obsesio punturik gabe nekez izango baikenuke hain itzulpen zinez horrorxou-rik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.