Haur eta gazte literatura. 'Siberia treneko ipuinak'

Bakarty James maite genuenekoa

Idazlea: Bernardo Atxaga. Ilustratzailea: Hainbat. Argitaletxea: Erein.

2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Mundua hankaz gora ez balego, buruz jakingo zenituzke liburu honetako ipuinak.

Baina demagun mundua hankaz gora dagoela, eta ez duzula hauen berririk.

Jakizu, bada, bilduma berrargitaratua dela lau ipuin hauekin: Antonino Apreta, Txiten istorioa, Asto bat hipodromoan, eta Jimmy Potxolo. Lehen eta hirugarren ipuinak Jon Zabaletaren ilustrazioekin jantzita daude; bigarrena Asun Balzolarenekin; eta laugarrena Antton Olariagarenekin. Ez dugu ilustratzaileen ekarpenaz zabalago aritzeko tarterik, baina gogoan har Balzolak Bratislavako sari ospetsua jaso zuela lan honengatik, eta Olariaga zein Zabaleta euren sorkuntza maila gorenean ari zirela...

Egin dezagun memoria pixka bat gehiago.

Hasieran, Ereinek ale soltetan argitaratu zituen, 1982. eta 1984. urteen artean, Siberia treneko ipuin eta kantak deitzen zen bilduma osatuz. Izenburuaren bigarren parteari kasu eginda, 1986an jarraipen musikatua izan zuten, Flanery eta bere astakiloak (Elkar) LP/CDan. Lau ipuin horienaz gain, beste sei kanta ditu diskoak, hitz guztiak (katxondeo hutsa) Atxagarenak dira, JC Perezek musikatu zuen (erritmo dantzagarri-jostalariekin), eta Itoizeko hainbat jotzailerekin grabatua izan zen —gure etxean BERRIA egunkariak berrargitaratutako edizioa erabiltzen dugu, plazer handiz—. Azken bitxikeria: ipuin bakoitzak bere abestiaren hitzak eskaintzen ditu, amaieran.

Siberia treneko ipuinak ez dira lau ipuin solte. Liburuaren sarreran tren batean doazen lau pertsonaia aurkezten zaizkigu, Moskutik Siberiarako bidean, Atxagini, McAtxagen, Atxagof eta Atxaga deritzenak, treneko egun luzeetako ordu are luzeagoak entretenitzeko, ipuin kontari. Hurrenkeran, ipuin bakoitzaren aitzin solas gisara agertzen dira lau bidaiarien pasarteak —honen falta sumatu dut: pertsonaia horiekin osatzea amaiera, lana biribiltzeko—.

Berrargitalpenak ez ditu ipuinak aldatu. Erkatu ditudan biak (Jimmy eta Txitoena) bere horretan mantendu dira, (orto)grafia berregokitze txiki batzuk salbu, orriz orri, fotokopiak balira bezala.

Ipuinok tradiziozkoen ezaugarriak dituzte, baina idatzizko sorkuntza izanik, idazlearen asmoetara moldatuta agertzen dira ezaugarriok. Itxura tradizionalena Antoninoren ipuinak dauka, Axut saileko Martixio asmatzailea, edota Lau anaiak bezalakoekin erraz batzeko moduan. Txitoena, txikienek ibiltzen dituzten animalia ipuinen artean sailka daiteke, erresoluziorako erabiltzen duen pasarte irudimentsu eta aski interesgarria barne. Hipodromoko astoarena da lauetan irakaspena gehien lantzen duen ipuina, egitura eta kontamolde aldetik Bremengo musikarien ipuinarekin aski ongi ezkon litekeena, bestalde. Azkenik, Jimmy Potxolorena da, nire ustez, sorkuntza modernoena, besteak beste pertsonaien trataera psikologiko ñabartuena erakusten duelako, eta gure egungo ajeen ispilutzat har litekeelako, bere neurrian bada ere.

Guztietan literatur eta hizkuntz estetika nahia gailentzen da, irakaspen asmo bakanen gainetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.