2023ko aurrekontuak

0-2 urte artekoen hezkuntza doakoa izango dela iragarri du Eusko Jaurlaritzak

Beatriz Artolazabal sailburuak adierazi du 200 euroko laguntzak unibertsalizatuko dituztela 0-3 urte arteko haurrak dituzten familientzat

Jokin Bildarratz, Donostian egindako agerraldi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Iraia Vieira Gil - Jone Arruabarrena
2022ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Haur eskoletarako aurrekontua %8,93 igo dute; guztira 61 milioiko gastua izango da, eta bide emango du 0-2 urte artekoen hezkuntza doakoa izateko. Atzo eman zuen horren berri Jokin Bildarratz Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, sail horretarako datorren urteko aurrekontuak aurkeztearekin batera. Behar bereziak dituzten haurrentzako irakasle laguntzaileak ere indartuko ditu Eusko Jaurlaritzak, 3.570 irakasle izatera iritsi arte.

Esan duenez, irakasle laguntzaileak indartzeko, 200 milioi euro inbertituko ditu Jaurlaritzak. Aurrekontua %10,77 handitu dute; koronabirusari aurre egiteko programak desagertu egin direlako. Guztira, 3.477,7 milioikoa izango da. Euskara sustatzeko, 9,5 milioi jarri ditu Jaurlaritzak.

Hain zuzen, azaldu du aurrekontuaren zati bat «inklusiorako» baliatuko dutela, inor «atzean» ez geratzeko. %6,3 handituko dute pedagogia terapeutikoko irakasle kopurua, eta %7,9 behar bereziak dituzten haurrei laguntzeko irakasle berezien kopurua. 107 orientatzaile gehiago ere kontratatuko dituzte, eta, horrez gain, 123,3 milioi bideratuko dituzte unibertsitatetik kanporako laguntza ekonomikoetara. 68,2 milioi, berriz, garraiorako eta jantokietarako baliatuko dituzte.

514 milioiko gastua iragarri dute unibertsitateko politiken koordinaziorako eta ikerkuntzarako. Horietatik, 362,9 milioi «EHUren funtzionamendua» bermatzeko erabiliko dituzte. Hain zuzen, 14,6 milioi Bilboko Erizaintza eta Medikuntza fakultaterako izango dira, eta 46 milioi, beketarako —joan den urtean baino %3,14 gehiago—.

Laguntza gehiago

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak ere atzo iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak hilean 200 euroko laguntza emango duela hiru urte baino gutxiago duen seme-alaba bakoitzeko, familiaren errenta aintzat hartu gabe. Iñigo Urkullu lehendakariak maiatzean eman zuen lehen aldiz laguntza horren berri, baina 100.000 euro baino gutxiagoko errenta zuten familientzat zen soilik. 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera jarriko da indarrean laguntza hori, ordura arteko atzerako eraginarekin.

Artolazabalek azaldutakoaren arabera, laguntzaren aldaketa horrek bide ematen die prestazioen «unibertsalizazioari» eta «eskubide subjektiboari»: «Familia guztiek eskuratu ahalko dute diru laguntza hau, haien egoera edozein dela ere». Eusko Jaurlaritzak hori bideratzeko «esfortzu handia» egin duela ere azpimarratu du, eta ondorioak positiboak izanez gero litekeena dela laguntza «zabaltzeko» aukera izatea. Oraingoz, gehienez hiru urte dituzten umeetan jarri dute muga.

Laguntzak, gainera, bateragarriak izango dira 4-7 urte bitarteko familia ugarientzat egun dauden prestazioekin, zerga kenkariarekin eta DSBEak seme-alaba bakoitzeko dituen laguntzekin.

Justizia eta gizarte gaietako aurrekontu proposamenaren xehetasunak azaldu ditu Artolazabalek legebiltzarrean. Berdintasun Sailean, bereziki Emakunderako diru sailak eman du eztabaidarako. Oposizioak egotzi dio gero eta inbertsio ahulagoa egitea. Emakunde Lehendakaritzaren barruan zegoenean %18rainoko igoera izan zuen. Aurkeztu berri dituztenetan %1ekoa baino ez du izango, baina aurrekontuak oro har %9 igo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.