Carlos Rozanski. Epailea

«Umeen aurkako abusuek ez dute zerikusirik beste delituekin»

EUSKO LEGEBILTZARRA.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2019ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Haurren aurkako sexu abusuen alorrean nazioarteko erreferentea da Carlos Rozanski epaile argentinarra; besteak beste, jaioterrian lege aitzindaria sortu zuelako. Eusko Legebiltzarrean izan da berriki, abusuen auzia aztertzen ari den batzordean.

Zer lotura dute haurren aurkako sexu abusuek GASarekin?

Abusuekin lotutako elementu zentral bat dira aurrerabideen aurka daudenek —abusatzaileek edota abusutik etekina ateratzen dutenek— jartzen dituzten ozpoak. Abusuen fenomenoa hobeto ulertzen lagundu duten aurrerapausoak egin direnean, erreakzioak izan dira: eraso egin zaie haurrei, amei, arloan lan egiten duten langileei. Oztopo horien artean daude GASa eta existitzen ez diren antzeko sindromeak. Baina erakundeak legez behartuta daude oztopo horiek ezabatzera.

Halakoen bidez, ezkutuan geratzen ari al da sexu abusuen errealitatea?

Umeek historia osoan zehar jasan dituzte tratu txarrak eta abusuak, baina sintomaren edo seinaleren bat agertu izan denean, auzia itxi izan da esanez gezurretan ari zirela. Duela 20-30 urte, batik bat psikologiako aurrerabideek agerian utzi zuten hura ez zela egia; batetik, adin jakin batera arte umeek ezin dituztelako asmatu bizi ez dituzten egoera sexualak, eta bestetik, fantaseatzeko adinean halako ak asmatzen badituzte kontakizuna zentzugabea izaten delako. Beraz, «umea gezurretan ari da» esaldiak indarra galdu ahala hasi ziren bestelako estrategiak asmatzen, eta hala jaio zen GASa.

Halakoetan, umeen sinesgarritasuna auzi esanguratsua da.

Ikerketaren abiapuntua bera oso bestelakoa da. Nik salatzen badut autoa lapurtu didatela, ikerketaren abiapuntua izango da hori egia dela, ez zaie bururatuko asmatu dudanik. Aldiz, haurren aurkako sexu abusuetan edo genero indarkerian, abiapuntua kontrakoa da: mesfidantza. Genero eta adin diskriminazio historikoarekin lotuta dago. Horregatik da hain zaila ikerketa sistema aldatzea: iruditeria patriarkal, misogino eta maskulino horrek gurutzatuta daude ikertzaileak. Haur bati hamar galdeketa eginez gero, erraz izango ditu kontraesanak, eta zuzenbidearen begirada tradizionaletik, horrek zigorgabetasuna ekarriko du. Horrek agerian uzten du haurren aurkako sexu abusuek ez dutela zerikusirik gainerako delituekin: prozedura bereziak behar dituzte.

Zuk zeuk haurren aurkako sexu abusuei buruzko lege bat idatzi zenuen 2003an, eta umeen lekukotzak jasotzeko metodoa ezarri zenuen. Zertan datza?

Argentinako kasu lazgarri baten harira, ohartu nintzen haurrak ez direla epaitegietan egon behar, hortik atera behar direla: justizia eta polizia arloek ez dute zerikusirik umeekin, baina normalizatu dugu haurrak hor ibiltzea. Beraz, epaileei, fiskalei, defentsa abokatuei eta poliziei debekatu egin nien abusuak jasandako umeak galdekatzea. Horren ordez, ezarri nuen biktima elkarrizketatu behar zela —ez galdekatu—, eta aditu batek egingo zuela, epaitegiaren esku hartzerik gabe, eta bideoan grabatuz. Oso eraginkorra izan zen: ikerketa oztopatzeko ahalmena txikitu zen, eta zigor kopurua hazi egin zen, hain justu, frogak ondo zainduta zeudelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.