Baliabide gehiago euskaltegietarako

AEK, IKA eta HABE euskaltegien sareetako arduradunek gogoeta egin dute orain arteko bidean euskaltegiek egin duten ekarpenaz, baina baita etorkizunera begira dituzten erronkez ere.

2021eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
1. Zenbaterainoko ekarpena egin diote euskaltegiek euskararen normalizazioari?
2. Zein ahulguneikusten dizkiezu?
3. Euskararen normalizazioan eragiten jarraitzeko, zer erronka dute euskaltegiek etorkizunean?

ALIZIA IRIBARREN AEK-ko koordinatzaile nagusia

1. «Urtero, milaka lagun aritzen dira Euskal Herriko euskaltegietan. Ikerketek diote hiztun berri andana euskaltegietatik atera dela. Bestalde, bi ekarpen nabarmenduko nituzke: batetik, hizkuntza ikasteaz gain, euskal kultura kontsumitu eta euskara erabiltzen ikasi dute; oro har, hiztun aktiboak dira; horrek sekulako ekarpena egiten dio euskararen normalizazioari. Bestetik, hezkuntza arautuak egiten duen ezinbesteko ekarpenaz gain, helduak eredu dira jendarte batean, eta zinez garrantzitsua da».

2. «Gure kasuan, Euskal Herri osoko planteamendu baten falta: finantzaketa, doakotasuna, euskararen gaineko diskurtso bateraturik eza. Bestalde, euskara erdigunean ez badago, ahalegin handiko lana egin behar da herritarrak euskaltegietara joateko: doakotasunik ez badago, prestigiatu ezean... Euskal Herri osoan ezagutzaren unibertsalizazioa errealitate bat izateko bidea guztiz beharrezkoa da».

3. «Herritarrek doan ikasi ahal izatea. Bestalde, jende (eremu) gehiagorengana iritsi ahal izatea: lan mundua... Mota guztietako eragileek euskararen prestigioan sakondu eta ezagutzaren unibertsalizazioaren beharra sentitzea. Aipatutako indarguneari tinko eustea: euskaraz biziko diren herritarrak ateratzea euskaltegietatik, euskarazko hedabideak eta sorkuntza kontsumituko dutenak, 365 egun ahobizi izango direnak».

JOKIN AZKUE HABEko zuzendaria

1. «Nabarmena, aipagarria eta erabakigarria izan da euskaltegietan aritu izan diren eragileek azkeneko berrogei urteetan euskararen erabileraren normalizazioari egin dioten ekarpena. Nabarmena, euskararen erabilera arautzeko 10/1982 legearen 28. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, euskal erakundeetatik sustatutako egitasmo sendo eta lehenetsia izan delako helduen euskalduntzea, hezkuntzaren, euskal komunikabideen eta administrazioaren arloetakoekin batera. Aipagarria, urteen poderioz, erakundeetako ordezkari eta gizarte eragileen arteko elkarlana bideratzeaz gainera, helburuetan bat eginik aritzeak herritarrek behar dituzten zerbitzuak era egokian eskaintzea ekarri duelako. Eta erabakigarria, urteotan euskaltegietatik pasatu diren milaka euskara ikasle helduen euskarazko komunikagaitasun maila sendotuz zein areagotuz, euskaraz bizi den herritarren elkartea ondo zabaldu delako kopuruz, eta aberastu, hiztunon gaitasun komunikatiboen erabilera esparruak».

2. «Erakundeen ikuspegitik, euskara irakasleen zereginak duindu behar dira, eta, horren ondorioz, gizarte ekimenezko euskaltegietako irakasleen lan baldintzak hobetu, aldea nabarmena baita bereziki euskaltegi publiko eta hezkuntza sistemaren giza baliabideen lan baldintzekin alderatzen bada. Hori zuzentzeko, Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan gizarte ekimenezko langileen lan baldintzak hobetzeko neurriak hartuko ditu, eta euskaltegien finantziazioa nabarmen hobetu. Euskara ikasle helduek gero eta denbora gutxiago dute euskaltegira joan eta ikasprozesu arautuari modu egokian aurre egiteko. Ikastaroen trinkotasunari eutsi egin behar zaio, ikasprozesua arrakastatsua izango bada. Ikuspegi honetatik, euskaltegietako eskaintza zabaltzera jo beharko da, ikasleon behar eta premiei egokituta eta IKTek eskaintzen dituzten baliabideak ikasprozesuan egituratuz».

3. «Eskaintza erakargarria, emankorra eta profesionala izatea. Erakargarria, egun dagoen ikasle tipologiarentzat: izan etorkin ikasle berri-berrien zein hezkuntzako ikasketak D ereduan egindakoen motibazio emozionala eta pragmatikoa areagotu beharra dago. Emankorra, euskaltegian ikasleak egindako jardunak emaitza baikorrak dituelako: euskal hiztunak sortu eta ikasleok dituzten behar komunikatiboetan euskaraz jarduteko gaitzen dituelako. Euskaraz tutik ere ez dakitenentzat A1 mailak harresi efektu itzela du egun, eta ikastoletako ikasle ohien euskarazko komunikazio gaitasunean bada zer hobetu. Eta profesionala, euskara irakaslearen zereginak indartuz eta euskaltegien egitura sendotuz».

JOSEMI REGUERO IKAko Gasteizko arduraduna

1. «Itzela: kopuruetan, erabileraren bultzadan eta kalitatean. Kopuruetan, azken urteetan sortu diren euskaldunen herena euskaltegiok sortu dugu, zuzenean, eta beste asko, transmisio bidez. Bakarrik horiek sekulako bultzada eman diote erabilerari, baina beste ekimen asko antolatu edota babestu ditugu. Eta aspaldian euskaltegiok presentzia eta eragin nabarmena izan dugu euskararen kalitatea hobetzeko ekimenetan».

2. «Funtsean bi: baliabide falta eta lege oztopoak».

3. «Lan esparruan eragin, Euskal Herrira etorri eta etorriko direnak erakarri, populazioaren zahartzea kontuan hartuko duen eskaintza erakargarria osatu eta, orobat, erabilera bultzatzeko ekimenak antolatu eta babestu, kalean zein ingurune digitalean. Era berean, baina beste maila batean, IKTak gure metodologia komunikatiboarekin uztartu. Laburbilduz: ikas eta ari, hau da, erabiltzeko ikasiz hiztun berriak eman euskarari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.