Albistea entzun

Osasuna. Lehen mailako arreta

«Maite dut nire lanbidea, baina nazkatuta nago»

Malusa Barandiaran. Familia medikuen sektorea «oso prekarioa» dela uste du Barandiaranek. Egungo krisiaz harago, belaunaldi berririk eza eta prestigioaren galera aipatu ditu.
Malusa Barandiaran familia medikua.
Malusa Barandiaran familia medikua. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2022ko urtarrilak 23 - Iruñea

Bokazio handia eta medikuntzarekiko grina igartzen zaizkio Malusa Barandiaran familia medikuari (Altsasu, Nafarroa, 1957); eta, hala ere, «erretiroa hartzeko irrikan» dagoela aitortu du. «Nire lanbidea maite dut, baina nekatuta nago. Nazkatuta ere bai. Eta triste. Pena ematen dit horrela aritzea, egoera prekario honetan».

Iruñeko Txantrea auzoko osasun zentroan egiten du lan Barandiaranek aspalditik. Azken bi urteak, baina, «inoizko gogorrenak» izan direla dio. «Aspaldian ezagutu gabeko estres maila sufritzen ari gara. Lehen, gripearen epidemiak eta halakoak ere oso txarrak ziren, baina astebete edo hamabost egun irauten zuten. Honekin bi urte daramatzagu, eta egoera honek harrapatu gaitu oso nekatuta».

Izurriaren ondorioz, osasun etxeen funtzionamendua «zeharo» aldatu dela uste du mediku altsasuarrak, bai barne antolaketari eta bai pazienteekiko tratuari dagokionez. Protokoloen aldaketa azpimarratu du. «Astero aldatzen dizkigute. Nik baditut gordeta... 40 protokolo? Ez, hori baino gehiago izango dira. Ehun bat, agian. Azken bi asteetan, adibidez, protokoloa aldatu digute ostiraleko azken orduan. Hortaz, astelehen goizean lanera iritsi, eta ez dakizu zeintzuk diren arau eta jarraibide berriak. Kaotikoa da».

Pazienteekin duen tratuari dagokionez ere, «burbuila batean sartuta egotearen sentsazioa» du Barandiaranek. «Izurriaren aurretik, paziente gehienak ezagun genituen: gaitz kronikoren bat zutenak, adinekoak... Bi urteotan, zeharo murriztu digute aurrez aurreko arreta. Orain, kontsulta gehienak telefonoz artatzen ditugu». Are: zenbait pazienteri «arrastoa galdu» dietela esan du: «Adin batetik aurrera, askok ez dute osasun etxera deitzen. Kontaktua galdu dugu, edo zeharo murriztu. Gure pazienteen profila ere aldatu da pandemiarekin. Orain, ikusten ditugu lanerako gaixo agiria behar dutenak».

Kontsultara joateari uztearen ondorioz, zenbait eritasun larriagotu direla antzeman dute osasun etxeetan. Kasu bat gogoratu du Barandiaranek: «Gure paziente batek hilabete bat baino gehiago zeraman etxean, min zehaztugabe batekin, baina osasun etxera etortzera ausartu gabe, izurriagatik. Ez zuen uste ezer larria zuenik, baina bazuen: kardiopatia iskemikoa. Bihotzeko bat». Oro har, «koronabeldurrak» dena baldintzatu duela uste du.

Izurriaz harago, ordea, lehen arretako osasun profesionalen krisia «aspalditik» datorrela eta «erro sakonak» dituela azaldu du medikuak: «Familia medikuen artean, adibidez, ez dago belaunaldi aldaketarik. Inork ez du lehen arretako mediku izan nahi». Auziaren analisi feminista bat ere egin du: «Ospitaleetako medikuak dira osasungintzaren aitak; eta lehen arretakoak, berriz, amak gara. Zer esan nahi du horrek? Bada, ez dugula autoritaterik ez prestigiorik, eta gure lana ikusezin bihurtuta dagoela». Barandiaranen irudiko, ez da kasualitatea lehen arretan gero eta emakume gehiago izatea: «Sektore feminizatuek beti dute prestigio txikiagoa. Unibertsitateetan ere ez zaio garrantzirik ematen gure espezialitateari».

Lehen arretaren okertzeak, baina, osasunaren kalitate orokorraren apaltzea dakarrela uste du, eta horrek «zentro pribatuei» soilik egiten die mesede: «Kaosaren erdian, probetxu ateratzen diote egoerari, gero eta jende gehiagok jotzen duelako haiengana». Hori dela eta, lehen arreta aurrekontuen eta zenbait ekintzaren bidez babesteko eskatu die arduradun politikoei: «Oinarrizko osasun arreta indartsu dagoen herrialdeetan, askoz eraginkorragoa da osasungintza. Hobeki eusten zaio gizartearen osasun maila onari, eta gutxiago gastatu behar da tratamenduetan eta bestelakoetan. Hemen, berriz, agintariek beti ahotan darabilte lehen arreta, baina, lerroburuez harago, deus gutxi egiten dute. Hitz polit horiek ez dira gure egunerokoan islatzen».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

Hasi da Euskararen aldeko manifestazioa Donostian

Berria

Euskara Aurrera-k gaurko antolatutako mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte «etorkizuna euskaraz irudikatzen duten guztiak»

Biriatuko ordainlekua, artxiboko irudi batean. ©Andoni Canellada / Foku

21 urteko bi gazte hil dira errepide istripuan A-63an

Berria

Goizean gertatu da ezbeharra, Biriatuko ordainlekutik gertu.

 ©BERRIA

Oinazea hileroko konpasean

Arantxa Iraola

Emakumezkoen bizitzako hamarraldi asko zedarritzen ditu hilekoak; sarri, minak jota. Abortuaren arautzea berritzeko Espainian egin duten testuaren harira, lehen lerroan da gaia

Idoia Torregarai, Kepa Sarasola eta Jose Ramon Etxebarria, UEUko hiru belaunaldi. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Mende erdia utopiaren xerka

Gotzon Hermosilla

UEU Udako Euskal Unibertsitateak gaur ekingo die Udako 50. Ikastaroei. Mende erdi honetan lan handia egin du goi mailako jakintza euskaraz garatzeko. Ikerkuntza da etorkizuneko ildoetako bat

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...