Nerea Zusberro Alberro.
Qatarko Munduko Kopa. HARMAILATIK AULKIRA

Hitzordu berezia

2022ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Gaur, 20:00etan, Argentinak eta Herbehereek elkarren aurka jokatuko dute seigarren aldiz Munduko Kopa batean. Bien arteko partidarik famatuena 1978ko finala den arren, azken aldiz 2014an jokatu zuten. Finalerdietan izan zen, eta Argentinak penaltietan irabazi zuen. Hala ere, bi selekzioen egoera guztiz aldatu da azken urteetan.

Talde laranjak eskema mantendu du, baina ez joko-filosofia. Historikoki, Herbehereei baloia edukitzea gustatu izan zaie, baina gaur egun baloi-jabetza aurkariari ematen diote, kontraerasoan ateratzeko aukera izateko. Jada ez daukate 2014an zuten zelai-erdi menderatzailea, baina oso azkarrak eta sakonak diren jokalariak dituzte, batez ere aurrera egiten duten atzeko hegalekoak. Badute baita ere ere azken metroetan fin dabilen jokalari bat: Gakpo.

Argentinak, bestalde, alderantzizko prozesua izan du. 2014an ez bezala, eraso estatiko geldoak eta landuak egiten ditu, aurkariaren defentsa-sisteman arrakalaren bat aurkitu arte. Di Maria berreskuratuta, ziur aski 4-3-3ko marrazkiarekin hasiko da, Herbehereetako hegaleko atzelarien bizkarrari eraso egiteko. Hala ere, gogora dezagun Scalonik sistema aldatu zuela Australiaren aurka, partida bukatzeko ordu erdi bat baino gehiago falta zenean. 5-3-2ra pasatu zen, hiru erdiko atzelarirekin probatzeko. Baliteke Argentinak txapelketa honetan asko ikusten ari garen zerbaiten alde egitea: aurkariaren sistema errepikatzea, zelaiko ezein eremutan gutxiagotasun egoeran ez geratzeko.

Argentinak adi ibili beharko du Herbehereen kontraerasoekin.Herbehereek, aldiz, oso taldekatuta lan egin beharko dute Argentinak partida ez menderatzeko. Gaur beste hitzordu bat dugu Munduko Kopen historiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.