Musikenek jazza ardatz duen lehen ikerketa aldizkaria kaleratu du

'Jazz-Hitz' deitu dute, eta genero horri buruzko artikulu zientifikoak emango dituzte argitara, ikuspegi zabal batez. Patricio Goialdek zuzenduko du

Ezkerretik eskuinera, Tejada, Iñarga, Martin eta Goialde, Musikeneren egoitzan, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Hutsune bati erantzuteko sortu dute Jazz-Hitz. «Eremu anglosaxoitik kanpo» apenas dagoenjazza ardatz duen argitalpen zientifikorik; are, Espainiako Estatuan ez dago bat ere, Patricio Goialderen esanetan. Horri aurre egin nahi izan dio Musikene Euskal Herriko Musika Ikastegiko jazz departamentuak. «Estatuan jazza ardatz duen argitalpen zientifiko bakarra» dela azpimarratuz aurkeztu dute, horrenbestez, aldizkariaren aurreneko zenbakia. Goialdek zuzenduko du, Musikeneko jazz irakasle eta ikerlariak, eta urtean zenbaki bat plazaratuz «irauteko bokazioz» jaio dela adierazi du. Paperean eta bertsio digitalean argitaratu dute —Musikeneren webgunean—, eta doakoa izango da bietan.

«Aniztasuna». Hori da aldizkariaren ezaugarririk nabarmenena Goialderentzat. Batetik, gaietan: lehen zenbakian, esaterako, jazz musikari ezagun batzuei, zinemaren eta musika inprobisatuaren harremanari eta 1940-1950eko hamarkadetan kaleratu ziren musika aldizkariei egin diete leku. Eta aniztasuna, bestetik, egileen artean. Musikenek bultzatu badu ere, modu «irekian» osatuko da edukia: «Erredakzio taldean hurbileko pertsona eta entitateak daude, Eresbil eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioa; baina badira urrunagokoak ere, tartean Valentziako Kultura Institutua eta Birminghamgo Unibertsitatea [Erresuma Batua]».

Irizpide berberekin osatu dituzte ebaluazio aldea eta zientzia batzordea, argitalpena gertutik zaindu dutenak. Gonzalo Tejada Musikeneko irakaslea zientzia batzordeko kide izango da. Kontrabaxu jotzailea ere bada Tejada, eta, hain zuzen, gogora ekarri du gogoeta lanak musikariarentzat duen balioa. «Interpreteak ikerketa serio bat behar du sortzen duenaz; praktika instrumentalak bakarrik ez, praktika intelektualak ere aberasten dio lana. Hausnarketa ezinbestekoa da, are gehiago orain, jazza bidegurutze betean dagoen honetan».

Nazioartekotzeko nahia

Nazioarteko komunitate zientifikoaren interesa ere piztu nahi du Jazz Hitz-ek; horregatik azpimarratu du Goialdek beste herrialde batzuetako egileek «ateak» zabalik dituztela. Artikuluen hizkuntzetan ere islatuko da hori. Lehen zenbakian, hamar artikuluetatik zazpi gaztelaniaz dira, eta hiru ingelesez. Baina testuen araberakoa izango da aurrerantzeko zenbakietan. «Normalean, ikerketa mailan erabiltzen diren hizkuntzetan argitaratuko dira artikuluak; beraz, ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz... Baina euskaraz sortzen badira, sar daitezke».

Musikeneko ikasleentzat ere garrantzitsua da proiektua, Miren Iñarga eskolako zuzendariaren hitzetan: «Artearen ikerketarekin konpromisoa dugu, ikasleek formazio integral bat jaso dezaten». Antzera, proiektuari «ongietorria» egin dio Miguel Martinek ere, Donostiako Jazzaldiko zuzendariak. Jazza «serio» hartzeko tresna gisa ikusi du proiektua. «Jazzetik, aurreneko aldian, musikak bera erakartzen gaitu; baina, denbora bat daramagunean entzuten, gehiago jakin nahi dugu. Jazzak modernitatea sortzen lagundu du, eta ikerketa hauek zaleoi lagunduko digute gehiago gozatzen, ulertzen zer den artistikoki zoriontsu egiten gaituen hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.