begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Labur-labur bide luzean

2022ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Zinemaz egiten du gainezka jende frankok destainaz begiratzen duen azaroak. Zinemaz da blai. Zinemaz elikatzen da. Irudiz elikatzen gaitu jende saldoak Gabonetarako zubitzat baino ez duen aro honek.

Ez dakite, ez, soil, etze, utzia ematen duen gauak hartutako 30 egun horien erraietan hasia dela bizia sortzen. Molekulak ari dira juntatzen, borborka da likido amniotikoa lurraren sabel ilunduan. Bizia lotan dagoela dirudi, baina bestelakoa da errealitatea. Izan ere, pizkunde basa baten ametsetan dugu Natura-Ez Natura.

Hainbat pantailaren bestaldean gaituzue, gaituzte esperoan; hainbat areto abaro harturik, hamaika filmek gure burmuinean utzi zuten arrastoa erreferentzia bihurturik.

Bai, gurean sortutako erreferentziak, iruditeria propioa garatzeko tresnak eta gailuak behar ditugu. Hasiera batean arrotzak zitzaizkigun mezulariek ekarritako beste horiek, garaietan zehar gure irudimena elikatu, osatu, laztandu, jipoitu, birrindu duten horiek laket genituen, bai. Estimu handian, benetan.

Baina poz-pozean ari gara gure imajinaziorako hemengo euskarrien bila. Bilatzen eta aurkitzen. Kanpokoekin batera corpus ikaragarri eder bat eraiki nahian, desiran.

Horrexegatik izan zen hain zirraragarria, Donostiako Beldurrezko Astean tradizio handia duen mozorro txapelketan, gure etxe ondoko areto korrienteetan oraindik estreinatu gabekoIrati-n protagonista kasik nagusia den Eneko Aristaz jantzitako partaide bat ikustea. Ez, ez zuen irabazi, ederragoa baitzen gaua baino beltzago agertu zitzaigun belea, baina tauletan zegoen antzinako errege nafarra erreferentzia moduan, Hulk berde baten ondoan, Heidi perilos baten aldamenean...

Zinemaz eta bertoko erreferentziaz ari dira elikatzen azaroaren lur hezearen barrenetan DNArekin jolasean dabiltzan biharko izakiak. Argipean, berriz, gaur egiten dio omenaldia Euskadiko Filmategiak Pedro Olea zuzendariari, Bilbon. Atzo jaso zuen merezitako aitortza Donostiako Tabakaleran. Atzo, ordu berean proiektatu zuten Gasteizko Artiumen beste zinemagile andana baten inspirazioa izan den El bosque del lobo berea. Hiru pantailetan ere, igualik ez duen Zombie Eguna parranda, 2015eko film laburra.

Asteazkenean jakin genuen bere ibilbideari Cannesen ekin zion Estibaliz Urresola Solagurenen Cuerdas laburrak beste bost sari preziatu jaso dituela. Non eta Montpelierren, non eta Portugalen, non eta Guajanaton. Donostiako Zinemaldian izan ondoren, Bilboko Zinebiko pantailak partekatuko ditu azaro honetan Mikele Landa Eigurenen Noizko basoa eta Nagore Muriel Letamendiaren Erro bi horiekin.

Biak izan ziren lehia gozoan Zinemaldiko Nest sailean. Eta biek harrapatu zuten jendea ustekabean, irudiz eta egindako gogoetaz, planeta honetako zinema eskoletako ikasleak biltzen dituen Nest sailean. 22 urte pasatu ondoren, Nesten aurkeztutako euskarazko lehen bi proposamenak izan ziren Erro bi eta Noizko basoa.

Alta, Estibaliz, Nagore, Mikele ez dira bakarrak izango. Akelarre filmerako sortutako jantziak zirela-eta Goya saria bereganatu zuen Nerea Torrijosek Azkuna Zentroan aurkeztuko du Influencer izenburuko bere estreinako lana kamerarekin. Bihotza zein eztarria estutuko dizkizuen film labur honek txalo zaparrada jaso zuen Donostiako Astean.

Askorentzat motel samar pasatzen dira hamaikagarren hilabetearen egunak, abenduaren zubia noiz iritsiko zain. Are geldoago ere gauak. Itzalen artean gozo irauten dugunok, ordea, errealitatearen bestaldean irauten dugu gustura. Bai baitakigu bukatzear den urtearen hilabete honetan, gaueko zein ordu txikietako kreaturak pantailetarako bide luzeetan dauden zeluloide puskekin elikatzen direla. Eta beraiekin batera, gu.

Sano elikatu? Egiari edo gezurrari zor, askori sano dagoen zinema ez zaigu interesatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.