'Ez erran inori'

Inori ez esatekoak, argitara

Idazlea: Maddi Ane Txoperen Iribarren. Generoa: Eleberria. Argitaletxea: Elkar.

2022ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Bigarren nobela kaleratu du Maddi Ane Txoperenak, Igartza saria irabazitako proiektuarekin. «Ni ohartu orduko eraikia zegoen guzia», dio protagonistak eleberriaren hasiera aldera. Liburuan, izan ere, Lide izeneko neskaren kaiolatzea eta kaiolatik ihes egin nahia kontatzen da. Sexu-abusu bat pairatu zuen umetan Lidek, eta, halako batean, jada gaztaroan bete-betean dela, oroitzapenek erasango diote eta estuasunak menderatuko du. Bere buruko mamuekin —Piztiarekin— parez pare jartzea saihestu nahian ibiliko da orduan. Hala ere, gero eta handiagoa izango da zauriaren ahala, protagonista deuseztatzerainokoa kasik. Patuaren jokaldi batek, gainera, iraganari aurre egitera bultzatuko du.

Nobela bi partetan eta zazpi kapitulutan banatuta dago, atariko edo 0. kapitulu eta epilogo banarekin. Atarikoan sexu-abusuaren berri ematen da, idazkera aski deskribatzailez eta orainaldiko hirugarren pertsona baliatuta. Hirugarren pertsona erabiliagatik, umearen ikuspegira lerratzen da autorea, eta efektu indargarria du horrek, umearen inozentzia egoeraren larritasunari kontrajartzen zaiolako. Ondoren heltzen dio idazleak istorioari berari, irakurlea Donapaleu sorterriko etxetik—han gertatu baitzen erasoa— Baionara eramanez. Hirian laster zerbaitek barnean krak egingo dio Lideri eta harrezkero ihesbideen bila ariko da, bere burua aurkitu ezinik. Gai minbera jorratzen du egileak. Sexu-abusuen askotariko ertzez ari da liburua, izan ditzaketen ondorio pertsonal eta sozialez. Baina baita erruaz, sexuaz, gorputzaz, isiltasunaz eta itxi gabeko zauriez ere.

Pertsona-gramatikalen—singularreko hirurak erabiltzen dira— eta kontaketa-denboraren tartekatzeak itxura zatikatua eransten diote narrazioari. Lideren izaera hautsiari ondo lotzen zaio hautua. Jario trinko eta jarraituak ekar zezakeen gerruntzea saihesteaz batera, elipsien bidez irakurleari piezak lotzeko aukera ematen dio idazleak. Era berean, antolamendu formalak berresten du, nire irudiko, autoreak behin betiko tesirik ez plazaratzeko duen asmoa. Egitura horrek, edonola ere, arriskuak ere baditu. Esaterako, Lide oinarrian duen istorio poliedrikoan zenbait hari-muturrek ez dute behar besteko garapenik. Familiaren karakterizazioa, adibidez, lauso samarra da eta han-hemenka horren gaineko iruzkinen bat emanagatik, gehixeago sakontzea zegoela uste dut, familiarekiko gatazkak zeresana duenez Lideren korapiloan. Bestalde, Mikelen bukaera modu presatsuegian ebazten dela iruditzen zait, narrazioaren sinesgarritasuna kaltetzeraino. Lideren barne-munduaz diharduten pasarteak, aldiz, eraginkorrak suertatzen dira. Sentimenduen eta inguruko espazioaren arteko loturak eginez, analogiak marraztuz, umetako pasadizoak gogora ekarriz, eta xehera jotzen duten eszena girotzeekin Txoperenak protagonistaren amildegiaren tamaina irudikatzea lortzen du. Hor du indarra nobelak, irakurlea Lideren kaiola sentitzera irits daitekeen une horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.