Donostiako 70. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Lore eta apalategi artean

Uxue Arzelus Lasa.
2022ko irailaren 23a
00:00
Entzun

'A los libros y a las mujeres canto'

Zuzendaria: Maria Elorza. Herrialdea: Euskal Herria.Iraupena: 72 minutu.

Emakume bati liburuak dituen apalategia gainera erori, eta hatza okertuko dio. Eroritako liburuen artean bakar bat hautsiko da, erdi-erditik: Dante Alighieri-ren Infernua. Liburuek hil zaitzakete? Galdetzen die Maria Elorza zuzendariak bere ama Tonina eta haren ahizpa Anneri. Horrela hasiko da A los libros y a las mujeres canto, eta artxiboko irudi eta film zatien artean haien etxeetako liburutegietan bizitza guzti bat gordetzen duten emakumeak ezagutuko ditugu: Avioneta izena jarri nahi zioten Loreto, egiten duen bidaia bakoitzetik objektu kuriosoren bat ekartzen duena; autoko atzeko eserlekuan liburutegi bat zeraman Viki, liburu artean loreak lehortzen dituena; eta liburuak oparitzea iragana atzean uztea dela uste duen Wal, Goetheri buruzko doktoregotza tesia idatzi duena. Eta noski, Maria, bere bizitzako emakumeak aurkezten dizkiguna, liburuei buruzko hausnarketak egiten dituen bitartean.

Liburuei, emakumeei eta zinemari egindako omenaldi txiki bat da A los libros y a las mujeres canto, Maria Elorzaren lehen fim luzea. Liburuak izan, gorde eta zaintzearen arriskuekin hasiko du kontakizuna, ama ia zanpatu zuen gertakariarekin, historian zehar hainbat liburu edukitzeak zekarren zigorrekin; eta liburuek ekarri dezaketen jakinduria eta askatasunarekin jarraituko du. Liburutegiak lorategi batekin alderatzen ditu Mariak. Izen eta kondaira bitxiak gordetzen dituztenak daude, bertako orriak laztantzen denbora beste era batera igarotzen da, eta italieraz (Mariak off ahotsean italieraz dihardu) belar txarrak kentzea izendatzen duen hitz bera erabiltzen da liburutegiei lotuta.

Artxiboko irudi, argazki, film zati eta Mariak berak grabatutako irudiekin eginiko collage pertsonal bat erakutsiko digu zuzendariak, poema bisual eta literario bat, haien liburutegiekin harreman pertsonal bat duten emakume horien inguruan eraikia. Mariak dio historiaren edo literaturaren zati handi bat jende arruntaren familia albumean gordeta dagoela; eta film hau album horren orri bat izan liteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.