Donostiako 70. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Familia oporretan

Uxue Arzelus Lasa.
2022ko irailaren 22a
00:00
Entzun

'SomethingYou Said Last Night'

Zuzendaria: Luis de Filippis. Herrialdeak: Kanada-Suitza. Iraupena: 96 minutu.

Renata 20 bat urteko emakumea da. Idazlea izan nahi du, baina lanetik bota dute. Bere familiarekin astebeteko bidaian joatea erabakitzen du, laku baten inguruan hartu duten apartamentu batera. Autoan sartu eta aurretik duten bideari ekingo diote lauek: ama, Mona; aita, Guido; ahizpa, Siena; eta Renata bera. Ama ozena eta berritsua da, bere familia asko babesten duen horietakoa; aita lasaiagoa da, bertan ez dagoela dirudi, baina alabentzat sostengu garrantzitsua da; Sienak, Renata baino gazteagoa, kezka handirik ez duela dirudi, gauez ezagutu duen mutil batekin irteten da edatera eta egunak amarekin eztabaidan igarotzen ditu. Eta Renata, bidaia horretan joateko gogo handiegirik ez duen gaztea, bere egungo egoerarekin apur bat galduta dirudiena. Zazpi egunez ikusiko ditugu familia honen gorabeherak; beren eztabaida eta haserreekin, baita konplizitate eta umore uneekin ere.

Something You Said Last Night Luis De Filippis kanadarraren lehen film luzea da. Torontoko jaialdian estreinatu zuten eta bertan jaso zuen Changemaker saria, aldaketa soziala hoberen islatzen duten filmei emandakoa.

Neska gazte baten erretratu intimoa egingo digu De Filippisek: lanik gabe geratu izanaren frustrazioa, bere gorputzarekiko segurtasun eza, ahizparekin duen harremana —batzuetan jeloskor, batzuetan konplize—, gehiegi babesten duen amarekiko nekea... Zuzendariak ez du espektakulu bat egin nahi izan; mezu sakonik ez duen istorioa da, irakaspenik gabea. Izan ere, Renata emakume trans bat da, baina istorioa ez dago bere transexualitatean zentratuta; transa da, bai, eta horrek bere inguruarekin harremanak izateko eran eragina du, noski, baina De Filippisek ertz gehiago eman nahi izan dizkio pertsonaiari, eta familia istorio xume baina hunkigarri bat eraiki du. Horrela, ama-alaben arteko harremanak pisu handia izango du kontakizunean, baita ahizpen artekoak ere. Benetan azpimarragarria da bi aktore gazteek sortu duten konplizitatea, istorioari beste geruza bat ematen diona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.