Koronabirusa

Aurretik, eta sarean lan eginez

Bazetorren COVID-19a, eta, instituzio nagusiek ezer agindu aurretik, neurriak hartu zituzten Kanpezuko, Basauriko, Vianako eta Zumaiako udalek. Hango alkateek bezala, Angelukoak garrantzia eman dio gaixotasuna herritarrekin batera borrokatzeari

Arabako Foru Aldundiko suhiltzaileak, joan den astelehenean, Kanpezun, gasolindegia desinfektatzen. BERRIA.
Enekoitz Esnaola - Oihana Teyseyre Koskarat
2020ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Herritarrek gertuen dituzten instituzio publikoak dira udalak, eta koronabirusaren gaitza dela-eta lanez gainezkadabiltza alkateak, arduratuta.

KANPEZU (ARABA)
Ibernalo BasterraAlkatea (independentea)

«Halako egoeretarako ere oso garrantzitsua da komunitate bat izatea»

Jende nagusi asko bizi da Kanpezun (Araba; 1.070 biztanle), eta COVID-19aren gaitzagatik «kezka handia» du Ibernalo Basterra alkateak (independentea). «Gogorra da egoera, eta ez da erraza kudeatzea. Gainera, gurea udalerri txiki bat da, eta ez dugu baliabide askorik». Haren esanetan, egoera honetan udalaren lehentasuna jendea artatzea da, une oro haien zerbitzuan egotea. «Laguntza behar duenari etxeraino eramaten dizkiogu elikagaiak, farmaziako gauzak eta bestelako erosketak». Udal langileak ari dira zeregin horretan, baina baita dendariak eta auzoetako herritarrak ere —bost auzo daude Kanpezun—, prebentzio neurriak hartuta. «Hemen denok ezagutzen dugu elkar, eta elkartasun handia ari gara erakusten. Poztekoa da hori. Krisi honetan denok ari gara ahalegina egiten, eta denon artean egingo dugu aurrera», esan du alkateak.

Gasteiztik 38 kilometrora dago Kanpezu —Euskal Herriko arrisku gune nagusia da Gasteiz—, baina bertara ere heldu da COVID-19a. Osakidetzaren datuen arabera, baieztatutako bost positibo zeuden atzo. «Gu hasiera-hasieratik saiatu gara neurriak hartzen. Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia eta Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri aurretik hartu genituen neurriak herrian: martxoaren 12an, azpiegitura publikoak itxi egin genituen, eta bertan behera utzi aurreikusitako jarduerak». Era berean, suhiltzaileek hainbat leku desinfektatu dute egun hauetan —Arabako Foru Aldundikoak dira suhiltzaileak, eta Kanpezun instalazioak dauzkate—.

Basterrak azaldu duenez, herritarrek ere hartu zituzten neurriak instituzio nagusiek ezer agindu aurretik: dendak eta tabernak itxi... «Eskertzekoa da herritarrek erakutsitako jarrera. Galerak izango dituzte, baina jendearen osasuna dute lehentasun. Beraz, nire ustez, halako egoeretarako ere oso garrantzitsua da komunitate bat izatea. Udalerri txikietan errazagoa da sentimendu hori izatea, baina ez da egun batetik bestera lortzen».

BASAURI (BIZKAIA)
Asier IragorriAlkatea (EAJ)

«Aurreneko udala izan ginen gaitzaren aurkako neurriak hartzen»

Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren datuak aintzat hartuz gero —Ipar Euskal Herrikorik ez dago, baina kasu gutxiago daude—, Basauri da Euskal Herrian positibo gehien duten udalerrietan hirugarrena: 166. Gaitzari aurre egiteko udala «ahal den guztia» egiten ari dela esan du Asier Iragorri alkateak (EAJ). «Martxoaren 7an jakin genuen gure herrian bazela positibo bat, eta, artean instituzio nagusien agindurik ez zela, neurriak hartzen hasi ginen. Krisi mahai bat ere sortu genuen. Aurrenetako udala izan ginen neurriak hartzen». Hasieran, batik bat erretiratuen zentroei heldu zieten, haien erabiltzaile batek eman baitzuen positiboa, eta herriko bost zentroak itxi zituzten. Basaurin herritarren %26 dira 65 urtetik gorakoak. Ondoren, eraikin publikoak itxi zituzten; tabernei-eta jarduerak mugatzeko eskatu zieten...

Boluntario taldea antolatu dute, beharrik handiena duten herritarrei laguntzeko. Iragorrik dio halako lanak ezin direla «edozelan egin», eta Gurutze Gorria ari da koordinazioan, eskualde mailan. Herenegun, beste ekinbide bat abiatu zuen Basauriko Udalak: herritarrei eskatu die bakarrik bizi direnen edo eguneroko bizimodurako azaroak dituzten adinekoen berri emateko.

VIANA (NAFARROA)
Yolanda Gonzalez Alkatea (PSN)

«Dagoen elkartasuna nabarmendunahiko nuke, oroz gain»

Vianan ere (Nafarroa; 4.200 biztanle) udal agintariak eta herriko eragile batzuk martxoko lehen egunetan hasi ziren bilerak egiten. «Ez genuen sinetsi nahi, baina bazetorren gurera ere koronabirusa, eta nolabait aurrea hartu beharra zegoen, nahiz eta instituzio nagusiak artean ezer ezarri gabe zeuden», dio Yolanda Gonzalez alkateak (PSN). «Neurriak hartzen hasi ginen. Dena dela, normaltasun mezu bat eman genuen». Martxoaren 13an, eraikin publikoak ixteko eta jarduerak bertan behera uzteko dekretua sinatu zuen. Handik bi egunera ezarri zuen Espainiako Gobernuak alarma egoera. Vianako udalerrian zazpi positibo daude.

Udal langileak eta «familia sareak» ari dira elikagaiak-eta etxera eramaten beharrik handiena duten herritarrei. «Boluntario jendea agertu zaigu udaletxera, laguntzeko prest, baina, oraingoz, ez dugu haien beharrik izan. Kontrolatua dugu egoera». Herriarekin «oso eskertuta» agertu da. «Oroz gain, dagoen elkartasuna nabarmendu nahiko nuke».

ZUMAIA (GIPUZKOA)
Iñaki OstolazaAlkatea (EH Bildu)

«Instituzio nagusiak baino lehenagomugitu ginen udalerriok»

Zumaiako Udalak (Gipuzkoa; 10.100 biztanle) 2014tik larrialdi plan bat dauka, eta orain martxan jarria du, koronabirusaren krisia dela eta. «Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua aginduak eman gabe zeuden artean», azaldu du Iñaki Ostolaza alkateak (EH Bildu). Larrialdi mahai bat osatu, eta hainbat neurri hartu zuten; esaterako, «ahal diren baliabide gehienak» gizarte zerbitzuetan jartzea. 85 urtetik gorako herritarrei deika hasi zitzaizkien. «Gaztetxearen ideia baten ondorioz, boluntarioen sare bat sortu dugu guztion artean. Adineko jendea laguntzen dugu: erosketak, errezetak, zakarra jaitsi, gas bonbonak eraman...». 65 urtetik 85era artekoei ere hasiko zaizkie hots egiten. Herrian zazpi positibo daude.

Zumaiako alkateak dio herritarrek eta udalek prebentzio aldetik aurrea hartu zietela Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari. «Erabat, gainera; lehenago mugitu ginen udalerrietan». Haren hitzetan, Eudel EAEko udalen elkartea ere «berandu» ibili da udalei irizpide batzuk jakinaraztean. «Zumaian neurriak hartu genituenean, Eudel artean ezer egin gabe zegoen. Haren babes handiagoa izan behar genuen hasieratik». Azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasunaren jakinarazpen bat jaso dutela, «baina, bestela, ezer handirik ez». «Udalok hartu behar izan ditugu neurri zorrotz batzuk, eta pisua gure gain erori da. Instituzio nagusien ekimen falta ikusi dut nik ere. Eraikin publikoak ixtea guk geuk erabaki genuen, udalok elkarren artean deituz eta galdetuz, besteen irizpiderik jaso gabe».

Uste du krisi honetatik «ondorio bat oso garbia» aterako dela: «Zenbat eta komunitate saretuagoa eta indartsuagoa eduki, horrelako larrialdi egoera batetik lehenago eta hobeto atera daiteke». Azken urteetan instituzio batzuek izandako politika soziala deitoratu du Ostolazak, «eremu pribatuaren aldekoak izan baitira, publikoaren kaltetan: udal zerbitzuak kanpora atera dituzte, azpikontratazioak gehitu, arlo publikorako aurrekontua murriztu... Eta ez udal mailan bakarrik; beste eremu batzuetan ere gertatu da hori: hezkuntzan, osasunean, zaintzan, pentsioetan...».

ANGELU (LAPURDI)
Claude OliveAuzapeza (Errepublikanoak)

«Herritartasunez jokatu behar dugu, osasuna delako lehentasuna»

«Nire betebehar nagusia birusaren hedatzea oztopatzea da, eta, beraz, Frantziako Estatuak agindutako neurriak errespetatzen direla zaindu behar dut». Hala dio Claude Olive Angeluko auzapezak (Errepublikanoak) (Lapurdi; 39.000 biztanle). «Baina, aldi berean, herritarrekiko hurbiltasunez jokatu behar dut, jakin dezaten herriko etxeak lagunduko dituela». Aitortu du egoera zaila dela konfinamendua, eta nabarmendu elkartasuna sustatu behar dela: «Guztiok herritartasunez jokatu behar dugu, osasuna bermatzea delako lehentasuna».

Neurri zehatzak hartu ditu herriko etxeak. Kasurako, Angeluko eskoletan osasun arloko langileen haurrak zaintzeko sistema bat ezarri du, baita herritarrei laguntza eskaintzeko gutxieneko zerbitzuak ere; eta aparkaleku handiak eta hondartzak itxi ditu. «Elkartasuna bultzatzeko, Facebooken talde bat ireki dugu, eta galde eta eskaintza antolatzen da han: erosketak egiteko, farmaziara joateko, material berezia lortzeko...». Halaber, Baionako ospitalearekin eta eskualdeko osasun agentziarekin elkarlanean ari da auzapeza. «Angeluko elkarteen etxean medikuntza zentro aitzinatu bat plantan ezarriko dugu, larrialdi zerbitzuen eta medikuen kabineteen saturazioa saihesteko. Herriko mediku eta erizain liberalak ariko dira».

Quintaou merkatua ezeztatzea ere deliberatu du herriko etxeak, gobernuak agindu bezala. «Badira nahikoa saltegi gure hirian premiazko beharrei erantzuteko. Hala ere, ekoizle txikientzat alternatiba bat bilatzen ari gara; banatzearen bidez egin ahal da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.