urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

SESB ohian bidaian

2022ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Sobietar Batasunaren erorialdian piztu ziren gatazka gehienak bisitatzeko eta haien berri emateko aukera izan dutBERRIAn urteotan, SESB ohiko 15 errepubliketatik 14tan ibilita: Kaukasoko errepublika aitortu gabeak, Krimea, Fergana haraneko enklabeak, Transnistria... Baltikoan bertako hizkuntzen ahalduntzea mirestearekin batera, livonieraren jatorrizko azken hiztunetako bat elkarrizketatzeko aukera izan nuen. Beste muturra handik gertu ezagutu genuen: Bielorrusian, errusiera da hizkuntza nagusia eta leku askotan ia bakarra, bielorrusieraz aritzea bera ia oposizioaren marka bihurtzeraino.

Kirgizistanen euskararen berri emateaz bat, Asiako errepublika behartsuenen errealitatea ezagutu genuen: errusiera nagusi den diglosia —bi milioi kirgiz eta tajik daude Errusian lanean—, baina bertako hizkuntzak bizi-bizirik, bielorrusiera ez bezala. Moskutik urrunago diren Uzbekistan zein Azerbaijanen ere, turkieraz egitean irribarre konplizea egiten dizute, errusierarik ez erabiltzea hautu politikoa balitz bezala, eta ez norberaren ezintasunen ondorio. Kazakhstan aberatsagoa da, baina errusiera nagusi han ere: Krimearen ostean, errusiar nazionalismoaren begi-puntuan dago lau milioi errusiar dituen herrialdea.

Duela 15 urte gatazka izoztuei buruzko erreportaje-sorta egin genuen, Abkhazian lehendabizi, Hego Osetian gero. Marka zen, su eten lerroaren alde batera eta bestera oso antzeko mito bi egotea: batetik, Jainkoak paradisua eman zien kondaira zeukaten bai abkhaziarrek, bai georgiarrek. Bestetik, biek aldarrikatzen zuten euskaldunokiko ahaidetasuna. Uda hartan, Kaukason giroa berotzen ari zela esan nion ETBko albiste-buruari, neguan erabat ezezagun ziren errepublika haiek laster mundu guztiak ezagutuko zituela susmatuz. Haserre erantzun zion nire insistentziari, neguko proposamena onartuta berak guri mesede egin baligu bezala, eta ez alderantziz. Handik hamar egunera, Pekineko Olinpiar Jokoen bezperan, Mikhail Saakhaxvilik Hego Osetia eskuratzeko eraso itzela abiarazi zuen. Roki tunelaren beste aldean Errusiako armada prest zegoen, eta Vladimir Putinen amarruan bete-betean sartu zen Mixa. «Ezusteko» erasoaldi hartarako, presaka eta korrika, ohiko kazetari izarrak bidali zituzten, urteotan korrespontsaliak banatzerakoan telebista publikoak egin ohi duen bezalaxe —Erredakzio Kontseiluak ere salatu izan du gardentasun falta eta klientelismoa, Euskadi Irratiarekin alderatuta, kasu—. Urte erdi lehenago han egon ginenoi, ea material gehiago geneukan baino ez ziguten esan, albistegiak puztu behar zirenez; neguko berokiekin grabatutako bideoak abuztuan, baina «lasai, inork ez daki Abkhazia non dagoen zehazki».

Hurrengo urtean itzuli nintzen Hego Osetiara, Saakhaxviliren bonbardaketen biktimak eta Putinen desplazatuak bisitatzeko. Ipar Osetian Beslango eskola bonbardatzea agindu eta ehunka haur hil ziren krimenaren senideekin egon ginen. Inguxetian, desagertutako gazte zein helduen familien elkarteak hartu gintuen. Txetxenian Memorialeko kideen egoitzatik, Errusiak itxi berri duen Giza Eskubideen Elkartetik egin nuen lan. Natalia Estemirova handik aste gutxira hil zuten. Egoera eskizofrenikoa zen: sarraski eta bortxaketen biktimak Grozni berreraikiko Putin etorbide distiratsuan gora eta behera zebiltzan. Azken egunean, kontrol berezia, espainieraz zekien FSBko agente eta guzti. Isun txiki bat eta ordu gutxira alde egiten utzi zidaten. Nire laguntzaile txetxeniarra, baina, handik gutxira atxilotu eta hilabetez torturatu zuten, ia hilzorian uzteraino. Sotxi inguruko zirkasiarrak eta Krimeako tartariarren berri ere eman genuen, Moskuren okupazioaren eta errepresioaren aurretik. Armeniako genozidioaren urteurrenarekin, Karabakh Garaia ere bisitatu eta orriotara ekarri genuen. Putinen erasoaren analisian gutxi aipatzen da iazko gerra: 90eko hamarkadako gatazken su eten guneetan, errusiar soldaduak egon ohi dira «bakegile» —Moldavia, Georgia, Armenia…—, baina iaz lehen aldiz Moskuren babes handiena zuena, Armenia, galtzaile irten zen. Azerbaijanen garaipena ere egongo zen Putinen Ukrainarako ekuazioan, egon ziur.

2014an Krimeako irredentismoa Sudeteekin konparatu genuenoi burla egin ziguten. Errusiako herrien eta hizkuntzen aurkako jarrera geroz eta gogorragoak «barne arazotzat» hartu ziren, arazorik gabe jokatzeko futboleko munduko Kopa —Tatarstanen eta Udmurtian ziren futbol-zelaietako bi—. Egunotan Putinek ezarritako baldintzetako bat da errusiera Ukrainan ofizial izatea. Edozein euskaltzalek, edozein abertzalek, edozein independentistak aintzat hartu beharko lukeen errealitatea da, NATO eta zentzurik ez duten obsesio hispaniko eta latinoamerikarrak ekuaziotik behingozaterata.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.