SERIEA Baskoien atzetik azterka (III).

Zer bizimodu Burdin Aroan

Burdin Aroko herri gotortu asko ez dira induskatu, baina orain arte topatu diren aztarnek ematen dituzte zantzu batzuk imajinatzeko nola bizi zen orduko jendea.

Irutxurko etxe baten erreprodukzioa. J. I. TREKU.
mikel p ansa
2023ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun

Bizimodua asko aldatu da Burdin Arotik: tresneria; bizilekuak; sineskerak. Baina Burdin Aroko andre eta gizon haiek ez ziren oraingoen oso diferenteak, eta gizarte honen oinarri batzuk jarri zituzten: herrietan bizi ziren asentatuta; baliabideen ustiaketa sistematikoan oinarritutako ekonomia bat zuten, laboreen ekoizpenean eta abeltzaintzan oinarrituta; gizarte estratifikatuak sortzen hasi ziren; eta pentsatzekoa da generoaren araberako lan banaketak indartu zirela aro hartan. Eta, horregatik, aztarnategietako aurkikuntzei esker, ez da zaila orduko bizimodua imajinatzea.

Apartamentu zaharrak

Brontze Aroaren bukaeran, harresi sinpleagoekin —lurrezkoak edo egurrezkoak, hasieran— babestuta eraiki zituzten etxolak. Burdin Aroan, mendietan gora eraman zituzten herriak, babes sistemak handitu eta gogortu zituzten, eta lehen hirigintza zantzuak agertu ziren: etxebizitzak harresiaren alde batean antolatuz eta bilduz joan ziren, kaleak sortuz. Herri sinpleenetan, kale bakarra; konplexuetan, gehiago. Abere batzuk ere harresien barruan gordetzen zituzten.

Sinpleagoak ziren lehen etxeak. Hormak egiteko, hurritz makilak-eta erabiltzen zituzten: haiekin sare batzuk egin, eta gero buztinez estalita egiten zituzten paretak. Lastoz edo landarez egiten zituzten teilatuak. Baina etxegintza ere garatu zen denborarekin: hasi ziren zokaloak jartzen lurrean, harriz edo adobez, paretak hezetasunetik babesteko. Paretak osorik adobez edota harriz altxatzen ere hasi ziren. Eta lehen borobilduak ziren etxeen oinak laukizuzen bihurtu ziren. Batzuetan, figura geometrikoak pintatzen zituzten hormak dekoratzeko; La Hoyan (Guardia, Araba) aurkitu dituzte, adibidez.

Ikusi gehiago:Baskoien atzetik azterka (IV). Konkistaren trazak

Etxebizitza haiek bizileku bakarra zuten batzuetan, baina normalean bi edo hiru zatitan banatzen ziren: ataria, gela nagusia eta biltegia. Gela nagusiak lurreko sua izan ohi zuen erdian —horma baten kontra jartzen hasiko ziren gero—, eta biltegia etxearen atzeko aldean egon ohi zen. Normalean, atzeko horma hori herriko harresiaren horma bera izaten zen; horrela aprobetxatzen zuten eraikuntza lana. Laboreak, ezkurrak eta era guztietako jakiak gordetzen zituzten biltegian, tamaina guztietako ontzietan sartuta. Uste da familia unitateak bizi zirela etxebizitza bakoitzean.

Las Eretas (Berbintzana, Nafarroa) izan liteke garai hartako herri baten garapenaren adibide bat. Kristo aurreko VII. mendean sortu zuten herri gotortu hori. Bi isuriko teilatuak zituzten lehen etxeek, kale baten inguruan eta plazatxo batekin egituratuak. Herria erre egin zen Kristo aurreko VI. mendean —ez da arrazoia ezagutzen—, eta etxebizitza tipologia berri bat eraiki zuten ondoren, berregin zutenean: isuri bakarra zuten etxe berriek, horma partekatzen zuten, eta sendoagoak ziren —Iruntxurko etxeak ere halakoak ziren (Albiztur, Gipuzkoa), eta garaikideak ziren bi herriak—. Ogia egiteko labeak jarri zituzten aurrerago. Kristo aurreko IV. edo III. mendean, harresiaren zati bat bota, eta herria zabaldu zuten; eta zorua harriztatu.

Hala garatu ziren beste herrixkak ere, zein bere kasa eta erara.

1. Irulegiko Eskua (Irulegi).
2. Lepokoen beirazko piezak (Basagain).
3. Gaztanontzi baten zati bat (Babio).
4. Jostorratza (Basagain).
5. Etxaurin (Nafarroa) aurkitutako ezpata bat, okertua.
6. Arropa lotzeko fibulak (Basagain).
7. Brontzezko apaingarriak (Basagain).
8. Harri lauza markatuen marrazkiak (Basagain).
9. La Hoyan aurkitutako zeramikazko ontzi batzuk.
10. Idoloak (La Hoya).

Zer hazi, hura jan

 

Xabier Peñalver arkeologoak azaldu duenez, ardiak, ahuntzak, zerriak eta behiak hazten eta jaten zituzten Basagainen (Anoeta, Gipuzkoa), esaterako. Han ez, baina isurialde mediterraneoko aztarnategietan zaldien, txakurren eta oiloen aztarnak ere topatu dituzte. Badirudi herri batzuk laborantzan aritzen zirela gehiago, eta beste batzuek abereei lotua zutela produkzio nagusia.

Baina herri gotortuen kultura horrek ekarri zuen laboreetan oinarritutako sistema produktibo bat, nolanahi ere. Eta laboreak isurialde atlantikoan ere ereiten zituzten. Produkzio tresneriak hobetzeak eta klima baldintzak goxatzeak ekarri zuen elikagaiak ugaritzea, soberakinak sortzea, trukea eta merkataritza zabaltzea eta, horrekin guztiarekin batera, hazkunde demografikoa. Hitz batean: aberastasuna. Eta, beraz, biltegiratzeko eta harrapakariengandik babesteko beharra.

Artatxikia, garagarra eta oloa topatu dituzte Basagainen, Peñalverrek azaldu duenez. Iruntxurren, ilarrak eta babak ere aurkitu zituzten, eta uste dute errotazio sistema bat erabiltzen zutela ordurako, lekaleen eta laboreen artean. Basagainen artatxikia zen nagusi, nolanahi ere. «Beste leku batzuetan garia agertzen da gehiago». Gari, zekale eta artatxiki hondarrak topatu dituzte Maruelezako herri gotortuan ere (Arratzu, Bizkaia). Ebro aldeko eta Nafarroako Erriberako herrixketan are nabarmenago topatu dituzte laboreen aztarnak.

Ezin da seguru jakin, baina ekoizpen soberakin horiek —jaki zein tresnenak, artatxikia, garia, burdina...— trukerako edo salerosketarako erabil zitzaketen. Bolunburuko herri gotortuan (Zalla, Bizkaia) jakiak eskuz ehotzeko errota asko topatu dituzte, eta beharbada trukerako ekoiztu zitzaketela pentsatu izan da.

Gazta zati bat

Jon Obaldia arkeologoa eta haren taldea Babioko kastroa induskatzen ari dira. Hogei hektareako kastro handi bat zen, Burdin Arokoa, Izorian (Aiara, Araba). Gaztanontzi bat aurkitu dute han, eta baieztatu dute lehendik ere bazen susmoa: abereak, haragitarako ez ezik, esnetarako eta esnekiak ekoizteko ere erabiltzen zituztela.

Eurek sortzen zituzten arropak, eta eurek ekoiztutakoa jaten zuten batez ere, baina ez zituzten ehiza eta bilketa erabat utzi. Topatu dituzte orein eta basurde aztarnak Burdin Aroko herrietan —ehizatzen zituzten seinale—; ezkur eta masusten trazak ere bai.

Tresnerian ere aberastu ziren. Basagainen agertu dira tornuzko zeramika finak, eta Irulegin (Aranguren, Nafarroa) ere bai. Peñalverrek uste du eliteenak izan behar zutela, zeramika zakarragoak baino urriagoak direlako.

Burdina erabiltzen zuten lanerako eta gerrarako. Igitaiak, aitzurrak, aizkorak, armak... burdinazkoak ziren. Brontzea baino sendoagoa izaki, abantaila handia zen. Brontzea apaingarritarako utzi zuten, zintzilikario eta antzekoetarako; erabiltzen zituzten beirazko apaingarriak ere.

Harreman komertzialak

Luzaroan pentsatu izan da herri harresitu horiek bakartuta zeudela, lurrera lotuta bezala. Baina horrek ez du egiaren antzik, Peñalverrek dioenez. «Ez zeuden itxita: mugitzen ziren. Mito hori hautsi behar da». Eta merkataritza da mitoa hausteko froga. «Gertuko merkataritza dokumentatzea oso zaila da, baina pentsatzen dugu gertuko merkataritza bat bazegoela, eta distantzia erdiko merkataritza bat ere bai».

Kastro asko elkarrengandik gertu zeuden; Gipuzkoako Oria ibaiaren ibilguan lau aurkitu dira, denak elkarren bistan. Babiotik ere beste hiru kastro ikusten dira bertan. Eta, bestela ere, distantziak txikiak zirela gogorarazi du Peñalverrek: «Basagaindik Irulegira 100 kilometro baino gutxiago daude oraingo errepideetatik». «Oinez, hiru egun», esan kazetariak, eta arkeologoak erantzun: «Baina zaldiak eta gurdiak ere bazituzten!».

Urrutiko merkataritza bat ere bazela nabarmendu du Peñalverrek, «pieza finekin». Froga: Basagainen aurkitu zuten beirazko eskumuturreko azul, argi bat; eta ez zen bertan ekoizten halakorik. «Orreaga inguruko herri batzuetan ere agertu dira horrelako hiru eskumuturreko. Sar zitezkeen Akitania aldetik, Bordele aldetik, eta Irundik edo Orreagatik iritsi baskoien lurraldera. Eskumuturreko horiek ia ez daude Iberiar penintsulan». Horregatik uste dute Europa erdialderako merkataritza bideak bazirela ordurako, erromatarrak iritsi aurretik.

Ez da hori bakarrik. Beste herri harresitu batean, Munoandin (Azpeitia eta Azkoitia artean, Gipuzkoan), aurkitu dituzte pisu batzuk, txikiak, konikoak, erdian zulo bat dutenak, eta hiru marra zizelkatuta. Antxoka Martinez arkeologoak induskatu zuen aztarnategi hori, eta zehaztu zuen «prezisiozko pisuak» zirela. Hiru ontzako pisua dute: 46,9 gramo. Martinezek erantsi zuen La Hoyako herrixkan ere topatu dituztela pisu batzuk igual-igualak; Vianako La Custodian ere bai, Nafarroan. Idazle klasikoen arabera, beroien lurrak ziren bi horiek, eta Munoandi, berriz, barduliarrena.

Horrek adierazten du herri horiek lotuta zeudela nolabait, distantzia luzeko merkataritza sareak existitzen zirela, pisu estandar batzuk bazirela, eta loturak zeudela nola Ebroko bailararekin hala Europarekin. Axtrokin (Eskoriatza, Gipuzkoa) topatutako urrezko bi goporrak ere horren seinale lirateke; uste da duela 3.000 urte ingurukoak direla, eta Europa erdialdetik iritsi zirela.

1. Beirazko eskumuturrekoa. Zati txiki bat aurkitu dute, irudia erreprodukzio bat da (Basagain).
2. Sastakai baten zorroa (La Hoya).
3. Tesera bat, bi aldetatik (La Custodia). Hitzarmen baten zeinu gisa erabiltzen ziren.
4. Arropa ehuntzeko makinako pisuak (El Castillar, Mendabia).
5. Igitaia (Iruntxur).
6. Brontzezko belarritako bat (Basagain).
7. Eraikuntzarako burdinazko piezak (Basagain).
8. Horrelako buztinezko ontzi karratuak aurkitu dira La Hoyan.
9. Hiru ontzako pisua (Munoandi).
10. Jakiak ehotzeko eskuko errota txikia (Iruntxur).
11. Garia (Basagain).

Heriotzaren errituak

 

Herri gotortuen kultura horrek heriotza erritu berriak ere ekarri zituen. Neolitoan eta Brontze Aroan, lurperatu egiten zituzten hildakoak. Burdin Aroan nagusitu zen kultura berriak, ordea, erraustu egiten zituen gorpuak, eta errautsak ontzietan sartuta lurperatzen zituen, herrietatik aparte baina inguruan. Araban eta Nafarroan aurkitu dira nekropoliak, eta jakina da Europako kastroetan ere hala jokatzen zutela, baina Bizkaian eta Gipuzkoan ez dute topatu nekropolirik.

Erritu horrek bazuen salbuespen bat: hilik jaiotako haurrak edo jaio berritan hildakoak etxean bertan lurperatzen zituzten, erraustu gabe. Irulegin ere topatu zuten halako bat, etxe bateko zorupean ehortzia. Ume baskoi baten gorpua zela azaldu zuten orduan. Ez zen halakorik topatu Ebrotik iparralderako lurretan ordura arte, baina beste leku batzuetan bai: La Hoyan, 260 ume baino gehiagoren gorpuak atzeman dituzte; Atxan (Gasteiz) eta Las Eretasen ere aurkitu dituzte bakan batzuk, ez horrenbeste.

Garaitsu berekoak dira mairu baratze gehienak ere. Mila baino gehiago katalogatu dituzte, eta Leitzarango ibarretik Andorraraino daude gehienak, Pirinioen lerroari jarraituz. Erraustutako gorpuak hobiratzen zituzten horietan ere. Baina ez dago garbi nortzuek eta nola erabiltzen zituzten mairu baratze horiek. Uste da artzain kultura nomada bat izan zitekeela, baina ez dago argi inguruko herriekin eta taldeekin zer harreman zuten.

Bestalde, Basagainen eta Maruelezan topatu dituzte harri lauza handi eta leundu batzuk, lerro zuzenak zizelkatuak dituztenak. Babion ere aurkitu dute harri grabatu bat; aztertzen ari dira. Basagainen, lurrean sartuta tente zeuden horietako batzuk. Baina ez dute hildakoen arrastorik topatu inguruan. Aldiz, xake taulen estiloko itxura dute beste batzuek. Ez da argitu pieza horien funtzioa.

Hiri-estatuak

Giro horretan garatu ziren, beraz, Burdin Aroko herrixka harresituak, zein bere ahalen eta baliabideen arabera. Ez ziren denak neurri berekoak, eta ez zuten denek aberastasun bera. Basagainek hiru hektarea zituen; Maruelezak, zortzi; Iruntxurrek, hamabost; Irulegik bi hektarea inguru zituen hasieran, eta hamalau okupatzen zituen suntsitu zutenean. Ez da erraza jakiten zenbat jende bizi zen herri horietan, baina susmoa hartzeko balio du datuak: Basagainen 200 eta 300 pertsona artean bizi izan zitezkeela kalkulatua daukate.

Javier Armendariz arkeologoak azaldu du Burdin Aroa amaitzerako «benetako hiri-estatuak» bilakatu zirela herri gotortuak, eta haien inguruan antolatzen zela guztia: «Herrixka horiek antolatu eta egituratzen zuten lurraldea». Eta soldadu erromatarrak iritsi zirenean, Kristo aurreko III. mendean, herri horiekin egin zuten topo.

 

Serie honetako beste artikuluak

I. Aro bat itzalean

II. Kultura bat, bertsio asko

IV. Konkistaren trazak

V. Erromaren gerizpean

VI. Arkeologia da esperantza

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.