KRITIKA. Performancea / Dantza

Barañain, New York

Jerome Belek Barañainen erakutsi zuen bere proposamena. HERMAN SORGELOOS.
Agus Perez.
2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun

DNA jaialdia

Sortzaileak eta tokiak: Estitxu Arroyo Sanchez (NafarroakoErrege-Artxibo Nagusia), Toni Jodar (Iruñeko Civican zentroa), Jerome Bel (Barañaingo auditoriuma).Eguna: Maiatzak 10.

Dantza Nafarroan (DNA) jaialdiak ohiz kanpoko hiru pieza ekarri ditu Iruñerrira maiatzaren 10ean.

Haietariko lehenean, emakume-gorputza «dokumentu, topagune eta eztabaidagune gisa» aurkeztu digu Estitxu Arroyo Sanchezek Nafarroako Errege-Artxibo Nagusiko ekitaldi aretoan eta hango kriptako atarian. Instalazioaren eta performancearen artean ibili den lan honetan jaka-trajez eta takoi puntadunekin jantzita agertu da performerra, baina lehen hiru ataletan biluzik jardun du, gorputz-atal nabarmenetan paper gainean egindako haien marrazkiak itsatsiz eta aurpegia hainbat emakume zuriren argazkiekin estalita.

Une batean esan dituen hitzetan «bizitzera kondenatuta gauden kutxa bezala» aurkeztu du gorputza, eta niri behintzat kondenarena fuertea iruditu zait, zuzenean konektatzen duelako hain astuna egiten zaidan pentsamendu judu-kristauaren funtsarekin eta gordeta dituen pozoiekin: gorputzaren eta arimaren arteko dikotomia, kulparen rol suntsitzailea, desira guztien elkargunea emakumeengan kokatzea... Zalantzarik gabe, horrek guztiak zer pentsatua eman beharko liguke.

Arratsaldeko bigarren emanaldia Civican aretoan izan da, eta gonbidapena lortzeko NANa eta nire datu guztiak gehi telefonoa eman behar izan dizkiot hango langile bati, eta paper bat sinatu. Lastima CAN hustu eta lau txakur txikiren truke saldu zutenean hainbesteko prebentzio-neurririk hartu ez izana! Bakarik falta zaie dantza emanaldi batera datorren orori hatz-markak eta aurrez aurreko zein alboko argazkia hartzea, badaezpada ere. Tontoa ni, ordea, dohainikako umiliazio hori saihestu nezakeelako, Toni Jodar katalanaren Hitzaldi dantzatua aspaldi-aspaldi ikusi bainuen, 2009an hain zuzen, Zornotza aretoan. Harrezkeroztik Euskal Herriko hainbat lekutatik ibili da produktu berarekin —2012an Donostiako Artelekun, esate baterako—, eta oraingo emanaldia endekapenaren erakustaldia izan da, dantzariaren abandonu fisikoaren eta hitzaldi baterako minimoak ez zaintzearen ondorioz.

Baina gaualdiko plater nagusia Barañaingo auditoriumean eman da, Jerome Bel frantziarrak zerbitzaturik. Bel behin baino gehiagotan etorri da Euskal Herrira bere proposamen ezohikoekin, eta oraingo honetan Iruñerriko hemeretzi dantzari boluntariorekin jardun du, komunitatearen ideia eta dantza egitearen plazera ardatz hartuta. Kontua da dantzarietako batzuek maila profesionala zutela eta beste batzuek batere ez —haietariko bi bospasei urteko haurrak ziren—, eta horrek izaera berezia eman diola ikuskizunari. Mundu osoko antzokietako irudiak proiektatu eta atal arautu batzuk eman ostean—valsak, agurrak, Michael Jacksonen imitazioak...— konpainia osoak zenbait koreografia eman ditu dantzari inprobisatu bakoitzaren gidaritzapean, eta azken ekitaldia Liza Minelliren New York, New York doinu pean etorri da, AEBetako hiriaren ordez «Barañain, Barañain» abestuz. Mundiala, benetan. Horregatik bakarrik merezi izan du DNA jaialdian egon izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.