ana galarraga aiestaran
ARGI ALDIAN

Garun txikiagoak, matxismoaren eraginez

2023ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Zientziaren historian, parametro ugari erabili dira emakumeak gizonak baino ahulagoak, eskasagoak eta atzeratuagoak direla frogatzeko. Haietako bat garunaren neurria da: emakumeena txikiagoa denez, gizonak baino adimen mugatuagoa dutela esan izan da. Emakumeen eta gizonen garunei buruz berriki argitaratutako ikerketa batek oso bestelako irakurketa egin du, askoz ere konplexuagoa eta zuzenagoa.

Hain zuzen, gizonen eta emakumeen garunen arteko desberdintasuna matxismoarekin lotuta dagoela frogatu du nazioarteko ikertzaile-talde batek. Ikerketan, 29 herrialdetako heldu osasuntsuek parte hartu dute: Frantzia, Espainia, Australia, Txina, Japonia, Mexiko, AEB, Brasil, Erresuma Batua, Hegoafrikar Errepublika, Turkia, Suedia, India, Txile.... Haien garunen 7.876 erresonantzia magnetikotako irudiak aztertu dituzte, eta bakoitzaren herrialdearen genero-desorekarekin erlazionatu dituzte.

Hala, ikusi dute genero-desoreka handia dagoen herrialdeetan, emakumeen garunen kortexa meheagoa dela gizonena baino; bereziki, eskuineko hemisferioan. Aldiz, parekidetasun handiagoa dagoen herrialdeetan, ez da halako alderik nabaritzen kortexen lodieran.

Ikertzaileek gogorarazi dutenez, lehendik ere jakina da herrialdeen berdintasun-maila lotuta dagoela emakumeek osasun mentaleko arazoak izateko arrisku handiagoarekin eta errendimendu akademiko okerragoarekin. Emakundek ere horixe bera nabarmendu zuen Emakumeen Osasunaren Aldeko Nazioarteko Ekintza Egunaren karietara, eta hala adierazi zuen kaleratutako oharrean, hitzez hitz: «Generoak zuzenean baldintzatzen ditu bizi ditugun esperientziak; gizarteak inposatzen dizkigun rolek zuzenean eragiten diote gure osasunari, oro har, eta, besteak beste, buruko osasunari». Osasunaren Mundu Erakundearen datuek ere hori berresten dute; adibidez, depresioa bi aldiz ohikoagoa da emakumeetan, gizonetan baino.

Oraingo ikerketa horretan frogatu dute garunaren egitura fisikoetan ere islatzen direla matxismoaren ondorioak. Eta horren atzean dauden mekanismoak berariaz ikertu ez badituzte ere, beste ikerketa batzuetan behatutako adibide batzuk azaldu dituzte. Esaterako, aurreko zirkunboluzio zingulatua eta zirkunboluzio orbitofrontala emozioen kontrolarekin eta erresilientziarekin lotuta daude. Bada, depresioarekin eta trauma osteko estresarekin mehetu egiten direla ikusi izan da.

Ildo horretatik, esanguratsua da Loretxu Bergouignan neurozientzialariak egindako ikerketa. Elhuyar aldizkariko Gorputza ere bagara erreportajean azaldu zuenez, bularreko minbizia guztiz gainditu duten emakume osasuntsuei ere ondorioak antzematen zaizkie garunean: haien hipotalamoa % 8 txikiagoa da. Bizipenek uzten duten arrasto neurologikoaren seinale.

Horrez gain, baldintza kaskarragoetan bizitzeak, baliabide material gutxiago izateak eta hezkuntza mugatuta izateak ere garunaren garapenean eragin argia dutela ohartarazi dute ikertzaileek.

Hori guztia kontuan hartuta, ikertzaileek proposatu dute garuneko irudiak ere datu aproposak izan daitezkeela genero-desorekaren ondorioak ebaluatzeko eta epe luzeko bilakaera aztertzeko, eta politika parekideen aldeko ebidentziak emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.