Albistea entzun

Literatura. 'Lilurabera'

Eguneroko autopoetikoa

Idazlea: Yurre Ugarte. Argitaletxea: Alberdania.

Aiora Sampedro -

2021eko otsailak 21

Lilurabera Yurre Ugarteren ipuin-bilduma argitaratu du Alberdania argitaletxeak. Zortzi ipuineko bilduma bat da, nahiz eta, aurrerago ikusiko dugunez, testu hibridotzat jo dezakegun, narrazio bat baino gehiago kontakizun nagusi beraren parteak izan daitezkeelako. Bestalde, azken testua, egileak berak «bizi-kondaira literario-musikaltzat» katalogatua, egilearen manifestu kontra-literario gisa jo dezakegu.

Kontakizunetariko batzuek lotura estua dutela aipatu badugu ere, ipuin guztiek oinarrian partekatzen dituzten bi ezaugarri identifikatu daitezke: errelato guztiak literaturaren eta gainerako arteen arteko harremanak gurutzatzen ditu, baita artista-autofiktizio baten lehen pertsonako ahotsak ere. Bestalde, ipuin guztiek dute amaiera aldera irakurlearen igurikimen-ortzimuga haustera jotzen duen efektua.

Hala ere, marko formal berdintsuak ematen du hondo desberdinak osatzeko aukera, hala da, behintzat, landutako gaiei dagokienez. Adibidez, lehen bi kontakizunak bateragarriak, edo agian egokiago, osagarriak dira: Arintasuna eta Astuntasun jasanezina. Izenburuetan antzematen da Milan Kunderaren obrarekiko intertestualitatea. Bietan, bi gazte adoleszenteren harremana arakatzen da, zeintzuek sexuarekin eta argazkilaritzarekin zein musikarekin jolasean beren izaera bilatuko duten. Hirugarren ipuinean pandemiak gogor jo duen artista eta dendari baten infernurainoko jaitsiera kontatzen da, lehen pertsonan. Ondoren datozen Lady Amnesy eta Amnesia anderea kontakizunek ere, bikotea osatzen dute. Ama-alaba batzuen arteko sekretuetan barrena, kontalariak familia-herentziaren pisua esploratuko du, izaera-ezaugarrietan enfokatuz. Basquiat ez da hilotz eta Bestiario galdua dira azken bi ipuinak. Lehenean, begi bistakoa da, artista amerikarrari omenaldia egiten dio idazleak; bestean, berriz, gaztaroko amodio galdu baten hasiera, gailurra eta gainbehera gogoratzen ditu musikari heldu batek. Azken testua da, idazle tolosarrak adierazi bezala, pertsonalena: Kathy, Lydia, Wilma. Erreferente dituen emakumezko artistei aitortza egiten die Ugartek. Azken testu honetan, arteen hibridazioa nabaria da: preseski, Kathy Acker idazlea, Viv Albertine musikaria, edo Lydia Lunch artista multidiziplinarraren itzalak presente daude orrialdeotan zehar.

Edukian eta forman partekatzen dituzten puntuetatik harago, liburuko ipuinetan autore-postura bat jaulkitzen du Ugartek, hainbat bizi-arotan arteekin izandako harremana esploratzen du egileak ariketa autoidentifikatibo batean. Gainera, artea era transbertsalean ulertzen duen idazlea ernetzen da orriotatik. Idazle baino, artista gisa identifikatu daitekeena.

Izaera intimo horrek irakurleari ipuinetako pertsonaiekiko identifikazioa zaildu diezaiokeela badirudi ere, egilearen fantasiarako joerak irakurketa-testu dibertigarria bihurtzen du liburua.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Miren Iriarte, artxiboko irudi batean. ©Gorka Rubio / Foku

Miren Iriarte itzultzailea hil da

Ainhoa Sarasola

Elena Ferranteri eta Fleur Jaeggyri lan bana ekarri zien euskarara, baita euskarazko hainbat lanen gaztelerazko itzulpenak eman ere. Senide eta lagunek gaur eman diote azken agurra, Iruñeko hilerrian.

Mugan musika taldea, disko berria argitaratu baino lehenago. ©PABLO CLEMENTE

Indarrez jantzitako doinu eztiak

Miren Mujika Telleria

Mugan taldeak zazpi kanturekin osatu du 'Bizirik ez bagaude', bere ibilbideko lehen diskoa

Errealitatea eta alegiazko munduak nahasten dira <em>Itsasotik</em> ikuskizunean. ©DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA
Michel Piccoli eta Romy Schneider aktoreak, Sauteten 'Les choses de la vie' filmean (1970). ©Donostiako Zinemaldia

Sauteten hamahiru film bildu ditu Zinemaldiak hari eskainitako zikloan

Leire Perlines Apalategi

Zinemagile eta gidoigile frantsesaren obra aztertuko du jaialdiak aurten, haren atzera begirakoan. Zikloaren osagarri, zuzendariari egindako elkarrizketekin osatutako liburu bat plazaratuko dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...