Koronabirusa

Berrinfekzioak: babes iragankorraren ajea

Behin birusarekin kutsatuta ere, baliteke berriz infektatzea. Iragankorra da organismoak birusari aurre egiteko sortzen duen erantzun immunitarioaren eragina; txertoek sortutakoa denean ere, halaxe. Izurria ulertzeko gakoetako bat da hori.

Diagnostikoa. Erizain bat andre bati antigeno testa egiten. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ion Orzaiz - Arantxa Iraola
2022ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Bigarrenez edo hirugarrenez, positibo. «Entzuna nuen gerta zitekeela, jendea ari zela COVID-19az berriz infektatzen, baina ez nion garrantzi handirik eman. Gero antigeno testa egin nuen, badaezpada, eta hara, positibo». Josu Arenaza oñatiarra 2020ko urrian kutsatu zen lehen aldiz SARS-CoV-2arekin, eta, handik urtebete luzera, berriz bakartu behar izan zuen etxean, bigarrenez positibo eman ostean. Antzeko esperientzia azaldu du Antzuolako bizilagun batek ere, Garazi Kortabarriak: «2020ko urrian izan nuen gaixotasuna, baina, joan den abenduan, herriko jende asko hasi zen kutsatzen; antigeno test bat egin nuen nire kabuz, eta positibo eman nuen bigarrenez». Doneztebeko Maialen Belarrak ere egunotan igaro du bigarren itxialdia: «Erizainari esan nion bigarren aldia nuela COVID-19arekin. Erantzun zidan kasu dezente azaleratzen ari zirela horrelakoak, eta ziurrenik omikron aldaeragatik izanen zela».

Izan ere, izurria zabaldu ahala, eta hainbeste luzatzen ari den heinean, ugaritzen ari dira COVID-19 berrinfekzio kasuak ere. «Berrinfekzioak zera esan nahi du: pertsona bat kutsatu egin dela une jakin batean, bere defentsak aktibatu egin dituela birus horren aurrean, eta handik denbora batera berriro infektatu egin dela». Horra, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Mikrobiologia irakasle Miren Basarasen hitzetan, zer den berrinfekzio bat. «Zergatik gertatzen da hori? Bada, nahiko ohikoa da koronabirusetan, eta beste birus askotan ere bai. Normalean, sortzen dugun immunitatea iragankorra da: ez da bizitza osorako. Horregatik, berrinfekzioak sarritan izaten ditugu, eta badirudi koronabirus honekin ere sortzen dugun immunitatea iragankorra dela: epe batekoa». Bada aintzakotzat hartu beharreko beste aldagai bat ere: birusak etengabeko aldaketan daude. Hain zuzen ere, COVID-19a eragiten duen birusaren hainbat aldaera ezagun egin dira dagoeneko hilabeteotan; aparteko arriskua dutenak dira horiek, baina berez askoz ere gehiago dira, eta aldaeren ugaritasun horrek ere areagotu egiten du berriz infektatzeko arriskua.

«Batzuetan, daukaten baino garrantzi handiagoa ematen diegu gauzei, baina berrinfekzioak oso ohikoak dira», berretsi du Koldo Garcia genetikan doktore eta ikerlariak. «Joera dugu pentsatzeko bigarrenez edo hirugarrenez kutsatzea larriagoa dela, baina ez du zertan horrela izan». Arenaza, Kortabarria eta Belarraren kasuetan, adibidez, berrinfekzioak ez die aparteko arazorik edo sintoma larriagorik eragin. «Katarroaren antzeko zerbait» aipatzen du Arenazak; «egun txar bat» eta «buruko mina» Kortabarriak; eta Belarrak, berriz, «joaten ez zen eztul idor bat». Osaturik daude hirurak jada.

Iragankortasuna izurriaren eboluzioa ulertzeko hitz gakoetako bat da, beraz. «Gure artean orain arte egon diren koronabirusekin ere hori bera gertatu izan da; hotzeriak-eta sortzen dituzten koronabirusek portaera hori bera dute. Berrinfekzioak izaten dira; pertsona batzuetan, sarriago, eta beste batzuetan, gutxiago», azaldu du Basarasek. COVID-19aren kasuan, gero eta ebidentzia gehiagok erakusten dute erantzun immunitarioaren eragina iragankorra dela kasu bietan: bai organismoak bere kasa sortzen duenean, eta baita txertoek eragindakoa denean ere. «Txertoek gehitu egiten dituzte sortzen ditugun defentsa horiek; hau da, nolabait ere, gehikuntza bat da».

Txertoen eraginari begira, jakina da ez direla esterilizatzaileak: ez dute lortzen txertatutakoak ez kutsatzea. Eta sortzen duten erantzun immunitarioa ere ez da betiko, baina balio dute, kasu gehienetan, gaitzaren ondorio larriak eragozteko. Garciak azaldu du horien funtzionamendua: «Gure immunitate sistemak ikasi egiten du birusa antzematen. Behin txertatuta edo infekzioa pasatuta, organismoak badaki zer bilatu behar duen, eta erantzuna arinagoa izan ohi da. Horregatik, txertatuta gaudenon sintomak askoz arinagoak dira gehienetan, gure immunitate sistema aktibatuta dagoelako».

Kutsatzen uztea ez da bidea

Organismoak berez birusen aurrean erantzuteko duen ahalmena argudio hartuta, izurriaren hasieratik egon dira jendea kutsatzen utzi eta immunitate kolektiboa lortzeko proposamenak. COVID-19aren larritasunak berak, horrek osasun sisteman eragingo lukeen kolapsoak, ez ditu bideragarri egin, baina orain berriz atera dira plazara halako iritziak: omikron aldaeraren sintomak arinagoak direla iritzita, hainbat adituk adierazi dute harekin populazio osoa kutsatzea ideia egokia litzatekeela; immunitate orokorra indartzeko era izango litzatekeela argudiatu dute.

Basaras ez dator bat: «Hori esatea arriskutsua da. Alde batetik, omikronen sintomak arinagoak direla esatea zalantzazkoa da. Ez dakigu». Hautu horrek ataka aski zailera eraman ditzake milaka pertsona. Gainera, era horretan lortuko litzatekeen erantzun immunitarioaren eragina ere «iragankorra» litzateke.

Iritzi horrekin bat dator Garcia: «Oraintxe bertan, atrebentzia arriskutsua litzateke. Egia da birusak eragin ditzakeen ondorio larriak eragozten dituztela txertoek, baina, ondorio larri horien proportzioa txikia bada ere, guztiok aldi berean kutsatuko bagina, kopuru absolutuak oso handiak izango lirateke: larri kutsatutako jende asko, eta heriotza asko, ospitaleen eta lehen arretaren kolapsoa...».

Eta bada beste arrisku bat: bidean, birusaren eboluzioan, ondorio larriak ager daitezke: «Izan ere, birusari aukera gehiago emango litzaizkioke erreplikatzeko, ugaltzeko, eta horrek beti ekartzen du birusaren eboluzioa aldatuz joatea, eta gai izan daiteke ihesbide mekanismoak garatzeko, eta erresistenteagoa bihurtzeko». Gainera, Basarasek uste du proposamen horiek geroaren gaineko iragarpen xaloegi batean oinarrituta daudela: «Omikrona izango da azken aldaera? Ez dakigu hori ere».

Txertoen erantzuna

Erantzun immunitarioaren iragankortasuna eta ager daitezkeen aldaera berrien aurrean izan dezaketen erantzun apalagoa. Basarasen iritziz, bi zio horiek ez dira funtsezkoak txertoen bidez egun ematen den babesa gutxiesteko. Aitortu du egun jartzen diren txertoak birusaren lehen aldaerarako prestatu zirela, eta horren ondorioz «eraginkortasuna» urritzen ari dela aldaera berriei aurre egiteko; baina eragina ez da desagertzen: «Eraginkortasuna mantendu egiten da, baita omikron aldaeraren kontra ere».

Garciak gogorarazi du, gainera, txertoen eragina ez dela antigorputzetara mugatzen, eta babes osoagoa eskaintzen dutela: «Badirudi txertoaren hirugarren dosi batek dezente hobetzen duela omikron aldaerarekiko babesa, baina, horrez gain ere, badira beste bide batzuk: T linfozitoen erantzun zelularra, esate baterako. Bi mekanismo horiei esker, gure organismoa gai da birusa antzeman eta erantzun immunea aktibatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.