'Brexit'-a. Europa

Londresekin egindako ituna berriz negoziatzea baztertu du Europako Batzordeak

Europako Batzordeko bozeramaileak akordioa aldatzeko iradokizunak ukatu ditu, baina prest agertu da 'brexit'-a gauzatzeko data atzeratzeko

Michel Barnier Europako brexit-erako negoziatzailea, atzo, Parlamentuan, Estrasburgon. PATRICK SEEGER / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Brusela oso argi mintzatu da brexit-aren itunak izandako zartakoaren biharamunean. Europako Batzordeak marra gorria ezarri du: Erresuma Batuko Gobernuarekin egindako akordioa berriz ere negoziatzea baztertu du. Londresi, bide batez, aurrerantzean zer egingo duen argitzeko eskatu dio. Margaritis Schinas Europako Batzordeko bozeramaileak zehaztu du estatu kideek babestutako testua ez dagoela berriz negoziatzeko moduan: «Erretiratzeko akordioa ez dago berriz ere negoziaziorako zabalik».

Europako Batasunak eta Erresuma Batuko Gobernuak azaroan hitzartutako itunaren etorkizuna kolokan dago orain. Luzea eta nekeza izan da prozesua. Michel Barnier izan da estatu kideen negoziazio taldeko burua, eta, bi urte luze iraun duten elkarrizketen ostean, 585 orrialdeko dokumentu bat adostu zuten bi aldeek, estatu kideek aho batez babestu zutena. Barnierren iritziz, «sormena eta malgutasuna» erakutsi dute bidean, eta oraindik ere hitz egiteko prest daude: «Erresuma Batuak erabakitzen baldin badu etorkizunean marra gorriak aldatzea, handinahi gehiago erakustea eta merkataritza askeko akordio soil batetik haratago joatea, EB berehala egongo da prest bide horretan eskutik joateko eta aldeko erantzun bat emateko».

Barnierrek ituna aldatzeko egindako iradokizunak errezeloak piztu ditu. Schinasek, alde horretatik, kazetarien galderak erantzun behar izan ditu, esanez beti dagoela hitz egiteko prestasuna, baina horrek ez duela esan nahi ituna berriz ere negoziatuko dutenik.

Dataren atzerapena

Erresuma Batua Europako Batasunetik ateratzeko finkatuta dagoen data atzeratzeko aukeraz ere galdetu zioten Schinasi. Eledunak zehaztu du Londresek oraindik ez duela horretarako eskaerarik egin, baina, eskatzen badu, «luzapenaren arrazoiak zehaztuta», erabakia aho batez onartu beharko litzatekeela adierazi du.

Erresuma Batuak, berez, martxoaren 29an utziko lioke estatu kide izateari, baina gauza asko gerta daitezke egun hori iritsi arte. Europako Parlamentuak zein bide hartuko duen argitzeko eskatu dio Londresi. Antonio Tajani Parlamentuko presidenteak irtenbideak «partekatua» izan behar duela adierazi zuen atzo.

Akordiorik gabeko brexit-a gauzatzeaz ere mintzatu dira Europan. Barnierrek berak esan du diputatuek baztertutako ituna lor zitekeen «onena» dela, baina akordiorik gabeko gertakizun baterako ere prestatuta egon behar dela: «Saihestu egin behar dugu jokaleku hori, baina buruargiak izateko ardura daukagu».

Komunen Ganberak akordioari bezperan emandako ezetzak berehalako erreakzioak eragin zituen. Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak bozketa egin eta hogei minutura ohartarazi zuen «erretiratze nahaspilatu bat» gertatzeko aukera handiagoa dela orain. Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak, berriz, ausardia eskatu zion Londresi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.