Txile. Presidentetzarako hauteskundeak

Pinochetek bozkatuko zukeen hautagaia

Jose Antonio Kast eskuin muturreko hautagaiaren helburua da eredu ekonomiko neoliberala sendotzea, diktadura garaiko «segurtasuna» eta «gogorkeria» berrezartzea, familia eredu tradizionala gorestea eta, esan ez arren, gutxiengoak alboratzea.

Jose Antonio Kast presidentagaia, joan den astean, Santiagon, agerraldi batean. ALBERTO VALDES / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Txileko Gobernuko presidente izateko hautagai izan zen Jose Antonio Kast 2017an. «[Augusto] Pinochetek nire alde bozkatuko zukeen, bizirik egongo balitz», bota zuen hauteskundeak baino egun batzuk lehenago, elkarrizketa batean. Pinochet (1915-2006) izan zen Txilen 1973tik 1990era agintean egon zen diktadura militarraren buru; tarte horretan gutxienez 3.000 pertsona hil edo desagerrarazi izanaren erantzule nagusia. Kastek (Santiago, 1966) esaten du «inolaz ere» ezingo lukeela Pinochet torturatzailea defendatu, baina nostalgiaz oroitzen du, are laudatu, orduko gobernu militar errepresiboa. Miguel haren anaia, esaterako, ministroa izan zen garai hartan. Alemaniar jatorria du Kasten familiak, eta haren aita teniente nazi bat izan zen. Bigarren Mundu Gerra bukatuta ihes egin zuen Txilera.

Hamasei urtez Batasun Demokratiko Independentea eskuineko alderdi kontserbadoreko diputatua izan ondoren, duela lau urteko bozetara independente gisa aurkeztu zen Jose Antonio Kast. Botoen %8 besterik ez zuen bereganatu. Egun, ordea, Alderdi Errepublikanoarekin, 2019an berak sortutako indarrarekin, Moneda jauregira iristeko hautagai sendoa da. Eta bide hori egin du Pinocheten sasoiko eredu ekonomiko neoliberala —merkatu librea, jabetza pribatua, zerga gutxiago...— eta orduko «segurtasuna» aldarrikatuz, familia eredu tradizionala goretsiz, eta gutxiengoez ahaztuz, besteak beste.

800dik gora proposamen jaso ditu oinarri programatikoan, eta dokumentuaren 204 orrialdeetan hamaika aldiz aipatzen du ordena kontzeptua. Bihar Diputatuen Ganberarako hauteskundeak ere egingo dituzte, eta Cristian Araya da Alderdi Errepublikanoaren diputatugaietako bat. BERRIAri telefonoz adierazi dionez, Txilek behar duen «gogorkeria» ezarriko luke Kastek gobernuburu izanez gero.

Araya ziur dago Pinocheten nostalgikoek eskuin muturreko hautagaiaren alde bozkatuko dutela. Gogorarazita diktadorea 1998an genozidioa leporatuta atxilotu zutela, konparazio moduko bat eginez erantzun du Alderdi Komunistaren aldekoek Gabriel Boric ezkerreko hautagaiaren, Kasten kontrario nagusiaren alde bozkatuko dutela... Ez du Pinochetez hizketan jarraitu nahi izan. «Gobernu militarra edo diktadura duela 30 urte bukatu zen. Hari buruz hizketan jarraitzen badugu... Argudiorik gabe geratzen denean, ezkerrak Pinochet berpizten du». Apruebo Dignidad ezkerreko koalizioko kideei «progreak» deitzen die.

Programan jaso dutenez, «eskuin tradizionala» da Txilek dituen arazoen erantzuleetako bat. «Abandonatu zuen ideien, kulturaren, sinesmenen mundua». Alderdi Errepublikanoak, berriz, «eskuin berria» gisa aurkezten du bere burua. Espainiako Vox alderdia senidetzat du —«gauza askotan bat egiten dugu»—, eta Kastek aitortu izan du duela bi urte Europan barrena egindako bira batean Italiako Lega alderdi ultrako eta Poloniako gobernu ultra kontserbadoreko ordezkariekin bildu zela; gainera, ez du ezkutatzen Jair Bolsonaro Brasilgo presidentearen adiskidea denik. Hala eta guztiz ere, presidentegaiak ez dauka bere burua eskuin muturrekotzat. «Kastek egia esaten du aurpegira begira; ez du esaten egun batean gauza bat eta hurrengoan kontrakoa [aste honetako telebistako debate batean, bere programan jasotako ideia baten kontra egin zuen]. Ziurtasunez mintzo da», defendatu du diputatugaiak. Eta ezin du ulertu Kast ultratzat hartzea: «Muturrekoa zergatik? Bere aberria maite duelako? Ordena bilatzen duelako?».

Giza eskubide «ustelak»

Programan diote «ustela» dela Txilen indarrean dagoen giza eskubideei buruzko ikuspegia. Kastentzat, Giza Eskubideen Institutu Nazionala itxi egin behar da, ez delako ari betetzen dagokion «helburua». 2010ean ireki zuten, eta Txileko Poliziak, esaterako, erakundearen jardunaren kontra egin du.

Txiletar askorentzat ukiezina den erakunde batez gain, ministerio bat ere kendu nahi du Kastek: Emakumezkoena eta Genero Berdintasunarena, hain zuzen. Arayaren arabera, Garapen Sozialerako Ministerioan integratu nahi dute. «Zaurgarrienen, injustizien biktima direnen alde egin nahi dugu». Hainbat adituk kezka agertu dute, eta nabarmendu genero ikuspegia politika publikoetatik kenduz gero emakumezkoak, subjektu politiko gisa, desagertu egingo liratekeela Txilen. Arayari horri buruz galdetuta, «progreei» heldu die berriro: «Uste dute ministerioak sortuta zerbait konponduko dutela. Feminizidioak deitutakoei ez zaie adierazpenekin aurre egiten, gogor izanez baizik». Kastek, era berean, abortuaren legea indargabetzeko konpromisoa hartu du.

Gutxiengoei dagokienez, programan ez dago jasota, adibidez, LGBTI kolektiboarentzako debeku zehatzik, baina argi dago asmoa ez dela, inondik ere, aurrerapausoak ematea diskriminazioen aurkako borrokan.

Maputxeak herrialdeko gutxiengo etniko bat dira, eta Sebastian Piñera Txileko presidenteak militarizatua dauka haien lurraldea, Araucania eskualdea, eta han salbuespen egoera du ezarria, argudiatuta modu horretan «terrorismoari hobeto» aurre egin ahal zaiola. Kastek ez du proposatzen konponbiderik. Esaterako, Lege Indigena, indigenen babesa, garapena eta sustapena aintzat hartzen dituena, «gainbegiratu» egin nahi du; eta ez da izango printzipio horiek bultzatzeko.

Migrazioari buruzko hamar planteamendu eginez ixten du programa eskuin muturreko presidentegaiak. 8.000 kilometro dituen mugan «kontrol eraginkorrak» egin nahi ditu; hau da, militarizatu. Txilera papergabe asko iristen ari dira. Arayarentzat, «Venezuelako diktadura» eta Latinoamerikako ezkerreko «gobernu txarrak» dira migrazio horren erantzuleak, «beren herrialdeak txirotuta» dauzkatelako. Diputatugaiak ez du aipatu, berriz, orain dela bi urte Txilen gertatutako eztanda soziala eragin zutela herrialdean oso nabarmenak diren desberdintasun sozialek, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.