Greziako hauteskundeak. Herritarren iritzia

Sistema zaharraren itzulera

Desagertu dira duela lau urte Syrizak piztu zituen esperantzak. Inkestek diote bozetan Demokrazia Berria izango dela garaile, krisiaren osteko erreformarik bortitzenak bultzatu zituen alderdia. Nola azaltzen dute greziarrek bira hori?

Gazte andana bat Atenas hiriburuaren erdiguneko terraza batzuetan. EMMA PONS VALLS / EFE.
Ane irazabal
Atenas
2019ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Demokrazia Berria! Demokrazia Berria!». Akropoliaren azpian, oihu artean jaso dute Kyriakos Mitsotakis, biharko boz orokorretako faboritoa. Buruzagi kontserbadoreak egun bat aurreratu du bozetako azken mitina. «Badaki bozak irabaziko dituela. Beraz, ez du ekitaldia Tsiprasen egun berean egin nahi», uste du Filippos izeneko agureak.

Agertokiaren inguruan milaka pertsona elkartu dira. Gehienek 50 urtetik gorako erdiko klasea ordezkatzen dute. «[Alexis] Tsipras hutsegite galanta izan da. Aitortuko dizut duela lau urte haren alde bozkatu nuela. Arazoa da gugan, erdiko klasean, deskargatu duela presio fiskala; jasangaitza bihurtu da», azaldu du Candra izeneko erretiratu batek: «Mitsotakis ez da establishment-a; are gehiago, gazte belaunaldi berria ordezkatzen du».

Aurpegi berria, alderdi berritua. Mitsotakis lelo argi batekin aurkeztu da biharko bozetara. Alderdi kontserbadoreko liderrak politikariz beteriko familia ospetsu bat ordezkatzen du; haren aita, Constantinos Mitsotakis, Greziako lehen ministro izan zen 1990 eta 1993 artean. Baina ez du axola. Eskuineko hautagaiak eraberritze politikoa aldarrikatuz josi du bere irudia.

Akropolitik metro gutxira, Syntagma plazan, Syriza alderdiko kideak Tsipras lehen ministroaren mitina antolatzen ari dira. Agertokiaren ondoan, bideo batek gobernuaren lorpenak azaltzen ditu. Metro geltokitik ateratzen diren herritarrek ez dute kasurik ere egiten. «Gogorra irudituko zaizu, baina igandean nahiago dut hondartzara joan bozkatzera baino», onartu du Sophie izeneko arkitektura ikasle batek. Gazte greziarrak adierazi du aurreko aldian Syrizari eman ziola botoa: «Nire lehen aldia izan zen, eta harro sentitu nintzen. Lau urte pasatu dira, eta pixka bat galduta nago», gehitu du.

Inkestek diote Tsiprasek hauteskundeak galduko dituela, hain justu Greziak azken urtetako datu ekonomikorik onenak izan dituenean. Erreskateen garaia amaitu da, langabezia tasa %27tik %18ra jaitsi da, eta Syrizak galga ezarri dio krisi humanitarioari. Zertara dator, orduan, herritarren zigorra? Theano Fotiu Greziako Gizarte Segurantzako ministroak honela ikusten du egoera: «Greziarren artean amnesia antzeko bat nagusitu da. Herritar askok ahaztu egin dute 2008tik 2015era pairatu genuen epe katastrofikoa. Are, ez dute gogoratu nahi Demokrazia Berriak egin zituela murrizketarik gogorrenak; 2015. urtetik aurrerakoa bakarrik epaitzen dute».

Fotiuren ustez, hedabide tradizionalek kanpaina bortitza egin dute Syrizaren aurka: «Alde guztietatik eman digute». Baina Gizarte Segurantzako ministroak irizten dio bere gobernuak autokritika ere egin beharko lukeela: «Hain kontzentratuta egon gara Grezia zulotik ateratzen, kontaktua galdu baitugu plazekin. Herritarrekin geneukan harreman horizontala ahaztu dugu».

Halarik ere, Fotiu ez da ezkor agertzen: «Tsiprasek gaitasun handia dauka azken unean arduraren botoa mobilizatzeko».

Kaleko iritziak

Kalean, ordea, etsipena sumatzen da. 2015eko urtarrilean arnasten ziren ilusioa eta esperantza desagertu egin dira. Syntagmatik kilometro gutxira, Yanis Varufakis Finantza ministro ohiak hauteskundeetako azken mitina antolatu du. Ekonomialariaren Mera25 Desobedientzia Errealistaren Fronte Europarra alderdia Syrizaren alternatiba gisa aurkeztu da biharko bozetara.

«Guk ez diegu traizio egin ezker erradikalaren balioei. Syrizak amore eman zuen, eta Europako Batasunaren erreskate planari men egin zion», esan du Erik Godman hautagaiak. Varufakisek hamar diputatu lor ditzake parlamentuan; gehienak, Syrizaren boto emaile ohiak. «Ez dit beldurrik ematen ezkerraren banaketak. Azken finean, gu gara ezkerreko alderdi bakarra. Tsiprasek lagun gehiago ditu Bruselan Grezian baino», iruditzen zaio Yannis deituriko ekintzaile bati.

Ikasleak eta gazteak giltzarriak izan ziren duela lau urteko Syrizaren garaipenean. Ez da gutxiagorako. Azken hamar urteotan, milioi erdi gaztek egin dute alde herrialdetik etorkizun duin baten bila. Askorentzat, Tsiprasen alderdiak norberaren herrialdetik ez joateko esperantza islatu zuen. «Lau urte bakarrik pasatu dira, eta epe hori ez da nahikoa politika erradikalak gizartean ondo errotzeko. Syrizak behintzat ahalegin bat egin du. Historiak justizia egingo dio Tsiprasi», uste du Sandrak diseinu grafikoko ikasleak.

Atenasko Unibertsitate Politeknikoa hamaika borrokaren sinbolo da. 1973an, bertan hasi zen diktadura militarraren erorketa bultzatu zuen ikasleen errebolta. Gaur egun, grafitiz eta pankartaz josita dago. Ikasturtea amaitu da, eta ikasleak oporretara joan dira. Biharko hauteskundeetako metafora, agian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.